Boliviako irakaspenak

Iñaki Etaio eta René Behoteguy
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Estatu kolpea gauzatuta eta honen osteko jazarpen —eta erresistentzia— testuinguruan murgilduta, ondorio batzuk atera ditzakegu Boliviako Estatu Plurinazionalean gertatutakoari buruz. Informazio, bideo eta sare sozialeko mezuez gain, gertatzen ari denaren atzean dauden eragile eta interesez jabetu behar gara. Era laburrean, eta beharrezko tartearekin, hauexek dira Estatu kolpearen egiaztapen batzuk:

—Mehatxua benetakoa da. Nahiz eta ezkerraren zati handi bat «bake sozial» egoera erlatibora egokitu den eta ez duen mantendu antolatzeko, formatzeko eta etorriko diren erasoen aurrean prestatzeko tentsiorik, kontraesanek presente diraute jendarteetan. Ezkerrak nagusitasun sozial eta diskurtsiboa lortu arren, aldaketa-prozesuaren etsaiek beren momentua itxaroten jarraitzen dute, baita ezkutuan lan egiten momentu hori bizkortzeko.

—Erantzuna ezin da berandutu. Gobernuaren uko egite behartuaren eta jazarpenaren, arrazismoaren eta irainen ostean, mobilizazio erraldoiek hartu dute kalea. Milaka aimara jaitsi dira La Paz-era, kokaleroek errepideak moztu dituzte eta jatorrizko herrien, mehatzarien eta beste sektoreen martxa anitz egin dira, hauteskunde-iruzurra salatzen zutenek okupatu zuten espazioa hartuz. Hala ere, erantzuna beranduegi heldu da. Evo presidentetzan egon zenean bakea eta elkarrizketaren aldeko mezuak igorri zituen, eta eskuinarekiko talka saihestu zen. Alabaina, poliziek eta militarrek herritar umilen eta desarmatuen aurka egiten dituzten tiroketa saldoa bilakatu da saihestu zen konfrontazio hura.

—Munstroari egindako kontzesioek errebantxismora daramate. Gobernu zilegiaren ahultasuna eta egindako kontzesioek eskuina harrotu baino ez dute egin, amaieraraino estutzen jarrai zezakeela erakutsiz. Polizien matxinada eta indar armatuak kolpearekin lerrokatzeak atzeraezin bihurtu zuten dena. AEEren auditoretza loteslea onartzea, hauteskunde berriak iragartzea, presidentetzari uko egitea... ez ziren nahikoak izan hondamena ekiditeko, ezta errepresioa gelditzeko ere. Bi sektoreen arteko talka saihestu da, baina kolpearen kontra adierazten direnek jartzen dituzte hildakoak. Ehizaldiak jarraitzen du MASen karguen eta militante sozialen kontra, baita kazetarien eta komunikabideen kontrako jazarpenak ere. Mendekua eta umiliazioa ultraeskuinaren ezaugarriak dira botere politikoa berreskuratu dutenetik. Venezuelan badakite; 3 egun bizi izan zituzten 2002an. Horregatik, chavismoa bere prozesua kosta ahala kosta defendatzeko prest dago.

—Klase ertainaren jokabide erreakzionario eta arrazista. Álvaro García Linerak El odio al indio artikuluan azaltzen duenez, herri sektore handiak (batez ere, jatorrizko herrikoak) zerbitzu publikoetara eta, batez ere, administrazio eta beste instantzietako postuetara heltzeak hiriko klase ertainaren pribilegio egoera erasan du nabari, espazio hori okupatzera ausartzen den indioaren aurkako arrazismo eta supremazismoa areagotuz. Aldi berean, hobekuntza ekonomikoagatik klase ertainera heldu ziren sektore pobreen ideologizazioari ez zitzaion jarri behar zuen arreta, eta egitura mentalen hutsune hori komunikabide eta entretenimendu-industriaren ideologia erreakzionario hegemonikoak bete zuen.

