Azken gertakariez

Ane Alava, Manu Martinez eta Txomin Aiartza
2022ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Asteburuan Donostian gertatutako erasoak direla eta sortutako eztabaiden harira eta gertakarien larritasuna dela medio, ezinbestekoa ikusten dugu hainbat elementu mahaigaineratzea.

Sareetan eta ahoz aho zabaldutako errelato interesatuaren baitan, garrantzitsua iruditzen zaigu azken asteetan gertatutakoaren gaineko argipenak ematea: pasa den astean, Donostiako Alde Zaharreko Kijera gaztetxetik herri mugimenduaren materiala lapurtu zuten GKSko hainbat militantek. Horren aurrean, Gazte Asanblada bildu, eta egindakoa zuzentzeko eskatu zitzaien; hauek entzungor egin zuten. Testuinguru horretan Gazte Asanbladak kide horiek kanporatu zituen. Hurrengo egunetan tentsioak gora egin zuen, larunbatean GKSk modu antolatuan auzoari eraso egin eta auzokideak jipoitzeraino.

Herri mugimenduaren aurkako erasoak dira azken egunetako mehatxu eta jipoiak. Nahiz eta azken egunetakoak ez diren Euskal Herrian izandako eraso bakarrak izan, gu guztiok haien asmo politiko propio eta partikularretara makurrarazteko biolentzia antolatua erabiltzeko jauzia egin dute.

Bestetik, GKSren azken irakurketa eta agerraldian agerikoa da fokua desbideratzeko ahalegina. Egindakoaren (lapurretak eta jipoiak) erantzukizunik hartu nahi ez duten arren, onartezina da gertatutakoa, baita ez ikusiarena egitea ere. Onartezina da herri mugimenduaren aurka biolentzia antolatua erabiltzea. Eta are larriagoa da gertakari horietatik etekin politikoa atera nahian erabiltzen ari diren errelatoa eta diskurtsoa. Gainera, EH Bildu eta Sortu interpelatzea hauek daukaten foku mediatikoaz aprobetxatzea da, GKSren diskurtsoa hedatzeko eta Ezker Abertzalea higatzeko.

Zentzugabea da eta guztiz lekuz kanpo dago horrelako jokamoldeak erabiltzea auzoarentzat lanean dabiltzan bizilagunen aurka. Asmo argi batekin jarduten dute: haien korporatibismoa indartzea, horretarako edonoren eta edozeren gainetik pasa behar badute ere komunismoaren banderaren aitzakiapean. Horrelako jokamoldeek ez dute lekurik gure herri eta auzoetan.

Arriskutsua eta arduratzekoa iruditzen zaigu GKSk darabilen mehatxuen dinamika. Egoera hobetze bidean ez dute negoziatzera deitzen, marra gorrien atzean ezkutatutako xantaia egin baizik. Horrelako jarreretatik kanpo kokatzen dugu geure burua. Jazotako gertakarien aurrean dagokien ardura hartu behar dute; biolentzia antolatuak ez du inolako justifikaziorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.