Auzoetatik: hirigintza komunitarioa

Joseba Arbaiza Alvarez - Lurralde antolamenduan aditua

2019ko azaroak 30
Gero eta gehiago gara munduan hirietan bizi garenok. Gainera, hiri horiek gero eta biztanle gehiago biltzen dituzte. Are gehiago, hiri erraldoi horietako auzoak gehiago eta handiagoak dira. Hiriek, oraindik, menpekotasun nabarmeneko «sistema» sortzen dute. Izan ere, hirietan bertan kontsumitzen den energia, beharrezkoak diren elikagaiak edota sortzen diren hondakinen ehuneko oso txiki bat produzitzen/kudeatzen da. Eta menpeko sistema hauek gero eta orokortuagoak daude munduan.

Hiriak etengabeko berregite eta aldaketa prozesuan daude, sakonekoak zein azalekoak. Horretarako eredu ezberdinak erabiltzen dira. Tamalez, Euskal Herriko hirietan eredu neoliberal gordinenaren alde egin izan da gehienetan. Horrela, hirien erdigunea eta periferiako auzoen arteko ezberdintasunak areagotu, ezberdintasun sozialen arrakala handitu, hiriak etengabeko eskaparate batean bihurtu, ez-lekuak biderkatu edota nabarmena izaten da ekimen herrikoiei gero eta traba gehiago jartzea kultura sortzeko ahaleginean. Dena gero eta aseptikoago, arautuago eta itxuraz berdintsuagoa da; hemen zein milaka kilometrotara, uniformizazioa alegia.

Gure hiriek gero eta lur eremu handiagoak erabiltzen dituzte, lurra lurzoru bihurtuz. Horregatik, besteak beste, urtero porlanizatutako eremu berrien ehuneko handi bat beraiei dagokie. Gaur egun, hiriek duten erronka nagusietako bat horretan datza: hirigintza jarduera eta planifikazioen erdigunean hirien barneko berregitea eta horiei lotutako politikak auzokideen beharretara egokitzea. Noski, eredu hau auzo berriak etengabe eraiki, periferiaren periferia sortu, saihesbidearen saihesbidea egin eta orain arteko ereduekin apurtzea ekarriko luke. Eredu aldaketa zaila bezain ezinbestekoa, barnera begiratzeko ariketa, hirigintzan bestelako irizpideak kontuan hartu behar direlako: inklusibotasuna, komunitatea, justizia soziala, zeharkakotasuna eta tokiko eskala.

Gure euskal eskala txikian, esaterako, gure hiriak nortasun, elkarbizitza, ekonomia, behar, ezaugarri eta errealitate ezberdinak dituzten auzoez eratuta daude. Norberaren bizitza eskala, kasuak kasu, bere auzoaren edota gertuko auzoetako distantziara laburbildu daiteke. Horrela, auzo horien zerbitzu publikoen kalitatea eta eskuragarritasuna, mugikortasun jasangarrirako aukerak, gizarte kohesioa, metabolismo demografikoa edota hiri-morfologia bezalako irizpideek auzo bakoitzaren errealitatea eta beharrak irudika dezakete. Horregatik, hirigintzaren eredu aldaketan auzoen eskala eta bertako komunitatea kontuan hartzea beharrezkoa da.

Auzoko komunitatetik diagnostikatu, planifikatu eta ekin

Hiriek, orokorrean, epe labur, ertain eta luzera begirako erronka garrantzitsuak dituzte. Horietan, badira batzuk saihetsezinak direla: energiaren produkzio deszentralizatuak eta kontsumoak murriztea, mugikortasun-politiken bidez ibilgailu pribatuei lehentasuna kentzea, aniztasuna, dependentzia, zerbitzu publikoen deszentralizazioa, hezkuntza, ekonomia propioak egituratzea... Eta hirigintza eta planifikazioarekin lotutako politikek berebiziko garrantzia dute horretan, bizitza erdigunean jartzeko ahaleginean. Beste behin ere argi gelditzen da planifikazioak zeharkakotasuna eskatzen duela, hau da, politika integralak.

Baina erronka horiei heltzeko, administrazioaren egiturak ere egokitu behar dira, derrigorrez. Hirien eskalan, argi geratzen da udal egiturak ez daudela oraindik prest auzoetan ematen diren errealitate konplexuei erantzun integralak emateko. Elkarren artean ia harremanik ez duten eta bizilagunekin harreman gutxiago duten eremu estankoetan oinarritutako udal-funtzionamendua iraungi egin da. Udal-egitura zeharkakoago baterantz aurrera egin behar da, lantaldeekin eta herritarrekin modu aktiboan lankidetzan arituz, jakintzak eta ezagutza bateratuz, alternatibak planteatzeko. Horretan, metodologia interesgarriak garatu izan dira. Horien arteko bat Iruñeko Sanduzelai auzoan, auzo ekimenetik bultzatutako Erdigune proiektuaren harira, auzoaren alde zaharrena sozio-urbanistikoki biziberritzeko prozesu integrala eta komunitarioa.

Prozesu horretan egindako diagnostiko parte-hartzailean auzo askotan errepikatzen diren errealitateak identifikatzen ziren. Esaterako, zahartze prozesua eta auzokide nagusien autonomia maila gero eta txikiagoa izatea. Prozesu honetan komunitate sendo bat izateak errealitate berriari heltzeko aukerak irekitzen ditu, izan ere, belaunaldi ezberdinetako auzokideen arteko sareak egonik elkarlaguntza eta elkarzaintza eraginkorrago eta humanoago bat bideratzeko aukerak biderkatzen dira. Horretan ezinbestekoak bihurtzen dira gune edota espazio komunitarioak eta erabilera anitzeko eraikinak. Horiek auzoetako elkargune, gatazkagune eta bihotzak dira: plaza, zentro komunitarioa, liburutegia, eskola, osasun etxea, merkatua...

Ibilgailu pribatuaren gehiegizko presentzia, etxebizitzen eta kaleen kalitatea, sakoneko behar sozialak, aparkalekuen afera, kalearen berreskurapena, erreferentziazko guneak lotzeko bide seguruak, hutsik dauden bajerei irtenbidea ematea eta bestelako errealitateak identifikatu egin ziren auzokideen aldetik. Horri lotuta, bertakotze planak etxebizitza politiketan txertatzea aukera bat da, hau da, norberaren auzoan gelditzearen aldeko apustua egiten duten gazte horiek lehenestea. Nagusien eta gazteen beharrak eta auzoetan egon daitezkeen etxebizitza-baliabideak uztartzea tokian tokiko errealitatean oinarritutako proposamen zehatzak eskatzen ditu. Auzo eskalako ekonomian sakontzea zen identifikatutako beste erronka bat. Horretan, ezinbestekoa litzateke jarduera ekonomikoen dibertsifikazioa eta komertzioa sendotzea. Prozesu luze, zail eta eraikitzailea.

Barnera begiratzeko unea da. Hirigintza komunitatetik bideratzeko aukera dago, auzotik, nola bestela?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna