Triptonizatu zaitez!

Estitxu Villamor eta Uzuri Albizu Mallea
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
«Gaur, egun paregabea da zu zeu izatera bueltatzeko! Burmuineko triptofano eta magnesio mailak igota, funtzionamendu psikologiko egokia izango duzu berriz! Biba aldarte ona! Triptonizatu zaitez!», dio antidepresibo ezagun baten iragarkiak. Interneten bilaketa azkar bat eginda jakin dugu triptofanoak ez duela aldarte aldaketekin inolako zerikusirik eta, hortaz, nekez sendatuko duela depresiorik. Alabaina, farmazia askotan produktu salduenetakoa omen da botika hori.

Publizitate kanpaina horren diseinatzaileak ez dira diskurtso zientifikoa bere mesedetara erabiltzen lehenak, marketinaren mundua zientziaz mozorrotutako engainuz josita baitago. Komunikabideetan, oro har, nahieran aurki daitezke tankerako timo zientifiko desinformatzaileak: manipulatutako irudikapen grafikoak, datu estatistiko desegokiak...

Izan ere, ukitu zientifikoek sinesgarritasuna eta ikusgarritasuna ematen diote esan nahi dugun horri. Hain da horrela, ze zientzia hegemonikoa kritikatzen duten korronteek ere argudio zientifikoak erabiltzen baitituzte euren diskurtsoa indartzeko. Kreazionistek, adibidez, termodinamikaren bigarren printzipioa akuilu hartuta egin ohi diote aurka Darwinen eboluzionismoari. Medikuntza kuantikoaren defendatzaileek, kuantiko izenondoaren bitartez, beraien proposamenen eta fisika kuantikoaren arteko lotura bat iradoki nahi digute. Egotearren, badago energia ezerezetik sortzen duten makinen existentziaz mintzo denik ere!

«Zientziari dagokionez, pertsona bakarraren arrazoiketa xume batek gehiago balio du milaren aginpideak baino», baieztatu zuen Galileok. Zientziaren egiak ez daude, baina, Galileok esan bezain deslotuta gizartea egikaritzen duten botere-harremanetatik. Izan ere, estatuek gorputzak kontrolatzeko bitartekaritzat erabili dute, sortu zenez geroztik, zientzia modernoa. Horren adibidetzat har daiteke, besteak beste, XVI. eta XVII. mendeetako obstetriziaren maskulinizazioa.

Garai hartan, agintariak kezkatuta zeuden biztanleria-ratio nahi baino baxuagoekin: bioboterearen inguruko kezkak elkarbanatzen hasiak ziren; lanaren, biztanleriaren eta aberastasunak metatzearen arteko erlazioari buruz hausnartzen. Nazioaren aberastasuna biztanleria handiarekin lotuta zegoelako susmoa zuten. Bitartean, Descartesen teorizazioei jarraikiz, gorputza makinarekiko analogiaz deskribatzen zuten garai hartako zientzialariek: gorputza izate mekaniko bat zen, sentitzeko, jakiteko edo desiratzeko gaitasunik gabea, kontrol mekanismoen bitartez lan eginarazi beharrekoa. Horrez gain, gizakien patua bakoitzaren baldintza naturalek determinatutakoa izan behar zela ere baieztatzen zuten. Horrek guztiak gorputzen genitalizazioa ekarri zuen, eta diskurtso zientifikoak emakumeak utero bilakatu zituen, umeak seriean produzituko eta zainduko zituen makina. Makinak lanean jartzeko, emakumeek erreprodukzioaren gainean zeukaten kontrol oro deuseztatu beharra zegoen, ordea. Horretarako, erditzean amagaiaren inguruan bildu ohi zen emakumeen komunitatea erditze-gelatik kanporatu zuten, aurka egiten zuen oro sutan errez. Hala, obstetrizia gizonezkoen esku utzi zuen estatuak.

Urteak, hamarkadak eta mendeak pasatu dira harrezkero, baina biomedikuntzak jarraitzen du gorputzak kontrolatzen, normala zer den eta zer ez ebatziz, eta diskurtso zientifikoak jarraitzen du izaten, orobat, engainurako eta manipulaziorako tresna. Halaber, gorputzek lan-makina primario izaten jarraitzen dute. Izan ere, Bigarren Mundu Gerraren ostean, garapen teknologikoaren aldeko apustua egin zuten mundu luze-zabaleko agintariek, eta erabaki horrek derrigorrezko hezkuntzaren ezarpena ekarri zuen, lan-indar kualifikatuagoa eskatzen baitzuten erronka teknologiko berriek. Hori dela eta, urte luzeak pasatzen ditugu eskolan zientzia ikasten, pertsona konpetitibo eta enpresen beharrei egokituak formatzeko funtsezkotzat baitaukate estatuek alfabetatze zientifikoa.

Pertsonak lehiakortasunean heztearen aldarriarekin bat ez egiteak kultura zientifikoaren transmisioari lehentasunik ez ematera eraman ditu ezkerreko mugimenduak maiz. Alabaina, «irakurtzen eta idazten ez dakien herri bat manipulatzen errazagoa da», esan zuen Che Guevarak behinola, eta, informazioa sortzea, prozesatzea eta transmititzea produktibitate- eta botere-iturri nagusi diren garaiotan, irakurtzen eta idazten jakitea bezain garrantzitsua bilakatu da alfabetatze zientifikoa. Izan ere, diskurtsoak ebaluatzeko eta errealitatearen bestelako irakurketak garatzeko nahitaezko erreminta da, egun, zientzia.

«Ugazabaren tresneriak nekez eraitsiko du ugazabaren etxea», bota zuen Audre Lorde idazle afro-amerikarrak, eta ez zitzaion arrazoirik falta. Ezin dugu ahaztu, baina, jardun zientifikoa jarduera soziala den heinean, egiten duen horrek erabaki ditzakeela, neurri handi batean, bere zientziaren norabidea eta norantza. Izan gaitezen, beraz, subjektu zientifiko; egin dezagun burujabe egingo gaituen zientzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.