Albistea entzun

Copyright direktiba berria Europan

Iratxe Esnaola Arribillaga - Ingeniaria informatikan eta doktorea hezkuntzan

2019ko apirilak 29

Badira bi urte Europa mailako copyright direktiba berria lantzen hasi zirela. 2001ekoa da aurrekoa. Youtube jaio gabe zen artean. Wordpress eta Spotify ere bai. Eguneraketa bat behar zen, jakina: 2001ekoa izanagatik, XXI. mendera egokitzeko beharra zegoen. Hori ez du inork auzitan jartzen. Ezta sortzaileen eskubideak babestu behar direnik ere. Eta Europa, lege berri eta berritzaile batekin aitzindari bilaka zitekeen. Erreferente. Baina kontrako norabidea hartu du: direktiba ezin atzerakoiagoa eta murriztailea onartu berri baita. Bidearen zati handi bat egin ondoren, Europako Kontseiluko 28en aldekotasuna bakarrik falta da orain.

Direktibak anbiguotasunera jokatzen du, ezinbestean: sortzaileen eskubideen defentsa egin, egin behar baitu. Baina anbiguotasun kalkulatua da: horrela sortu dute sortzaileen eskubideak jokoan daudenaren markoa. Direktiba honen aurka egotea sortzaileen eskubideen babesaren aurka egotea dela sinetsarazi nahi izan dute. Ez da horrela, ordea. Sortzaileen aldeko hitzak bildu arren, direktiba honen azken helburua ez baita sortzaileen lanaren defentsa: copyrightaren bueltan bizi diren banatzaileen defentsa baizik. Horretarako behar dituzte bi artikulu zehatz, anbiguotasunean estalita: 15. eta 17. artikuluak (zuzenketen aurretik, 11 eta 13, hurrenez hurren). Horiek dira atzerakoi eta murriztaileak direnak.

15. artikulua. Bere helburua sarean zabaltzen diren albisteen kontrola da. Berez, albisteen agregadoreei zuzendua dago eta, direktibaren arabera, albisteetako zati txikiak soilik zabaldu ahalko lirateke. Ez da zehazten, ordea, zati txiki bat zer den: lerro bat edo bost diren. Eta anbiguotasun horren baitan, praktikan, albisteekin lotutako eduki guztiak lizentzia bat izango dute. Eta hortaz, bigarren mailako informazio-iturriak, hau da, kanpoko beste informazio-iturrietan oinarritzen direnak, Wikipedia kasu, arriskuan leudeke, kanpo-iturriak aipatzeko eta erabiltzeko mugengatik. Eta horren larritasuna ikusita, Wikipedia salbuespen gisa landu da. Baina Wikipediak ez du sarean salbuespen bat izan nahi. Wikipediak jakintza librearen aldeko ekosistema oso bat nahi eta behar du. Modu berean, 15. artikuluak, bilatzaileek eta bestelako plataformek albiste gutxiago zabaltzea ekarriko du. Eta honek prentsa editoreak ere kaltetuko ditu, trafikoa txikituko baitzaie. 15. artikuluarekin denok galtzen dugu: Wikipediak, bilatzaileek, editoreek eta erabiltzaileok.

17. artikulua. Hau Interneten esentziaren aurka doa, hartu eta ematea ahalbidetzen duen sarea izatetik, hartzera soilik bidera dezakeelako. Norabide bakarreko bilakatzeraino. Erabiltzaileek argitaratu nahi dituzten eduki guztiek, argitaratu aurretik, filtro bat pasa beharko dute: nolabait, igo nahi den guztia izango da ilegala, aurkakoa erakusten ez den bitartean. Filtro hori automatikoa izango da, gainera. Algoritmo bat. Gaur egun igotzen den informazio kantitatea ezin baita makinekin ez den beste modu batean aztertu. Eta plataforma txikiek ez dute algoritmo horiek garatzeko baliabiderik izango. Eta horregatik, 17. artikuluak, Google, Facebook eta enpresa teknologiko erraldoi hauei lehen baino ardura gehiago exijitzen die. Baina jada dutena baino botere gehiago emanez. Orain arte, bitartekari gisa kokatuta, ez zitzaien erabiltzaileek modu masiboan eta jarraian igotzen dutena banan-banan begiratzea eskatzen. Zergatik? Ezinezkoa delako. Makinek soilik egin dezaketelako. Aztertu beharreko informazio kantitatea, gehiegizkoa delako. Baina ez horregatik bakarrik. Ez da kuantitatiboa soilik.

Algoritmo hauek ez dira garatu oraindik. Ez dira probatu. Ez da bermatu funtzionatzen dutenik. Ezta bere helburua betetzeko eraginkorrak direnik ere. Alderantziz: arazo bat konpondu asmoz, beste arazo asko sortuko dituztela ziurra da. Erabakiak algoritmoen esku uzten badira, sortzaileen eskubideak errespetatuz zilegi liratekeen eduki asko, argitaratu gabe geratuko direlako (irabazi-asmorik ez duten argitalpenak, esaterako). Eta honek, zentsura prebentiboa ezartzen du. Funtsean, informazio-askatasuna erasotzen du. Eta adierazpen-askatasuna ere jomugan jartzen du. Horregatik diot boterea handitzen diela: plataformen atzean dauden enpresa pribatuek garatutako algoritmoek erabakiko baitute zer argitaratzen den eta zer ez. Eta algoritmoak eurek garatuko dituzte. Hortaz, eurek erabakiko dute. Zentsura, hortaz, prebentiboa izateaz gain, pribatua izango da.

Benetan, ez dakit direktiba honen ondorioekin jabetzen garen. Eskatzen dituen teknologiak handienen esku daude soilik. Eta txikirik gabe, epe luzean, informazio-aniztasuna eta pluraltasuna arriskuan leudeke. Eta horrekin, Interneteko informazio eta adierazpen-askatasuna.

Bien bitartean, ustezko babestuek, sortzaileek, prekaritatean jarraituko dute. Gehienek, bizitzeko beste lan batzuk eginez. Eta egoera okertu ere egin daiteke, sortzaileentzat alternatiba bat den sareko zabalpena mugatzen bada. Direktiba honen helburua sortzaileak babestea dela esaten den arren, sortzaileen lanak ustiatzeaz arduratzen diren banatzaileak babesten baititu: copyright-aren lobbyak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...