Komunitateen botoen indarra AEBetan

2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Joe Biden izango da potentzia amerikarraren 46. presidentea. Garaipena, ordea, ez da desiratutako olatu urdina izan, Donald Trumpek 2016an baino zazpi miloi boto gehiago atera ditu eta. Presidentetza hauteskundeez harago, Kongresurako, Senaturako edo hainbat parlamentutarako demokraten emaitzak espero baino eskasagoak izan dira. Kritika hauek, Alderdi Demokrataren establishment-a, ardura partiduaren ezkerrarengan jartzera eraman dute. Eta aurrekoak Alderdi Demokrataren garaipenaren ahulezia azpimarratzera eraman ditu hainbat ezkerreko analista. Izan ere, datozen urteetan errepublikanoen pisua handia izango da instituzioetan, blokeorako indarra handia izanik.

Horrela izan ote da? Abiapuntu gordin hau aintzat hartuta, emaitzei buruzko irakurketa bi galderatatik abiatuko nuke: Zergatik eman diote komunitate afro-amerikarrak eta latinoak botoa Jon Bideni? Zergatik izan dira hautatuak hautagai aurrerakoienak?

Obamaren bigarren legealdiak eta Trumpen gobernu urteek herri mugimendu plurala eta komunitate beltzaren, latinoaren eta indiarraren antolaketa indartzea ekarri dute. AEBetako mugimendu aurrerakoien arragoa ezaguna zen. Baina azken urteetan, eta batez ere 2011ko Occupy Wall Street mugimenduak egindako lanaren ondoren, Baldwin, Creshaw, Douglas,T-Ta Nhisi Coates edota Saul Alinskyren ideia nagusiek predikamendu handia lortu dute eta community organizing metodoak bide egin du, herri mugimenduen ekosistema aberastuz.

Komunitate hauen zutabea antolaketa da, eta horren muina, gai jakin baten erantzutetik harago, komunitateko kideen ahalduntzea da. Jendearen oinarrizko beharrei erantzuten laguntzeko, pertsonen arteko kezkak eta arazoak konektatzeko manereibegiratzen diete, erreferentzialitatea komunitatean jarriz, eta, bide batez, komunitatea eta boterea eraikiz. Era horretan, arazoak eraikuntza prozesurako tresnak bilakatzen dira eta komunitatea antolatzen eta eratzen doa.

Black Lives Matter (BLM) eta Lucha mugimenduak aurrekoaren adibide izan daitezke. Lehena afro-amerikar komunitateari zuzentzen zaio, eta bigarrena, latino komunitateari, eta, desberdinak izanagatik, biek euren jendea antolatzeari ekin, eta eskala ezberdinetan botere politikoa eraiki dute mugimenduak deshierarkizatuz, kolektibizatuz eta lidergo ez-patriarkalak sortuz. Horretarako, euren aurkako basakeria poliziala salatzeaz gain eta eskubide zibilen aldeko borrokari jarraitutasuna ematearekin batera,erdigunean jarri dituzte duintasuna eta jendearen bizitzaren balioa. «Kolorea —zioen James Baldwin idazle eta aktibistak— ez da giza errealitate bat, ez eta errealitate pertsonal bat: kolorea errealitate politikoa da».

Horregatik, mugimendu horiek ikusarazi eta izendatu dute beltzen, indiarren edo latinoen zapalkuntza zurien boterearen oinarria dela, edo, bestela esanda, zurien nagusitasuna iraunkortzen duen aberastasunaren oinarria. Hain zuzen, horien aurka batera borrokatzen ari dira, Ezra Kleineren hitzetan, «elkartasun multietnikoa»artikulatuz. Udako mobilizazio erraldoiak horren adibide dira.

Antolakuntza komunitario horrekez du epe motzera emaitzarik emango, edo ez ditu gure ohiko parametroetan neurgarri diren emaitzak izango, edo ez dakigu horiek gure ohiko betaurrekoekin ikusten… baina prozesu horretan jendea politizatzen ari da, espazio askotan. Hori dela eta, oso adierazgarria izan da azken hauteskundeetan komunitate horien lana bozkatu ahal izateko, bozkatua izateko —Cori Bush, BLMko bozeramailearen kasua—, eta hauteskunde sistema bidegabearen aurka pertsona bat, boto bat ideia zabaltzeko. Ildo honetan, arrazializatuek hauteskundeetan botoa ematea bultzatu du, aurrekaririk gabeko boto igoera lortuz, latinoen aldetik bereziki.Aitzitik, 2016tik hona estatubatuar zurien boto kopurua apenas handitu den.

Trump geratzea zen helburua. Halaber, komunitate hauek Biden edo alderdi demokrataren aldaketarako borondateaz baino, bere bozkaren indarraz jabe dira. Nola ulertu bestela BLMk beltzekiko hartu beharreko konpromisoak eztabaidatzeko Biden eta Kamala Harrisi eskatu dien bilera? Edo boto latinoaren garrantzia hegoaldeko zenbait estatutan gehiengo errepublikanoa aldatzeko?

Matt Karpek Jakobin aldizkarian zioen Bernie Sandersen proiektua XXI. mendeko ezkerreko gertakizunik inportanteetariko bat izan zela. Haatik, bost urtetan zehar alderdiko establishment-aren kontrako gerla burutu ondoren,demokrata sozialistak bere hautagaitza erretiratu behar izan zuen. Alderdiaren egitura elitistak politikari demokraten kontrola segurtatzeaz gain, primarioetako prozesuaren gainean eskua badu ere, Alderdi Demokrataren barruan gehiengo sozialdemokratarik ez egotea da arazoa. Eta gehiengo hori gabe aldaketak denbora luzea beharko du; hala nola gizarte amerikarrean hainbat zailtasun gainditu beharko dira: langile klasearen aldaketa, besteak beste.

Agian, bide horretan, Sandersen lorpenik handiena AEBetako sozialismo demokrataren aldeko mugimendu indartsu bat lortu izana eta ezker indartsuago bat uztea izan da.

Norabide horretan eta elite demokrataren iritziaren kontra, interesgarria izan da demokrata sozialisten aztarna, kanpainan eta horretatik at:krisi klimatikoa, oinarrizko soldata, osasungintza... Baina, era berean, urteetan zehar politika ulertzeko eta jendearekin egon eta entzuteko manera, herri mugimenduarekin egindako lan osagarria... Ez dira harritzekoak, beraz, hautagai demokrata sozialistek lorturiko emaitza onak. Eta the squad deitzen den emakume laukotea horren adibidea da. Kalea eta instituzioak berriro eztabaidaren bidegurutzean daude eta nork daki alderdi demokrataren barruan ez ote den ideien lehia zabalduko, Trumpismoa ez baita ur epeletan disolbatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.