Metro Bilbao eta euskararen endekapena

2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Hogeita bost urte bete berri ditu Metro Bilbaok. Bilbotarrek (eta Bilbao aldekoek) harro erakusteko moduko garraiobide modernoa izatea lortu du metroak eta hori ez da gutxi. Eta gutxi dira, gainera, metroari atera diezaizkiokegun akatsak. Nik, aukeran, metro isilagoa eta ondokoarekiko errespetutsuagoa nahiago nuke. Builatsuegia da nire gustu eta beharrizan pertsonalerako. Badauka metroak, alabaina, gutxik antzemango zioten akats lazgarri bat: geltokien izenen tratamendu linguistiko desnormalizatzailea. Deformazio profesionalaren ajea izango dut hau, jakina. Ez noa metroak dituen 49 geltokien izenak banan-banan xehetzera, nire eguneroko ibilbidean irakurtzen eta entzuten ditudanetara mugatuko dut hausnarketa.

1.- Zazpikaleak / Casco Viejo. Deigarria da euskal izenaren hautua,Siete Calles baitugu herri tradiziokoa eta ez Zazpi Kaleak. Azken izen hori apenas erabili izan den, ez ahoz ez idatziz. Gabriel Arestik eta beste inork gutxik erabili izan dute oso-oso bakanka. Erdaraz Sietecalles idazten ez dugun bezala, Zazpikaleak ez genuke idatzi beharko. Izenak bi unitate foniko dauzka, bozgorailuetatik argi eta garbi entzuten den bezala. Beste kontu bat litzateke izena Zazpikale edo Zazpikaleta balitz.

2.- Moyua. Frankistek Bilbao hartu eta hilabete eta erdira, udal funtzionarioen purgarekin batera izendegiarena ere abian jarria zen. 1937ko abuztuaren 5eko udal bilkuran erabaki zuten plaza enblematiko eliptiko honi izena aldatzea: «Como Bilbao, al igual que las demás capitales de España, debe dedicar el merecido homenaje a las figuras gloriosas del Movimiento Salvador de la Patria, a sus precursores, a las Regiones que más se han destacado en el sacrificio y a las Naciones amigas y hermanas de Cruzada, puestas del lado Nacional español desde el principio de la guerra civil…». Hiriko alkatea izan zen Federico Moyúaz bakoitzak izan dezakeen iritzia gorabehera, plazak bazuen usadioko izen egokia, aldaketaren mozioan bertan edo Bilbaoturismo.com webgune ofizialean irakur daitekeen bezala: «bilbotarrek ezagutzen duten bezala, plaza eliptikoa». Izen herritar bat berreskuratzeko beste aukera galdu bat! Eta izenari eustekotan, ortografia zuzenari eustea da eskatu beharreko gutxiena: Moyúa. Azentu eta tildeekin badu konplexu nabaria metroaren geltokien izenak ezarri dituenak, geroxeago ikusiko dugun bezala.

3.- Santimami / San Mamés. Oraingoan metroa baliatu dute ofizialtasuna txuliatzeko tranpolin gisa. Euskarazko izenak «bere bidea egina» duela esango dute aurrerago, izena belarrietatik eta begietatik subliminalki inokulatu eta gero. Bidaiariek Santimami jatorrizko izen berreskuratua dela pentsatuko dute, izenaz inoiz pentsatzen jartzera, baina egia bakarra da hutsetik asmatutako izena dela, ez idatziz ez ahoztradiziorik mendreena ere ez duena.

4.- San Ignazio. Auzo izen hau ere frankismoan jarria da. Auzoa egiteko baserri asko inkautatu ziren eta bertako auzo, baserri eta bestelakoen izenek izen arrotzei bide eman zieten. Bidegabekeria hura konpondu beharrean, zuritu besterik ez dute egin, izen frankista euskal grafiaz disimulatuta. Zertarako grafia aldatu, bozgorailuetatik erdaraz ahoskatzen badute?

5.- Kabiezes. Aurreragoko geltokia da baina hau trenak duen eta hemen banatzen diren bi helmugetako bat izanik, hemen aurreratzen digute. Ez gara sartuko izenaren idazkeraren auzi diskutigarrian baina historikoki erdara hutsezkoa izan den eremu bateko izena euskal grafiaz idaztea erabaki bada, kontzekuenteak izan gaitezen eta euskaraz ahoska dezagun. Bozgorailuetatik, San Ignazio bezala, euskarak arrotza duen /?/ soinu hortzartekariaz ahoskatzen digute. Berriro ere konplexua edota begietarako bazka, gure hizkuntz konbikzioen engainagarri.

6.- Gurutzeta/Cruces. Gurutzeta izenak 100 urte bete ditu aurtengoan. Kalexka baten izena besterik ez zen orduan, gerora Cruces auzoaren jatorrizko izena zela argudiatuta berreskuratua. Krutzeta zen auzoaren benetako izena, dokumentazio zaharrean ondo testatua. Beste aukera galdu bat.

7.- Ansio. Geltoki honetan, berriro ere, bozgorailuetatik entzuten dena erdarara makurtzen da. Euskaraz hiru silabatan ahoskatu behar dena, erdararen arauz bitan ahozkatzen dute, euskarak berezkoa duen ezaugarri fonetikorik behinenetako bat desagerraraztera lagunduz.

Bidaia eta salatu beharrekoak luza genitzake. Alferrik, ordea. Erdiragarriena ez da erdararen presioaren eraginez euskara endekatzen doala ikustea, kasu honetan (beste hainbatetan bezala) tradizioak eta hizkuntza eta onomastika arauek merezi duten errespetu eskasa parasitismo instituzionaletik inposatzen digutela jakitea baizik. Badaki Metro Bilbaok, ederki jakin ere, nork kudeatzen dizkion geltokien izenak. Orain badakike hor ere zer hobetua badaukala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.