García Lineraren hitzetan, Boliviako klase soziala arraza-hierarkia moduan agertzen da, Estatu kolonialaren egitura baino ez dena. Indioarekiko gailentasuna jatorrizkoen sinesmen eta praktika basatien aurrean Biblia kontrajarriz irudikatzen da. Kolpistek kolonizatzaileen ezpata fusilekin ordeztu dute, baina Biblia beste eskuan heldu dira berriz. Aurreiritzi, arrazismo eta integrismo erlijiosoa barnebiltzen dituen gorroto sentimendua agertu da ikasketa unibertsitarioak eta nolabaiteko estatus soziala dituen sektoreetan. Hedabide pribatuek guztiz manipulatuta daude eta klase-kontzientziarik gabeko sektoreetan Boliviako oligarkiaren mugimenduen atzean dauden arrazoi ekonomiko eta geopolitikoak ikusteko itsutasuna dago.

—Polizia eta militarrak, ezer ez berri. Herria defendatzeko formatu gabe, prozesuarekin konprometituta dagoen agintearen bidezko barne kontrol zorrotzik gabe edota herri osoa barne hartzen duen milizia-egiturarik gabe, oso zaila da indarkeriaren monopolioa duten instituzioen mendetasuna ziurtatzea. Presidentearen aurrean tentetzeak ez du bermatzen bihar kontra izatea. Txileko militar kolpistek fideltasuna agindu zioten Allenderi kolpearen aurreko egunean.

—Europako gobernuak eta alderdiak, ezer berririk ez. Kapitalaren eragile ezberdinek estaldura ematen diote kolpeari, bere burua gobernutzat izendatu duen hori aitortuz, gobernu batzuek Guaidórekin egin zuten moduan. Euroganberak kolpea izendatzea errefusatu zuen eta gobernu eta alderdi askok onartu dute kolpetik sortutako gobernua, esplizitoki edo de facto. Heriotzengatik kezka azaldu arren, eta hauteskunde berrien deiarekin bat egin arren, herri baten ahalduntze prozesua etetea ospatzen dute pribatuan, pastel boliviarraren zati handiagoa lortzeko irekitzen diren negozio-aukerak aztertzen dituzten bitartean. «Egoera gaitzesgarri argiak egon arren, ez da bidezkoa enpresa-eragile bati eskatzea konpontzeko agintariek eta diplomazia politikoak konpontzeko gai ez direna», adierazi zuen Arantxa Tapiak, Jerusalemgo okupatutako eremuak zeharkatuko lituzkeen tranbiaren eraikuntzan CAFek parte ez hartzeko eskaeren aurrean. Negozioen eta herri zein giza eskubideen artean, lehentasunak argi daude kapitalaren ordezkarientzat.

—Kolpea, egoera geoestrategikoa eta baliabide naturalak. Kolpearen artikulazioa graduala izan da: klase ertainean iruzur baten ideia garatu, protestak guarimbak bihurtu, protesten buru moderatuenak (Mesa) biolentoenekin (Camacho, Añez) ordezkatu, matxinada poliziala, OEAren txostenaren filtrazioa eta militarren mehatxuaren sinkronizazioa... Artikulazio zehatz honek agerian uzten du AEBetako Estatu Sailetik prestatutako kolpea izan dela. AEBek behar dute beren «atzeko patioaren» aberastasunak berreskuratzea (batez ere, gasa eta litioa), Txina eta Errusiaren kontra duten lehiarengatik.

—Antolaketak bakarrik geldi dezakekolpismoa. Boliviako herriek borroka eta erresistentzia historia luzea daukate, Inperio espainiarraren kontra, diktaduren kontra, mehatzari eta kokaleroen mugimenduan edota ura eta gasa pribatizatzearen kontra. Historia honek antolaketa sakona du oinarri. Horri esker lortu dute bizirik irautea edota sindikalista kokalero aimara bat presidentetzara eramatea. Kolektibitaterako zentzuak, antolakuntzarako tradizioak eta borrokarako adoreak egoerari buelta emateko itxaropena elikatzen dute.

Kolpistek kontuan hartu behar dute Evoren gobernutik haratago jatorrizko herriak eta langile klaseak daudela. Erresistentziazko 500 urteren ostean «nahikoa da» oihukatu dute eta ibiltzen hasi dira, Abya Yalaren benetako askatasun politiko, sozial eta ekonomikoa lortu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.