Albistea entzun

Politika auzibidean jartzeko estrategiaren aurka

Aitor Aldasoro Iturbe - EAJren legebiltzarkidea eta GBBko burukidea

2021eko otsailak 24

Aralarko pisten auziaren inguruko autoa atera berri da, eta babestu egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta pistak egitearen alde bozkatu zuten zinegotzien jarrera, 2017an jarritako salaketa artxibatuz. Dena den, kontu honekin jarraitu beharko dugu oraindik ere, epaia ez baita behin betikoa. Hortaz, batzuen sufrimendua eta egonezina oraindik ere gehiago luzatuko da.

Zer ari da gertatzen azken aldi honetan euskal politikan, kontu politiko edo administratibo hutsak epaitegietan bukatzeko? Zergatik erabaki du ezker abertzaleak bere aldeko ez diren gaiak epailearen aurrera eramatea? Zein da horrela jokatzeko estrategiaren arrazoia?

Demokrazian, erabakiak herri ordezkaritzaren gehiengo batez onartzen dira, izan legebiltzarrean edo udal bateko osoko bilkuran. Batzuetan, zure proiektuak aurrera ateratzea lortzen duzu, besteetan, ezinezkoa izaten da. Betiere, zure proiektuak jasotzen duen babesaren arabera. Horretan oinarritzen da demokrazia ordezkatzailea: alderdi politiko bakoitzak, bere ikusmoldeetan oinarrituta, eta on beharrez, hartzen ditu erabakiak, oposizioan egon edo agintean egon. Nahiz eta gehiengorik izan ez, ohikoa behar luke izan herrigintzan batzuen eta besteen arteko akordio eta itunak adostea denon artean aurrera egin dezagun. Horrek beharko luke izan jokabide zintzoa, sarritan izan den bezala.

Eraiki, eraitsi ordez. Hor dago gakoa, horixe nahi du herriak

Azken urteotan, ordea, ezker abertzaleak politika auzitegietara eramatea erabaki du. Ados ez dagoen proiektu bakoitzean, trumilka ateratzen da fiskaltzaren bila. Herrigintzan ohikoa da dauden egitasmo, proiektu eta ekimenak gauzatzeko aldeko eta aurkako ikuspegiak defendatzea. Gehiengoa izatea, edo ez. Egoera hori onartzen jakin beharra dago, eta demokraziaren oinarrizko joko-araua errespetatu. Baina, zoritxarrez, egun ez da horrela jokatzen: politika aldrebestu nahi dute, eta batzu-batzuk, hamarkadetan epaile eta fiskalen artean katramilatuta ibili diren haiek beraiek, politika aldrebesteko helburu bakarrez, epaitegietarako zaletasun paradoxikoa agerian uzten ari dira.

Estrategia da, eta ez nolanahiko estrategia

Galdu ezin horretan, eman beharreko urratsak eta metodologia garbi ditu ezker abertzaleak. Proiektua zikindu eta narrastu, eta errelato bat osatu. Horretarako behar diren gezurrak eta itxuragabeko teoriak asmatu. Inguruan eduki dezakeen gizarte-sarea bereganatzeko trikimailuak abian jarri eta, egokitzen bazaio, elkarte berriren bat egituratu, eragile aniztasunaren irudia islatu nahian. Horrekin batera, ezin ahaztu estrategia komunikatiboa, hori osagai ezinbestekoa baita gizartea benetan manipulatzen saiatzeko. Bozemaileak izendatzea, tertuliakideek behar dituzten irizpideak lantzea, argazkilariak prest izatea, sare sozialetan erabili beharreko mezu motzak prestatzea… dena da balekoa estrategiaren mesedetan.

Estetika, itxura, ezeren gainetik. Horretan nagusi

Goitik behera agintzen ohituta egon arren, behetik gora ari denaren itxura eman. Eskua laguntzeko luzatzen duen itxura egin, baina, ahal bada, eskua zintzurretik heltzeko erabili.

Ortzadarrak dituen adina koloreren atzean azaldu, aniztasun itxura eman nahian, nahiz gero kameleoien pare, betiko kolore grisen atzean ezkutatu; edo nirekin, edo nire aurka.

Epaitegietan ere jokabidea definitua dago. Salatzeko, ahal den heinean, penaletik jo; horrek egiten baitu benetan min. Berdin zaie dena delako erakundean dauden ordezkari politiko zein teknikoengan, edo hauen familiengan, sortzen duten nahigabea, sorgorrak dira guzti hauen irudi publikoak jasaten duen kaltearen aurrean. Anker jokatzen dute, eta berdin zaie zein izango den azken epaia, bidean zarata eta kaltea sortzea delako helburua.

Ankerra baita, bizi dugun egoera triste honetan, norbere interesak denen gainetik jartzea.

Ankerra baita, gizartearen etengabeko krispazioa eragitea,

Ankerra baita, «zenbat eta okerrago, orduan eta hobe» hori estrategiaren zehar-lerrotzat hartzea.

Zer irabazten du herriak estrategia honekin? Ezer onik ez: herrigintzaren ospe-galtzea, polarizazioa eta ezinikusia areagotzea besterik ez. Eta herrigintzarako kaltegarria dena, era berean da kaltegarria aberriarentzat ere. Beraz, zein da estrategia zikin honekin zerbait irabazi nahian dabilena? Orain artean behintzat joko demokratikoaren bitartez garaipena lortzeko gai izan ez den eta hegemonia politikoa beste ametsik ez daukan ezker abertzalea. Bada, hau ez da politika 4.0 izena merezi duen politika klasea, atzerritik gurera ekarritako anti-politikaren jarduera tamalgarria besterik ez da. Gurean lekurik izan beharko ez lukeen politika eskasaren jardunbide penagarria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna