Mutu nahi al gaituzte?

Iñigo Etxarri Sistiaga
2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Duela egun batzuk, ETBko euskarazko bikoizketa, hilda artikulua idatzi eta Whatsappera bidali zidan bere egile den Urtzi Urkizuk. Gertuko gaia da bikoizketarena, ez bikoiztailea naizelako, mikroaren beste aldean egon ohi naizelako baizik. Izan ere, ikasketak amaitzear nengoela praktiketan, eta ondoren lanean, hasi nintzen Donostiako REC Estudioetan, eta geroztik soinu post-produkzioaren munduan ibili naiz teknikari gisa.

Ia itzaltzear zegoen ofizio bat deskubritu nuen REC-en, pospolo baten azken segundoak bezala? Ba horixe; euskarazko bikoizketa. Txikitatik pantailako soinu eta zarataren zale izan naiz, eta kuriositatea izan dut bikoizketaren munduarekin. Praktikak hasi nituenean, betidanik aditutako ahotsak aurrez aurre ikusteak sekulako zirrara eragin zidan; Doraemon, Obelix, Asterix, Sinchan, Vicky, Nobita... Hortxe nituen, kristalaren beste aldean, hezur-haragizkoak ziren!

Memoria oso txarra dut, baina memoria dudanetik ETB 1en arratsaldero ikusten genituen marrazki bizidunei ahotsa jartzen ziotenekin lanean ari nintzen, eta, gainera, gustuko nuen lana. Asko gustatu ere, jakina, ez bainuen diru askorik ateratzen. Dena esan behar badut, gutxiengo soldatagatik aritu nintzen lanean denbora luzez, egoera oso prekarioan.

Hilabeteak eta urteak pasatu ziren nire kabuz jarri arte, ia beharturik, ez baitzen jasangarria horrela jarraitzea; baina ordurako bikoizketak eman zezakeen gutxi horrek ere ez zuen ematen langile ugariko enpresa baten egitura mantentzeko.

Langile autonomoen ozeanoan sartu nintzen; nagusiaren menpeko izatetik, ni neu nire nagusi. Baina baita lokal bat ordaintzeko ere, eta behar nuenean bikoiztaileak kontratatzeko. Ordurako hauen egoera, gero eta zapalduagoa zen, eta, historikoki krisietan gertatzen den bezala, zatituagoa. Alde batetik, Bieuse, baldintzak hobetzearren greban, eta, beste alde batetik, EHBE.

Baina arazoa bakarra da: gure burua gutxiesten duten agintari batzuek zuzentzen duten gizarte bat garela, eta hauek, batzuk alde eta besteak aurka gaituzte. Konplexuz beteriko agintariak, bertakoaren alde egin beharrean, nahiago dutenak eduki antzuei buruz harrotasunez hitz egin, eta batere eredugarriak ez diren balioak zabaltzen dituzten edukiak finantzatu.

Ezinezkoa da euskarazko bikoizketa esku pribatuek finantzatzea, hemen ez dira sartzen enpresa pribatuen spotak edo kuñak; beraz, entitate publikoaren esku hartzearekin jokatzea tokatzen da. Honen aurrean bi galdera dakarzkit. Lehenengoa: Zergatik ez du euskarazko bikoizketa eredugarri eta duin bat bultzatzen Jaurlaritzak? Galdera hori bera estrapola genezake beste hainbat sektoretara, edozein kultur lanetara: izan daitezke antzerkia, dantza, zuzeneko musika edota bertso saioak. Eta bigarren galdera: Zergatik mugatu da egiten den bikoizketa urria haurrek kontsumituko dituzten produktuetara?

Lehenengoari erantzunez, erreferenteak sor ez daitezen. Erreferenteak oso arriskutsuak dira boterea zalantzan jartzen badute. Erreferenteak eredu izan daitezke ikusleentzat, eta, orain arte gauzak modu baten egon/egin badira, erreferente berri batek hori dena iraul dezakeelako. Horregatik, iruditzen zait, egun dugun agintari kuadrillak bere nahietara eraiki duela gizarte honen kultur panorama; nahiz eta baten batzuk oraindik saiatzen garen hedabide publikoetatik ezarri nahi diguten somnolentzia egoeratik irteten. Ez al zaizue iruditzen mezuak direla «lasai egon, ez kritikarik egin, ez aztoratu, etxetik lanera eta lanetik etxera mugitzera mugatu zaitez, ez pentsatu, ez kexatu, ez...?».

Bigarrenari erantzunez, ausartuko naiz esatera esparru horretara mugatu dutela bikoizketa, euskara eta hizkuntza hau erabiltzen dugunok txiki egiteko, paternalismo konderentea. Txikientzako produktuak ondo daude, baina ezin da euskararentzat hain beharrezkoa den erreminta horretara bakarrik mugatu. «Helduen artean gaztelera edo frantsesa erabili, txakur eta haurrentzat euskara erabili, eta, ahal baduzue gainera, hauei buruan kolpe bat jaso bazenute bezala hitz egin...».

Bromak aparte, Euskal Herriak ez du kultur industria indartsu bat, nahiz eta gero guztiari Basque jarri eta ponposo-ponposo salduko duten nazioarteko ferietan. Hemen bikoizlari batek beste lan bat eduki behar du hilabete bukaerara ailegatzeko. Eta hori, soldataren zati bat bikoizketatik jaso badezake, zeren eta musikari baten kasuaz ariko bagina, ez litzaioke horretarako ere iritsiko.

Askok flipatu egiten dute, estudiora sartu, eta honetaz bizi naizela esaten diedanean; ahotsak, musika, soinuak grabatu... Ba bai, eta gainera hau guztia euskaraz egiten dugu, eta, guk ez badugu egiten, zaila egiten zait sinistea goitik etorritako norbaitek gauzak erraz jarriko dizkigunik.

Xabier Alkizak zioen «EITBko zuzendariak ez zekiela bikoizketa sektoreko jendea greba egiten ari zela». Horretarako ,interesa eduki behar da, eta kultur agenteak zertan ari diren jakin nahi izan. Adibidez; nire pasioa musika da, 15 urtetatik ari naiz jotzen, bai Euskal Herrian eta bai nazioartean, eta honetatik bizi daiteke? Ez. Kulturaz «arduratzen»den nork ziurtatuko dit hilabete bukaeran hipoteka ordaintzeko eta hozkailua betetzeko sosak izango ditudala?

Inork ez; hau da, ez dago babesik.

Errealitatea da ekarpen handiagoa egin diogula eta egiten diogula inoiz babesik izan ez dugun sortzaile eta langileok euskarari, berau zaintzeko daudenek baino. Eta gu gabe ez dagoela ez edukirik, ezta kalitatezko produkturik ere euskaraz.

Horretarako, euskaraz sortzen dena maila orekatu batean zaindu behar da, behar duenari babesa emanez eta ahul dagoena zainduz. Ulertzen al da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.