Zu ez zaude lehentasunezko taldean

2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Oraino asko dira, XXI. mendean egonik ere, 50 urte betetzeaz batera, euren burua ikusezin sumatzen duten emakumeak. Ez da makala mugimendu feministak egindako lana alabak, amak eta amamak ahalduntze aldera, baina, zoritxarrez, ezin ezkutatuzkoa da gizarte patriarkalak emakumeari bere itxura fisikoaren gatibu bihurtu izanak ekarri dion sufrimendu amaigabea. Nolako minak, edertasun-kanonetatik at egonez gero! Nolako oinazeak, zimurrak hazten ikusiz gero!

Edozelan ere, ez ezazu pentsa emakumeena denik ikusezin sentitzen den gizatalde bakarra. Euskaltegietako irakasleok ere ikusezin sentiarazi gaituzte, eta hori ez da gertatu gure lankide askok 50 urte eta zenbait bete dituztelako. 2021eko martxoaren 30ean harriduraz jaso genuen txertaketa-kanpainaren harira HABEk, euskaltegiek hala eskatuta, Jaurlaritzako Osasun Sailari egindako eskariaren erantzuna. Hauxe dio Osasun sailburuordeak sinatutako gutunak: «Orain ezin zaie txertorik jarri euskaltegietako, hizkuntza-eskola ofizialetako... irakasleei, bi arrazoi nagusirengatik. Lehenik eta behin, kolektibo horiek ez daude lehentasunezko talde gisa jasota Osasun Sistema Nazionalaren txertaketa-estrategian, ezta euskal estrategian ere. Hezkuntza bereziko, haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako irakasleak baino ez daude jasota lehenetsitako talde gisa estrategia horietan...».

Baten batek goi-agintari horren testu-pasartea irakurri izan balu, nork izenpetu duen jakin barik, pentsatzea zuen 90eko hamarkadan estatuaren funts sekretuekin ordaindutako operazio bat zuritzeko argudioak direla, euskarari enegarren eraso egitea helburu, baina, ez, irakurle estimatua! Ez dugu eskuartean estatuaren estolderian diseinatutako ekintza bat, euskalgintza desagerrarazi nahi duena, baizik eta Euskal Gobernuak onetsitako jakinarazpen bat. Baina, funtsean ez da soilik 1.200 euskara-irakasleen lana gutxiesteko hartutako erabakia; izan ere, Osakidetzan onartutako neurriak egunetik egunera Aitorren Hizkuntza Zaharra ikastera etortzen diren 35.000 ikasleei ere erasaten die, eta, gisa berean, ikusezin bihurtzen ditu euskal jendartearentzat.

Ikastetxe nahiz institutuetan pandemiari aurre egiteko neurri berberak hartu ditugu euskaltegietan ere. Hezkuntzan eta helduen euskalduntzean euskaraz aritzen gara, unibertsitate-titulazioak ditugu, ahoz nahiz idatziz (aurrez aurre zein online) komunikatzen gara ikasleekin... Beraz, zerk bereizten gaitu? Zergatik daude hezkuntza bereziko, haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako irakasleak txertaketa-kanpainaren barnean eta euskaltegietakook ez? Batzuek hezkuntzan dihardutelako eta besteok kulturan? Agidanez, batzuk kontu serioetan ari direlako eta besteok folklorean.

Euskal buruzagi politikoak eta enpresaburuak harrotu ohi dira hemendik landa, bereziki, Basque Countryren ongiak azaltzeko orduan. Ba omen dugu nazioartera esportatzeko moduko sukaldaritza. Europan ez omen dago gure kooperatiba-mugimenduaren modukorik. Gure makina-erremintaren sektorea aurreratuenetakoa da Kontinente Zaharrean... Areago, batzuk, atzerrian daudelarik, iritsi egiten dira euskararen normalizazio-prozesua ere eredugarria dela esateraino, baita esportatzeraino ere.

Hala eta guztiz ere, euskarak gizartean duen lekua hizpide dugunean, ez da komeni nork bere burua neurriz kanpo balioztatzea, eta batzuetan onuragarria izaten da instant batez gelditu, burua jaiki eta gainerako hizkuntza gutxituak zertan ari diren aztertzea. Kasurako, Euskal Herritik 7.728 km-ra, Ozeano Atlantikoaz bestaldean, hain zuzen, ederki erakutsi du hango gobernu batek nolako konpromiso irmoa duen bere nazio-hizkuntzaren biziraupenarekin. Oklahomaz ari naiz, txeroki indiarren lurraldeaz. Bertan 140.000 indiar bizi dira, baina 2.000 inguru baino ez omen dira gai txerokieraz mintzatzeko. Hala, tribuaren mintzairaren egoeraren larritasunaz oharturik, tamainako erabakia hartu dute agintariek COVID-19aren kontura: Pfizer/BioNTech sendagai-ekoizlearen txertoak banatzeko orduan, osasun-langileez gain, txerokieraz jariotasunez hitz egiten duten adinekoak ere lehentasunezko taldean egongo dira.

Ez naiz hasiko hemen euskaldun zaharrak txerta ditzaten eskatzen, baina, halere, gogoeta txiki bat egin dezazun nahi dut. Zerk bultzatu ditu txerokitarren agintariak tribuaren hiztunak babestera eta zerk bultzatu ditu euskal politikariak helduen euskalduntzea zokoratzera? Txerokitarrentzat hizkuntza lehentasunezkoa da. Zergatik ez euskal agintarientzat?

2021. urtean tamalgarria bezain premiazkoa da emakumeek, edozein adin eta itxura fisiko dutelarik ere, eurentzako ikusgarritasuna, errespetua eta onespena lortzeko borrokan segitzea, eta, era berean, helduei euskara irakasteko erantzukizuna dugunok lehentasunezko taldetzat hartzea, gure lanari zor zaizkion ikusgarritasuna, errespetua eta onespena aitortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.