FARC: guztiak ez, baina zauria gaiztotzeko nahikoak

Zuriñe Rodriguez Lara - Kazetaria eta Sudergintzako ikerlaria

2019ko irailak 10
Duela astebete FARCeko fakzio batek berriro armak hartzeko asmoa iragarri zuen zenbait bitartekari eta eragile politikok alerta jotzen zuten bitartean; nazioarteko erakundeak eta FARCen alderdia bera giroa baretzen saiatu ziren gutxiengo batez osatutako fakzioa (%10) zela ohartarazita.

Kolonbiako gerrillarik garrantzitsueneko kideetako batzuek berrarmatzeko erabakia hartzea, zalantzarik gabe, kezkatzekoa da, baina aspalditik espero zitekeen albistea da. Urtebete baino gehiago da disidentzia aktiboan zela herrialdeko punturik gorrienetan (Meta, Cauca, Catatumbo, Karibe...), orain, buruzagi historikoak izandakoek—Ivan Márquez edo Santrich— publiko egin dute euren jarduera, artikulatutako diskurtsoaz eta definitutako helburuak zehaztuta. Egunerokoan jadanik gauzatzen ari zen errealitate baten espektakularizazioa da, eta, ate joka dauden hauteskunde batzuen aurrean, FARCen alderdia ataka larrian uzten du. Baina zergatik hartu ditu armak berriro FARCeko fakzio batek, eta zer ondorio izan ditzake horrek? Duque presidenteak inpunitate osoz bake hitzarmenak sistematikoki urratu ditu, eta horrek gerrillari ohien bizitzetan eragin zuzena dauka. Adibide batzuk jartzearren: produkzio proiektuak sortzera bideratutako dirua ez da iristen, gerrillari ohiak diren ama askori beraien umeen zaintza kentzen diete, eta armadak eta paramilitarrek gizarte liderrak erailtzen jarraitzen dute. Ez dago berme juridikorik, eta askok disidentzian ikusten dute bizirik irauteko aukera bakarra. Birgizarteratze prozesuak porrot egin du eta uribismoak ozen txalotutako Duqueren gobernua dugu horren arduradun nagusia.

Hala ere, azpimarratu beharra dago kide askoren sarrera disidentzian modu informalean gauzatzen ari zela kontaktu sareen bitartez. Orain, deialdi publiko batekin, sartzeko prozedurak formalizatu dira, eta sarbide prozesua erraztu egin da. Disidentziak izen bat hautatu du (ezin ahaztu alderdiak baliatzen duen izen bera dela), bere agintariak jakitera eman ditu (sona handiko pertsonak), eta badakigu non jarduten den. ETCReak (borrokalari ohien elkartze espazioak) kideak bereganatzeko gune estrategiko bihurtu dira. Eremu horietan arriskurik handienak gerrillari ohiekin batera bertan bizi diren senide eta sare afektiboei eragiten die; izan ere, zuzenean fakzioan sartzeko hautagai apropos bilakatzen dira. Disidentzia modu esponentzialean azkar hazteko arriskua handia da. Aldiz, FARC alderdiak armak berriro hartzea kondenatzeko baliatu duen irmotasunak arriskua txikitzen du, baina datu ofizialak 23000 pertsonaz ari dira, guztien %10, eta, ehunekotan asko ez bada ere, gudaroste eraginkorra osatzeko kide kopuru duina da.

Armak berriro hartzeko egindako komunikatuak, desagertutako FARC-EPek erabili ohi dituen molde klasikoekin alderatuta, epe labur edo ertainean ondorioak ekar ditzaketen ezberdintasun esanguratsuak islatzen ditu. Batetik, disidentziak ez duela bahiketarik gauzatuko iragarri du, eta, bestetik, erasoei baino ez dietela erantzungo adierazi. Aldez aurretik, estrategia berri horrek gatazkaguneetan presio militar txikiagoa ekarriko duela eta hildako zibil gutxiago egon daitezkeela aurreikustera garamatza. Aldiz, beraien antolaketa egiturak ahulak dira, eta sendotze bidean daude; horrenbestez, gerrillarik gabeko urte hauetan historikoki FARCen esku egondako lurraldeak kontrolpean hartu dituzten bestelako aktore armatuek erraz urra ditzakete sare horiek. Legez kanpoko ekonomien sorrera, paramilitarismoaren sendotzea, pertsonen trafikoa edo narkotrafikoa ageri dira beste arrisku posibleen artean, bereziki Venezuelako mugako inguruetan.

Beste berrikuntza bat ELNekin koordinatzeko gonbidapena da, Kolonbian jardunean dagoen beste gerrilletako bat dugu, ideologikoki zenbait desadostasun dituzte beraiekin eta historikoki bien arteko lehia nabarmena izan da. Berez, FARCen armagabetzeak eta fronteetan atzera egiteak ekarri zuten ELNk FARCen esku egondako zenbait lurraldetako kontrola bereganatzea; hala nola Nariño, Arauca, Santanderreko Iparra, eta abar. FARC lurralde horietara elkarbizitza sustatuta itzuliko dela eta ELNrekin elkarlanean egingo duela pentsatzea eztabaidagarria da oso.

Aktore armatuak lurraldeen kontrola eta hegemonia lortzeko borrokatzen dira, eta, lehian sartu behar badira, hala egingo dute. Argi dago herritar zibilak izango direla gatazkaren eguneroko ondorioak pairatuko dituztenak: militarizazio gehiago, zapalkuntza handiagoa eta gorputzik eta bizitzarik zaurgarrienen kontrako indarkeria zuzenekoa. ELNerekin izandako bake elkarrizketen hausturak (baita Duqueren gobernuan zehar ere) ELNko sektore gordina, militarrek bultzatutakoa eta legez kanpoko ekonomien aldekoa, sendotu du, ideologizatutako sektore politikoagoaren kaltetan, eta horrek ez du tentsioa murrizten laguntzen. Ezbairik gabe, gerrilla berria presaka eta modu gatazkatsuan hedatuko da, eta tentsioak gora egingo du berez jadanik estatuak nahiko baztertuta zituen zenbait lurraldeetan.

Disidentzia berri baten berrarmatzeak oso egoera zailean uzten du berez ahulduta dagoen bake prozesua; gogoratu beharra dugu prozesua gaurdaino existitutako bake akordio biribilenetako batekin bukatu zela. Duqueren gobernuak egoera bideratzeko erakutsitako borondaterik ezak (besteak beste bakearen kontrako neurriak hartzen jarraitzen du) Kolonbiak bizi duen ataka berriaren konplize eta erantzule zuzena bihurtzen du; ezinbestean komunitateen bizitza okerragotu eta gorputzik zaurgarrienetan indarkeria zizelkatuko duena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna