Mexiko, infernu ekologiko

Julia Martí Comas, Mikel Otero Gabirondo, Iñaki Barcena Hinojal
2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Euskal jendartean eta gure komunikabideen narratiba soziopolitikoan ezagunak dira Emiliano Zapata eta zapatismo berria, narkoen cartel-ak edota PRI eta PAN-en gobernuen ustelkeriak, herri indigenak eta Hego eta Erdialdeko Amerikako migranteen pairamen eta zapalkuntzak ere, dudarik gabe. Ez dira ezagutzen, aldiz, neoliberalismoaren poderioz, NAFTA edo Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Akordioa (1994) eta Europar Batasunarekikoa (1997) sinatuz gero sortu ziren «paradisu industrialen» errealitate kutsakor, itolarri eta hilkorrak.

Duela hilabete batzuk Mexikoko ANAM-ek (Asamblea Nacional de Afectados Ambientales ) eta Amsterdam-eko Transnational Institute-k (TNI) gonbita egin ziguten Ozeano Baretik Kariberaino, 1.500 kilometroko karabana batean parte hartzeko, #toxicTour izenekoa. Hasieratik, helburu zehatz batzuk markatuta zeuden. Lehenik, egoera tamalgarri hau ikusaraztea, eta bi, aukeratutako sei toki/gune kutsatu horietako dokumentazioa eta ebidentziak biltzea, ikerlarien eta bertoko mediku eta toxikologoen laguntzarekin. Hirugarrenez, Mexikoko intituzioei eta Europako zein AEBetako enpresa multinazional eta instituzio politikoen aurrean salaketak eta presio egitea, etika eta legez kanpoko jarduera industrial pozoitsuak geldi ditzaten. Asmo horiekin, 40 lagun, Europako, AEBetako eta Gazteizko parlamentariak, akademiko eta ikerlariak zein Mexiko, Argentina, Kolonbia, Alemania, Irlanda, Catalunya eta Euskal Herriko ekologistak, Irizar markako autobus batean ibili gara 2019ko abenduaren 2tik 9ra. Bukaeran, Mexikoko hirian, ikusi, ikasi eta bizitakoaren berri komunikabideen eta Victor Manuel Toledo ingurumen ministroaren aurrean aditzera eman genuen. Egia esan, Mexiko barrenean lortutako oihartzun mediatikoa nabarmena izan da eta bisitatu ditugun komunitateetako lagunek egindako ahalegina eskertu digute.

#ToxicTour karabanak 1.500 kilometroko ibilbidea izan du, 7 estatu federal zeharkatuz eta ingurumen, osasun eta jendartean arazo bereziak eragin dituzten sei eremu aztertuz. Jaliscoko Santiago ibaitik, non gai kimikoen pilaketa eta pertsonen pozoinketa ikusi genuen. Guanajuatora joan ginen, bertatik bertara akuiferoen gainesplotazioaren ondorioz fluoruro eta arsenikoaren kutsadura hilkorra dagoen eremua ikustera. Handik Hidalgoko Mezquital bailarara, non industria kutsatzaileen metaketak (Mexiko hiriko ur-zikinak, zementua, mehatzaritza, findegia, fueloilezko termoelektrikak etab.) egoera ikaragarria sortu duen. Bertako hautsak, keak eta usainak jasanezinak dira, baina min ematen du entzuteak nola Cargill enpresak akuiferoari zuzenean 8 tutuetatik ura ateratzen dion bitartean, herritarrek hiru egunez behin, ura txorrotean ordu eta erdiz bakarrik jasotzen duten. Ekialderago, Tlaxcala eta Pueblan, Atoyac ibaiaren arro osoa hil dute kontrolik gabeko isuri industrialen ondorioz. Eragileak? Volkswagen bezalako enpresa handientzako lan egiten duten milaka enpresen isurteak, baita hainbat euskal enpresenak ere. Veracruzeko Coatzacoalcosen amaitu zen tourra, petrolio mexikarraren erdigunea, findegien gunea, coke hauts hilkorraren gunea. Mamu-hiri honetan ez dabil inor kalean gabaz, narkoaren erresuma da, biolentzia anitzen eremua. Gabaz ikusi genuen bakarra izan zen armaz jositako polizia edo AEBetara bidean doazen dozenaka migratzaileen presentzia, kale gorrian lo egiten.

Arazoak metatzen doaz, eta dagoeneko atzerrian ezagunak diren egiturazko biolentzia mota ezberdinez haratago (emakumeen aurka, migratzaileen aurka, indigenen aurka edo narkoa bera), ingurumen esparruko biolentzia gainezartzen da, besteek baino gehiago hiltzen duena, mantsoago bada ere. Ingurumenarekin lotutako bortizkeria besteekin batera iristen dela esango genuke, narkoak erresistentziak txikitzen baititu azken industria, obra, proiektua onartzen ez duten herritarren aurka oldartuz. Edo emakumeen salerosketa egiten du industrialdeetako langileen sexu nahiak asetzeko helburuarekin. Edo indigenen lurretan derrigorrezkoak diren kontsultak baldintzatzen ditu proiektuak onartuak izan daitezen. Finean, ingurumen bortizkeria sistematikoki ezkuta badaiteke ere, ehunka milaka kasu daude giltzurrun gaixotasun edota mota desberdinetako minibiziena. Baita pozoiketa neurotoxikoak eragindako gaitasun mentalaren atzerapen kasu ugariak ere. Esaldi batean laburbiltzearren, ingurumen ikuspuntutik sakrifizio eremuak dira, non ingurumen genozidio batez hitz egiten hasi beharrean gauden.

Euskal Herritik ere egoera honen erantzukizuna dugu. Eusko Jaurlaritzak enpresak nazioartekotzeko herrialde estrategikotzat du Mexiko. Konpromiso politiko honek, Mexikok bizi duen gizarte eta ingurumen errealitatea apaintzen du, eta azteken herrialdean gertatzen diren giza eta ingurumen eskubideen urraketa sistematikoak ezkutatzen ditu, korporazio transnazionalen onurarako. Euskal exekutiboak Mexikora egindako etengabeko bisita diplomatikoetan negozioen aldeko baldintzak nabarmentzen dira beti, baina ez dira inolaz ere kontuan hartzen lan egiteko baldintzak eta arriskuak, lurraldearen defentsan dihardutenen kriminalizazio eta erailketak, sindikatu eta lan eskubideen gutxiespena eta ingurumen araudi eta kontrol eskasak.

Premiazkoa dugu erakundeek, enpresek eta gizarte zibilak konpromisoa hartzea egoera honi amaiera emateko. Legalitatea errespetatzearen diskurtsoa ez da nahikoa. Ezartzen diren herrialdeko legeak eta araudiak errespetatzeaz gain, ezinbestekoa dugu euskal enpresen jarduerek giza eta ingurumen eskubideak urratzen edo suntsitzen ez dituztela ziurtatzea. Horregatik, bai erakundeek bai gizarte zibilak atzerrian dauden euskal enpresen jarduera kontrolatu beharko lukete, giza eskubideak urratzen ez dituztela bermatzeko eta kontrakoan legezko neurriak har ditzaten. Era berean, Enpresa Nazioartekotzeko Politikak koherenteak izan beharko lirateke giza eskubideen defentsarekin eta Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen ingurumen larrialdia aitortzearekin. «Infernu industrialak» deitutako guneetanezartzen diren enpresei ezin zaie finantza- edo laguntza teknikorikeman.

Horretarako, urrats eredugarri bat da «EHk Kapitalari Planto» kanpainan bildutako erakunde politiko, sozial eta sindikalek egindako konpromisoa, euskal enpresek gure lurraldean eta atzerrian sortutako inpaktuak salatzeko eta ikusarazteko. Eta batera, enpresa multinazionalen eraginen aurka eta merkataritza eta inbertsio itunen kontrako nazioarteko aliantzak ehunduz. Mexikon dugu adibidea, hantxe ageri baitira ondoriorik larrienak, desrregulazioaren eta merkataritza «aske» baten bidez, herrialde baten «bizitza» suntsitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.