Errausketa eta dioxinak. Konpondu gabeko arazoa

Xabier Mitxelena Iparragirre eta Jose Cruz Ruiz Villandiegoa
2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Dioxinek eta furanoek (dioxinek aurrerantzean) ingurumen kutsatzaile iraunkorrak diren gai kimikoen multzo bat osatzen dute. Berebiziko toxikotasuna dute, eta kezka eragiten dute immunotoxikotasun, ugalkortasun eta garapenean duten eragin, kardiotoxikotasun eta eragin endokrino desiragaitzak direla eta. Gainera, ingurunean hamarkadetan zehar iraun eta metatzeko gaitasuna dute. 1977an Herbehereetan publiko egin zen ikerketa batek eman zuen lehen aldiz dioxinak errauskailuek isuritako gas atmosferiko eta errautsetan topatu zirelako berri. Ordutik, gasen detekzio eta depurazio sistema aurreratuak erabiliz euren emisioa murrizten saiatu da errauskailuen alorreko industria. Era berean, ahalegina egin da herritarroi dioxinen arazoa garai bateko errauskailuei loturik zegoela eta egungo errauskailuek arriskuz kanpoko kantitateak isurtzen dituztela sinetsarazteko. Baina, bat al dator hemen esandakoa benetako egoerarekin?

Zabalgarbiko zein Donostiako errauskailuen Ingurumen Baimen Integratuek dioxinen isurpenaren kontrola hiru hilabetetik behin egin behar dela agintzen dute, 6 eta 8 ordu arteko lagin bilketa eginez. Neurketa horiek egin aurretik, errauste planta jakinaren gainean jartzen da. Ezaguna da neurketak aurreabisurik gabe egiten direnean emaitzak askoz ere altuagoak izan ohi direla. Edozein modutan, errauskailua martxan dagoen denbora totalaren %0,4 estaltzen duten neurketetan oinarritutako estimazioek —gure foru agintarien ustez kontrol hertsiak liratekeenak— nekez adieraz dezakete zein den isuritako dioxina kopuru erreala. Beste modu batean esanda, gaur egun egiten diren kontrolen arabera, ez dago jakiterik zer dioxina kopuru isurtzen duten erraustegiek martxan dauden denboraren %99,6an.

Dioxinen benetako isurpenen kuantifikazioa gai eztabaidagarria da. Komunikabideetan hainbat artikulu agertu dira dioxinen isurketaren infradeklarazioaren edo zifren manipulazioaren inguruan egindako salaketen berri emanez, maila estatalean zein errausketa tradizio sendoagoko herrialdeetan. Belgikan 1998an eginiko ikerketa batek agerian jarri zuen dioxinen isurketaren estimazioa 15 eguneko etenik gabeko monitorizazioan oinarrituz gero ohiko neurketa puntualetan oinarrituta baino 30-50 aldiz handiagoa zela. Hala ere, 2000ko hamarkadaren hasieran Europako hainbat herrialdetan eginiko ikerketa batzuk argitaratu ziren, zeintzuek ondorioztatzen zuten errauskailuen dioxina balantzea negatiboa zela, hau da, labeek bertan sartu baino dioxina gutxiago isurtzen zutela. Ikerlan horiek errausketa industriak finantzatu zituen, eta ondorio honetara iristeko ohiko neurketa puntualak erabili zituzten urte osoko isurketak estimatzeko. 2006. urtean Europar Komisioak argitaraturiko Hondakinen errausketarako eskuragarri diren teknika onenen erreferentziazko dokumentuak ere balantze negatibo honi egiten dio erreferentzia. Beste behin, ohiko neurketetan oinarrituriko estimazioa darabilte urteko estimazioak egiteko orduan. Azkenean, 2015ean argitaratutako ikerlan suediar batek 85 herrialdek emandako dioxinen inbentarioak aztertzen ditu. Garbi uzten du hondakinen errausketa dela dioxina gehien isurtzen duen bigarren iturburua erretze librearen ondoren (open burning).

Berriki, 2017an Herbehereetan publiko eginiko ikerketa batek giza kontsumorako legezkoak ez diren dioxina mailak atzeman zituen errauskailu baten 2km-ko erradioan ekoitziriko arrautzetan; inguruko belardietan ere dioxina maila altuak ziren. Aipaturiko errauskailua azken belaunaldikoa da, teknologia alemanez hornitua, eta 2015etik dago martxan. Belarretan topaturiko dioxinak eta tximiniatik isuriak azpitalde berekoak dira, toxikotasunaren jatorria errauskailua dela frogatuz. Hori aski ez eta 2018an errauskailu horretan bertan eginiko beste ikerketa batek hau erakusten du: isurketak modu jarraian monitorizatuz gero, neurturiko dioxinen isurketa zifrak ofizialki jakinarazitakoak baino 460-1.290 aldiz altuagoak direla.

Egungo araudiaren arabera, isurketen neurketa kutsatzaileen emisioa prozesuaren funtzionamendu normalaren isla denean egin behar da. Ez du neurketak martxanjartzeko edo gelditzeko garaian eta egoera ezegonkorretan (ihesak, funtzionamendu okerrak, behin-behineko geldialdiak...) egitea aipatzen, nahiz eta une hauek diren, hain zuzen ere, dioxinen kontrolerako garrantzitsuenak, egoera hauetan teknologia berrienaz ekipaturiko erraustegiek ere funtzionamendu egonkorrean baino mila aldiz dioxina gehiago isuri baititzakete. Une kritiko hauetan neurketarik ez egiteak aurrez aurre talka egiten du kutsadura atmosferikoaren osasun ondorioekin geroz eta kontzientziatuago dagoen gizarte baten interesekin. Beraz, ondoriozta daitekeenez, errauskailuek benetan isurtzen duten dioxina kopuruaren inguruan ezagutza falta nabarmena dago. Adierazgarria da Zabalgarbik 10 urtean 35 geldialdi eta berrabiatze egin dituela. Datu hauek adierazten digutenez, isuritako dioxina kopuru erreala ofizialki jakinarazitakoa baino askoz ere handiagoa dela pentsatzeko arrazoi sendoak daude.

Ondorioz, baieztatu genezake errauskailu berrien isurketa minimoen inguruan (ikus lehen paragrafoa) esandakoak ebidentziaren aurka doazela eta sostengaezinak direla. Dioxina isurketen infraestimazio deigarri hau kontuan izanik, osasun-arriskua ofizialki onarturikoa baino askoz handiagoa izan daiteke, eta, beraz, herritarron osasuna ez dago bermatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.