Iñaxi

Ane Labaka Mayoz - Bertsolaria

2018ko abenduak 5
Nire hatz mamiak inoiz baino samurtasun handiagoarekin sumatzen ditut ordenagailuaren tekla batetik bestera jauzika, jostari. Hunkituta nagoelako idatzi nahi dut, ukituta nagoelako. Mimo handiz bete nahi ditut lerro arteak, ahalik eta delikatuen aritu nahi dut. Hitzen paisaia osoa aztertu eta egokien zaizkidanak galbahetu nahi ditut zuretzat. Ez delako erraza egiten miresten duzun norbaiti buruz idaztea, are zailagoa egiten delako gutxi(egi) ezagutu duzun arren miresten duzun norbaiti buruz idaztea.

Bertsolari handi baten bikotekide gisa ezagutuko zintuen zenbaitek, ezagutzekotan, bizitzaren ekuazioetan ebatzi duzun ariketa konplexuena hori izango balitz bezala; «norbaiten norbait» izatea. «Patxi Etxeberriaren emaztea hil da», hala zioen ostiral goizez barruak zikloitu zizkidan izotz zaporeko mezuak.

Ziur aski, besteonaren antzera, zure bizitzak ere izango zuen izotzetik, hotzetik... laiotzetik. Hala ere, egutera aldiak beste inork baino gehiago gozatu izana opa dizut, bihotzetik. Nik behintzat horrela gogoratzen zaitut, nire etxetik herriko erdiguneranzko bideko banku batean, egurrezko banku berean beti, eguzkiaren epelari azken minutuak lapurtu nahian.

Irribarretsu gogoratzen zaitut, nire arrapaladazko bizitzan zuek agurtzeko geldiune bat egin eta banku hartara hurbiltzen nintzenean hartzen ninduzuen bezala. Nondik nentorren kontatzen nizuen, presaka; nora nindoan, presa handiagoarekin. Bina musu masail zimurtuetan eta «segi, neska, segi!». Beti iruditu izan zait hitz horiekin nire bidea egiten jarraitu nezala iradoki nahi izaten zenidala aldiro.

Konplizitatez gogoratzen zaitut, duela urte batzuk zure senarrak herrian jasotako omenaldian zuri lore-sorta dotore bat ematea egokitu zitzaidanean bezala. Gogoan iltzatuta daukat oraindik orduko hartan kantatu nizun bertsoaren bukaera. Zu ez beste protagonista bat zuen omenaldiaren baitako nire omenalditxoa izan zen hura, zuri eskainia, orduko bertso-eskolako emakume bakarraren iraultzatxoa. Itzalpekoari egindako argi keinua.

Urteetan itzalpean geratuko zen zaintza lan guztiari. Bizitzako azken urteetan lehenago desordutan arrandegian nahiz bertso-saioetan ibilitako senarrak goxotasunez itzuli dizunari (edo itzultzen saiatu denari, behinik behin). Beti harritu izan nau zuri buruz hitz egiteko bere erak. Elkarrekiko errespetua oinarri-oinarrian kokatuz, mundua betiereko harremanen logikatik kanpo ulertu nahi dugunontzat ere eredugarri suertatzeko moduan.

Patxiren ahotik jakin dut gehienbat zure berri, ia beti hirugarren pertsonan, zuk zeuk lehen pertsonan erantzungo zenizkidakeen galderak ahoskatzeko tarterik hartu gabe. Berari egin dizkiot, noizean behin, zuri egin nahiko nizkizukeenak, berari itaundu diot interes handiz garai bateko emakumeen egoerari buruz eta berak elkarrizketa mamitsu batean hala kontatu zidalako dakit, esaterako, bere arreba batek bertsotan erraz egiten zuela, eta bere hitzetan, emakumea izan ez balitz bertsolaria izango litzatekeela.

Ez dakidana da zuk bizitzan zehar kantatzeko gogorik sentituko ote zenuen inoiz eta, hala izango balitz, zeri kantatuko zenion, biraka zebilen garbigailuaren soinuari, arropa eskegitzeko balkoiko sokei edo sehaskaren kulun- kulunari, agian. Ez dut sekula jakingo.

Badakidana da minak hartzen zintuen garaietan ere Patxi bertso-eskolakoon afarietara animatu ohi zenuela, hain baliotsu bilakatzen zuen lagun artera lasai joateko aholkatzen zeniola ahal zenuen guztietan.

Berriki kontatu didate, gainera, medikuari bizitzeko gogo gehiago ez zenuela aitortu eta sufrimendua luzatzeko ezer egin ez zezala eskatu zeniola, ausardiaz. Enegarrenez oinazea sentitzeari beldurra zeniolako erabaki zenuela guztiarekin amaitzea.

Epikarik ez da izango zuretzat, ordea. Gorazarrerik ez. Ez agur bertso solemne ez eta denboran irauteko moduko aitortza bereziegirik ere. Sukaldeko lanak ez du tokirik historia liburuetan, eremu pribatua isilpekoa bezain ezkutukoa da memoria kolektibotzat ulertzen dugun horretan.

Susmatzen nuen moduan, inon ez da zure aipamenik ageri, inork ez dizu egunkariren bateko zutaberik eskaini. Hain zuzen ere, horregatik jarri nahi izan diot nireari zure izena izenburutzat. «Norbaiten norbait» baino askoz gehiago izan zareten emakume guztien omenez, banan-banan zerrendatzea ezinezko zaidala onartu arren, maiuskulaz idatzitako historiak irentsi dituen andrazko pertsona izen guztiei keinu eginez. Merezi duzulako, merezi duzuelako.

Zorretik baino gehiago, gogo pertsonaletik ari natzaizu. Ikusezina ikusgarri bilakatzeko ahaleginetik, grinatik. Ez delako erraza egiten miresten duzun norbaiti buruz idaztea, are zailagoa egiten delako gutxi(egi) ezagutu duzun arren miresten duzun norbaiti buruz idaztea.

Badakizu? Ez zaizkit pospoloak batere gustatzen, oso urduri jartzen naute beti. Gaur, ordea, ilusioz piztu dizut bat ilunpe ospel honetan. Itzalpekoari egindako argi keinua.

Tren geltokirantz korrika nindoala bi musu sentitu bidali dizkizut eguerdian urrunetik. Eguzkiak epeldutako egurrezko banku huts batetik iritsi zait zure erantzuna jarraian: «Segi, neska, segi!».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna