Turismoa, euskaldunak eta begiratzeko moduak

Asier Basurto Arruti - Bizilagunekin plataformako kidea

2019ko azaroak 19
Turismoa Donostian ez da berria; 1813ko sutearen osteko berreraikuntzatik, gutxienez, hiria beren aisialdian bisitatzen dutenen topagune izan da. Ordutik hona, jarduera horrek hirian izan dituen eragin ekonomiko, politiko, sozial eta kulturalak nabarmenak izan dira. Azken urteotan, turismo jarduerak hazkunde azkar eta handia izan du hirian; gainera, bere ezaugarriak aldatuz joan dira eta hiria bizitzen ari den eraldaketa handiaren elementu gako bezala hautematen dugu askok. Etxebizitzaren prezioa, lan-merkatua, hiriaren egitura ekonomikoa, merkataritza txikiaren itotzea, kale-espazioaren erabilera, auzo-komunitateen kohesioa, kultur jardueren izaera, azpiegitura handien diseinua... bertan bizi garen herritarron bizitzan erabakigarriak diren hamaika arlotan du eragina turismo ereduak. Eta kezkatzeko hamaika arrazoi ikusten ditugu.

Hirian gertatzen ari denak euskararen egoerarekin eta euskaldunon eskubideekin izan dezakeen lotura turismo ereduarekin kezkatutako donostiarrak antolatzen hasi ginenetik presente izan dugun gaia da. Askotan atera izan da gaia. Ikerketa soziolinguistiko espezifikorik ez daukagu oraingoz.

Turismoaren eta tokiko hizkuntza zein kulturen arteko harremana, orokorrean, izan da azterketa eta hausnarketa gai azken hamarkadetan. Mundializazioaren giltzarrietako bat izan da turismoaren hazkundea. Finantza sistemaren globalizatzea eta teknologia berrien garapena eta hedapenarekin batera, turista populazioaren handitzeak eta maiztasunaren biderkatzeak izan dituen inpaktu kulturalak berebizikoak izan dira. Kulturarteko harremanen maiztasuna eta intentsitatea areagotu da, zalantzarik gabe. Horrek gutako bakoitzari munduaren ikuspegi orokorrago bat, osoago bat eman digu ziurrenik. Horrekin batera, turista bakoitzari ezusteko esperientzia eta bizipenak eskaini dizkio lurralde eta jende ezezagunekin kontaktu zuzenak.

Berezitasuna eta berezkotasuna (autentikotasuna) da lurralde batengandik turistei erakargarri zaiena. Gutxi heldu diren tokira heltzea, munduan bakarra den esperientzia bizitzea, zapore arraroak dastatzea, desberdinak hurbiletik ezagutzea... Horregatik, turismoaz etekina atera nahi duena berezitasun horiek azpimarratzen saiatzen da. Ingurune natural zoragarrienaz, kultur adierazpen aintzinakoenaz, argazki originalenaz, esperientzia ahaztezinenaz edo jaki goxoenez gozatzeko aukerak saltzen ditu turismo sustatzaileak.

Baina turismoaren hazkundea eta hedapena indar homogeneizatzaile itzela da. Izan ere, berezitasun eta berezkotasun guztia bertan egun gutxi batzuetan izango dugun bezeroari eskaintzeak eskatzen du estandarizazioa eta homologazioa. Artalde sentitu nahi ez duten milioika ardi dira turistak. Hala, turismoari begira jartzeko ondare natural, kultural eta sozialak produktu bilakatu behar dira. Produktu bilakatzeko urrats horretan, hain zuzen ere, berezitasun eta berezkotasun eskaerari erantzun nahian, baliabide kulturalak bere berezitasunean fetitxizatzen dira; elementu bizi, aldakor eta inperfektu izatetik, erosleak nahi duenari erantzuten dioten produktu bihurtzen dira.

Eskoziako erakundeek galdetzen badiete bertara doazen bisitariei ea kalean gonadun gizonak ikustea gustatzen zaien, aurreikusi daiteke baiezko erantzunak jasoko dituztela. Turistek atseginez bisitatzen dituzte Alpeetako glaziarrak, eta txundigarri zaie arrantza-portu tradizionaletako jarduera. Hala ere, turisten gustuko izatea ez da neurgailu ona baloratzeko jarduera, baliabide eta ondare horren osasun egoera. Ez da elementu biziak diren seinalea. Ez die etorkizuna bermatzen. Alderantziz, sarritan arriskuan jartzen dituena turismorako erakargarri izatea bera da. Ipar Euskal Herrian dugu bertako kultur elementuak turisten erakargarri gisa baliatzearen esperientzia, besteontzat ikusgai eta ikasgai. Kanpora begira zuri, gorri eta berde, lauburu, bixkotx eta biper da dena. Baina sarri elementu fosilizatu gisa saltzen dira gure kulturaren elementuak; benetan bertako biztanleriaren bizimoduaren parte izateko inongo beharrik gabe.

Euskal Herria bisitatzen duten pertsonek bertako hizkuntza euskara dela eta herritar asko euskaraz bizi nahian gabiltzala jakitea hobe da ez jakitea baino. Herri euskaldunenetan, bertako ohiko bizimodua euskaraz garatzen dela senti dezatela ere positiboki baloratzekoa da. Gainera, ziurrenik gustatu ere egingo zaie, Europako bazter honetan biziberritzen ari den antzinako hizkuntza baten testigu izatearen esperientzia. Eta erakargarri bazaie, onuragarri izango da hori turismo jarduerarekin irabazi ekonomikoa ateratzen duten pertsona eta eragileen poltsikorako. Hor ez dago eztabaidarik. Baina euskara erakargarri izatea turistentzat edo haiei euskararen bizitasuna erakustea positiboa izango da gure hizkuntzaren garapen soziolinguistikoan? Zalantza handiak dauzkat eta ezezko erantzunerantz desorekatzen zait balantza, gero eta gehiago.

Euskaraz bizi garela erakusteko, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez zuzenduko gatzaizkie turistei. Hiztegitxo bat emango diegu, toponimiaren inguruko azalpenak eskainiko dizkiegu, euskararen eta euskal kulturaren inguruan informazioa zabalduko diegu eta bertakoarekiko errespetua transmititu. Baina zein hizkuntzatan? Zein hizkuntza izango da beharrezkoa, beraz, jarduera horietaz arduratzeko euskararen arnasgune diren herrietan? Lan merkatura sartzear den gaztearen aurrean zein baliorekin lotuko da hizkuntza bakoitza? Euskara produktua izango da eta beste hizkuntzak saltzeko tresna.

Eta beraz? Zer egin behar dugu? Guk nahi edo ez, zenbait joera geldiezinak direla entzuten dugu behin eta berriz Donostian turismo ereduaren kalteez kexatzen garenean. Begiradan dago gakoa kasu askotan, eta halaxe da hizkuntzaren gaian ere. Beste arloetan bezala, turistari gutxiago begiratzen hasi eta bertako herritarrengan zentratutako politikei eman behar zaie lehentasuna. Turista gehiago edo gutxiago egon, herritarrok gure herrietan ditugun euskararen erabilerarako baldintzak ahalik eta gehien zabaldu eta blindatzea da gakoa. Borondate onerako deia egiten duten kanpainen bidez bai, noski, baina batez ere araudi eta politika bermatzaileekin. Turismoaren sektorean euskaraz lan egitea litzateke lehen urratsa, baina herritar guztien hizkuntza eskubideak tinko babestea da garrantzitsuena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna