Gezurra sinetsarazi nahi digute

Andres Krakenberger, Josu Oskoz eta Maitena Salinas
2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Azken boladan, oinarrizko giza eskubideen aplikazioan atzera egiten ari garela ikusi dugu, bai mundu mailan, bai gure inguruan.

Behin eta berriz sinetsarazi nahi digute migratzaile irregularrak —eta pobreak, beraz— arrisku bat direla gure segurtasunerako. Antza denez, guganaino egiten duten ibilbidean, haien segurtasunak ez du axola.

Eroso samar bizi garenoi bost axola zaigu migratzaile irregularren segurtasuna miseriatik, gerretatik edo klima-hondamendietatik ihes egiten dutenean. Mediterraneoan milaka lagun hil dira, baina are gutxiago inporta zaigu haien osotasun fisikoa eta psikikoa sorterrietan. Ziur asko, jada ez dugu gogoratuko fabrika bat erre zela duela aste gutxi Anaj Mandi auzoan, New Delhin. Birentzako logeletan hamar eta hamabost lagun artean zeuden, eta, fabrikan, paperezko produktuak, motxilak, plastikozko jostailuak eta jantziak egiten zituzten, eguneko 2 euro eskasen truke. Udal agintarien arabera, horren antzeko 2.800 enpresa inguru daude, eta uste da benetan 10.000tik gora horrelako enpresa klandestino daudela. Hori guztia gertatzen da 46 milioi pertsona bai, berrogeita sei bizi diren metropoli batean.

Hasieran, 43 lagun hil ziren sutearen ondorioz, gutxienez. Fabrika bat zela esan dugu. Egiatan, ez; bizitoki-eraikin bat zen, fabrika bihurtu zutena legez kanpo, inolako segurtasun-neurririk gabe. Hildakoetako batzuek hurbilekoekin telefonoz hitz egin ahal izan zuten hil baino pixka bat lehenago, beren etsipenaren berri emateko. Mendebaldeko hedabide batek ere ez du aditzera eman legez kanpoko larru-fabrika horrek mendebaldeko zer enpresa hornitzen zituen. Ez dezala ezerk okertu kontsumitzaile garen neurrian darigun axolagabetasuna—segurtasunarekin nahasten duguna—, ezta mendebaldeko enpresa horien etekinei darien axolagabetasuna ere. Hori ez da segurtasuna.

Azken urteotan, mezu batzuk gora eta gora ari dira, zenbait iritzirekin adi ibili behar dugula diotenak. Antza, iritzi horiek gure segurtasuna arriskuan jar dezakete, eta, hortaz, mugatu egin behar dira, edo bete-betean suntsitu eta zigortu, zuzenean. Itxura batean, mendebaldeko kulturaren balioak babesteko jokatu behar da era horretan. Gainazala zertxobait arakatuz gero, ordea, iritzi jakin batzuk adierazteak ez du gure segurtasuna arriskuan jartzen, ez. Aitzitik, aldaketak gertatzeko beldurrak eta beldur horrek ekar ditzakeen erreakzioek eragiten dute arriskua. Mundu mailan, aldaketak nahi ez dituztenen beldurra da hori, haiei mesede egiten dieten jokoaren arauak aldatuko liratekeelako.

