Kontzertuaren 141. urteurrena ospatzen

Pedro Luis Uriarte
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Otsailaren 28an, Kontzertu Ekonomikoak 141 urte bete ditu. Denbora horretan guztian, haren bidez egituratu dira finantza eta zerga-harremanak Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eta haren hiru Lurralde Historikoen artean, jakina den bezala, Nafarroarekin batera gaitasun propioak baititugu arlo horietan, Erregimen Orokorreko beste hamabost komunitate autonomoek ez bezala.

Sorrera-eguna zela eta, 2016. urteko otsailaren 28an «Kontzertuaren KomunitateaGurea Kontzertua» sortu zen, plataforma zibiko independentea dena, ondoko helburuekin: norberaren konpromisoa sustatzea Kontzertua eta Konbenioa hobeto ezagutzeko, haien hedapena laguntzeko eta, aktiboki, aintzatespen eta defentsaren aldeko mobilizazioan bat egitea.

Ekimen honen Talde Eragilea osatzen dugu idatzi hau sinatzen dugunok; geure ekarpen honen oinarria argia da: geure autogobernuaren eta ongizatearen oinarriaren alde modu altruistaz dihardugu, interes partikularrik gabe. Kontzertua eta Konbenioa herritarron bizi-kalitatea hobetzeko tresna ezinbestekoak izan dira eta dira, eta baita, gizarte aberats, solidarioa izateko, etorkizun-aukerak dituena. Bi tresna hauek ongi funtzionatu dute, eta funtzionatzen dute, zenbait tokitan lantzean behin horren inguruan nahasmendua sortzen saiatu diren arren.

Ez gaude bakarrik zeregin horretan. Ekimena abian jarri zenetik, 4.080 pertsonak bat egin dute «Kontzertuaren Lagunak» bezala herritarren plataforma honetan bat eginda. Komunitateak ez du kuotarik ezta egoitzarik ere, ez du diru-laguntzarik jasotzen, ez du komunikaturik zabaltzen eta ez du bozeramailerik. Ez du kideen izenean hitz egiten, aintzat hartzen baitu, errespetuz, pluralak eta anitzak garela. Komunitatearen barruan, pertsona bakoitzak bere izenez hitz egiten du eta nork bere egoera, aukera eta lehentasunen arabera, helburu komunaren alde egiten du.

Komunitatearen Lagunek denbora honetan bere baliabide eta denbora baliatuz egin dute lan; lan eskerga, bestalde. Kontzertu eta Konbenioari buruzko 120 hitzaldi baino gehiago egin ditugu (Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan, Madrilen, Katalunian, Kantabrian eta baita atzerrian ere), 11.000tik gora parte hartzailerekin. Hamaika mahai-ingurutan parte hartu dugu, 25 artikulu idatzi ditugu, 35 elkarrizketa egin ditugu askotariko hedabideetan; 41 irratsaio egin ditugu asteko maiztasunarekin, eta gogotsu jardun dugu sare sozialetan ere. Horrez gain, 2017ko otsailean Komunitatearen Topaketa egin genuen, oso jendetsua izan zena. 2018. urtean Komunitateko Lagunak gonbidatu ziren Kontzertuaren 140. urteurrena zela eta euskal erakundeek antolatu zituzten ekitaldietara.

Sortu zenez geroztik, erabateko errespetuz eta laguntzeko bokazioz ikusi dugu euskal erakunde eta alderdi politikoek Kontzertu eta Konbenioaren alde garatu duten jarduera, berauena baita geure erakunde-egituraren oinarriak direnak behar bezala kudeatzeko ardura. Beren zeregina funtsezkoa izan da, eta izango da, etorkizunean izango duen garabidean.

«Gurea Kontzertuan» jardun-esparrua osagarria da, baina zeharo desberdina erakundeekikoena, gizartearen ekimena baita. Arlo hau ezinbestekoa da, bertan sartzen baitira ideologia guztietako pertsonak. Alain Tourainek zuzen esan zuen bezala, «gizarte politikoarekiko desberdintzen den gizarte zibila izatea demokraziaren aurre baldintza da. Berau gabe, ez dago Estatu legitimorik».

Aurten otsailaren 28an Komunitateak ez du topaketarik antolatuko, ez publiko ez pribaturik, hauteskunde-aldi argian egonik, ez baitugu herritarron ospakizuna eduki politiko bihurtzea nahi.

Horren ordez, Komunitateak zera eskatu die bere kideei eta helburu honekin bat egiten duten herritarrei: egun horretan, 141. urteurrena ospa dezaten, nork bere ahalaren baitan. Modu askotara egin daiteke: komunitaterako kide berri bat gehituz, edo Kontzertu eta Konbenioaren alde iritzia emanez hedabideren baten, idatzi honen bidez Talde Eragileko kideok egiten ari garen bezala. Eskura dituzten bitartekoak erabiltzeko eskatu dugu, adibidez, ikas-gelan aipamena eginez, irakasleak badira, edo osasun-langileak badira, pazienteei azalduz Kontzertuak posible egin duela Europako osasun-sistemarik onenetakoa izatea. Edo lagunarteko solasaldiak aprobetxatu ditzakete Kontzertu eta Konbenioaren kontra maiz eta injustuki jaulkitzen diren kritiken aurrean iritzia eta argumentuak emateko. Ez da zaila izango egun horretan aukera eta aitzakia aurkitzea.

Eta baita sare sozialak erabilita ere, #141Kontzertua traola erabilita, horrela, jende gehiagorengana iritsi ahal izango da Kontzertuaren berri, eta haren errekonozimendua.

Tresna garrantzitsua da, eta horren gainean eraiki diren politika publikoek eta kudeaketa gardenak (beti makulurik gabea izatea ezinbestekoa dena) orain eta etorkizunerako ekarpen ezinbestekoak egin dizkigute: hezkuntza, gizarte-babesa, lanerako kalitatezko aukera, ongizate- egoera indartsua eta, hitz batez, bizi-kalitate handia. Eta hori esan eta ospatu egin behar dugu.

Kontzertua gu guztiona delako. Eta horregatik, gizarte zibilaren laguntza, babesa eta ekimena behar-beharrezkoak ditu. Baita zeurea ere.

Komunitatea ez baduzu oraindik ezagutzen, www.comunidadconcierto.com webgunera sartu. Bat egin eta ospatu Kontzertuaren 141. urteurrena! Zure zain egongo gara.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Pilar Kaltzada, Guillermo Dorronsoro, Susana Gaztelu Urrutia, Charo Arranz, Jaime Balaguer eta Ine?s Ani?tua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.