Era berean, sinetsarazi nahi digute eskubide gehiegi daudela eta agintaritza falta dagoela. Horren ondorioz, elkarte eta alderdi politiko jakin batzuk debekatu egin dira erregimen askotan, eta, beraz, elkarteak eratzeko eta biltzeko askatasuna urratu egin dute. Eta, gertuago ditugun zenbait kasutan, desobedientzia zibileko ekintza baketsuak zigortu dira (procés-ean, adibidez, zigorrak gogor-gorrak eta gehiegizkoak izan dira); edo torturatzaileei eta krimen frankisten erantzuleei inpunitatea eskaini zaie; edo estatuaren estoldak onartu egin dira. Diktadorearen momia ohore guztiekin atera dute hobitik; milaka desagertu, ordea, ahaztuak izatera zigortu dituzte. Bai, baliteke batzuontzat gertuko kontu bat ez izatea... Baina, beharbada, gertu samar ikusten dugu elkarte edo alderdi batzuk deabrutu egiten dituztela, eta, modu irekian esan gabe edo kameren aurrean bertan esanda, gizartea prestatzen ari dira independentistak, feministak, LGTBI kolektiboak, komunistak eta beste batzuk estigmatizatzeko edo legez kanpo utziko dituzten mehatxu egiteko. Eta ustez horiek denak legez kanpo utzi nahi dituenari aurpegiratzen badiozu, intolerantea zu zarela botatzen dizu, zu ari zarela zuritzen zuritu daitekeen guztia.

Alabaina, argudio horrek memoriarekin talka egiten du; horretarako, aldiz, memoria eduki beharra dago. Are gehiago, ez dute guk memoria izatea nahi. Iragan mendeko aldi ilunenetako bat amaitu berritan, 1945ean, Karl Popper austriar filosofoak tolerantziari buruzko bere paradoxa ospetsua adierazi zuen: nahiz eta paradoxikoa dirudien, gizarteak intolerantziarekin intolerantea izan behar du, gizartea tolerantea izango bada. Aske izan nahi badugu, tolerantziarik ezin dugu onartu intolerantziarekin. Gorrotoaren diskurtsoari aurre egin behar zaio tinko, datuekin, ekintzekin eta argudioekin. Gorrotoaren diskurtsoa urtu egiten baita argia hurreratzen zaionean. Objektiboki, segurtasunik eza eragiten dutenak ez dira migratzaileak, ezta bestelako eredu sozialak defendatzen dituztenak ere.

Eta hasierara itzuliz... Ez, emakumeen segurtasunik eza ez dute etorkinek eragiten. Emakumeen segurtasunik eza gizonek eragiten dute, generikoki, eta mendetan zehar munduko biztanleriaren %52k bereizkeria jasatea ekarri duen sistemak; hau da, emakumeek segurtasunik eza sentitzea eta, ondorioz, horren kontra altxatzea ekarri duen sistemak. Eta, nola ez, gizon batzuek, guztiek ez, inondik ere, baina gizon dezentek, zalapartaka eta antolatu nahian, aldaketaren aurka erreakzionatu dute, eta emakumeenganako indarkeria era zeharo matxista batean hutsaltzen ari dira sare sozialetan eta hedabide batzuetan. Adingabe baten bortxaketa ere zalantzan jarri dute: jakina, bortxatzaileak mutiko jator batzuk dira, gutarrak, eta ez gurea dena kentzera datozen etorkin batzuk. Berriz ere diogu, segurtasunik eza ez dute etorkinek eragiten, baizik eta feminismoaren aurkako jarrerak, berdintasunaren aurkako jarrerak, pentsamendu ultrakontserbadoreak eta supremazismoak. Eta kito.

Ez diezagutela gezurra sinetsarazi. Segurtasunaren ikuskera demokratikoa —eta ez progresista— ez da, berez, arriskurik ez egotea; aitzitik, segurtasunaren ikuskera demokratikoan, ez dira inoren giza eskubideak urratzen, eta ez da planetaren iraunkortasuna kolokan jartzen. Horrenbestez, ez diezagutela sinetsarazi segurtasuna areagotu egiten dela beste batzuen giza eskubideak urratuz. Eta, ildo beretik, ez diezagutela sinetsarazi askatasuna eta giza eskubideak galtzea onartu behar dugula segurtasuna handitzeko. Segurtasunak giza eskubideak ez urratzea esan nahi badu, argi dago kontraesan bat saldu nahi digutela, inondik ere ez dabilen gezur bat, hasieratik bertatik okerra baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.