Izuaren birusa zabaldu dute

Ikaragarri egin du gora koronabirusak hildakoen eta kutsatutakoen kopuruak, Txinak diagnostikoa egiteko irizpideak aldatu dituelako. OMEk dio epidemia ez dela hazi

Mediku bat koronabirusak jotako gaixoak artatzen, atzo, Wuhango Jinyintan ospitalean. YUAN ZHENG / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Egunero ari dira ematen koronobirusak eragindako hildakoen eta gaixotuen datu berriak, eta atzokoek izua eragin zuten, gaitza ez ote den uste zen baino zitalagoa eta larriagoa. Hubei probintzian (Txina), gaixotasunaren fokuan, asteazkenean baino %30 gehiago dira gaixotuak: 60.000tik gora; kasu berriak 14.840 dira, bezperan baino hamar aldiz gehiago. Hildakoen kopurua ere izugarri igo zen atzo: 242 hil ziren, asteazkenean halako bi. Birusa iazko abenduan hasi zen hedatzen, eta hiru hilabete eskasean, 1.363 pertsona hil dira, bi ez beste guztiak —Filipinetan eta Japonian bana— Txinan.

Zenbakien gorakada horren atzean bada eragile jakin bat: Txinak aldatu egin du Hubein diagnosia egiteko irizpidea. Atzo arte, azido nukleikoaren test batean positiboa ematea gaitza edukitzearen sinonimoa zen, baina nola hainbat egun behar diren horretarako, tratamendua ere atzeratu egiten zen. Oso proba luzea da, laborategietan egin beharrekoa, eta, gainera, baliabide urriekin ari dira lanean. Atzotik, tomografia bidez egiten ari dira diagnostikoak, eta pneumonia antzematen zaienak ere koronabirusaren biktimen zerrendan jartzen hasi ziren. Proba hori azkar egin daiteke, ez da laborategien beharrik, eta medikuak egin dezake diagnosia. Gaixoak tratatzen lehenago hasteko aukera ere ematen du.

Izuaren birusa hedatu dute datu berri horiek, baina Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) lasaitasunerako deia egin zuen atzo bertan: «Kasu berri gehienak duela egun eta aste batzuetakoak dira, baita epidemiaren hasierakoak ere». John Nicolls Hong Kongeko Unibertsitateko sendagilea ere antzera mintzatu zen, eta behar baino larritasun handiagoa ez sortzeko baieztapena egin zuen: haren ustez, SARS arnasketa sindrome akutua bezain hilgarria ez da koronabirusa, «nahiz eta gaitz berri honetaz gauza asko jakitea falta» den. Ontzat jo zuen, gainera, diagnosiak egiteko irizpidea aldatu izana.

Beste sendagile batek, Julia Vergara-Alertek atzo adierazi zuen Animalien Osasunaren Ikerketa Zentroan ikertzen ari direla bi proteina, eraginkorrak izan daitezkeelakoan: «S proteina eta aktina txertoan erabiltzeko balizko hautagaiak dira».

Horrelako mezuak gustura entzungo zituzten itsaso zabalean zebilen gurutzaontzian, bidaiari batek gaitza izan dezakeelakoan bost herrialdetan porturatzeko debekua jasotakoak. Kanbodiak eman zion baimena atzo lehorreratzeko 2.000 bidaiariko itsasontziari. Larriago dabiltza beste gurutzaontzi handi batean. Japoniako uretan da, eta atzo 44 gaixo gehiago daudela baieztatu zuen herrialde horrek; denera, 218 bidaiari daude koronabirusak kutsatuta. 3.700 lagun doaz bertan.

Kargugabetzeak Wuhanen

Txinan, bien bitartean, gobernuaren egonezina gero eta handiagoa da, eta Hubei probintziako aginte guneetan garbiketa egiten hasi da. Jian Xaoling Alderdi Komunistako idazkaria eta probintzia horretako agintari gorena kargutik kendu du herrialdeko gobernuak, eta haren ordez Ying Yong ipini du, orain arte Shanghaiko alkatea zena. Txinako presidente Xi Jinpingen oso gertukoa da. Egun batzuk lehenago, Hubeiko Osasun Batzordean egin zituen aldaketako gobernuak.

Gobernuak herritarren artean ahalik eta lasaitasun handiena hedatzeko neurritzat baditu ere, kalean kezka da nagusi. Zer esanik ez ospitaleetan. Hain zuzen, erietxeetako egoera salatzeko bideoak egin zituzten Fang Bin kazetaria eta Chen Qiuxi abokatua desagertuta daude. Hong Kongeko telebistak azaldu duenez, kazetaria atxilo daukate; aurreko astean ere preso sartu zuten. Abokatuaren kasuan, familiak ez du berririk behin-behineko ospitale batera grabatzera zihoala esan zienetik.

Europa, mugak ixteaz

Txinako Gobernuarekin bestelako konfiantza bat dauka Europako Batasunak: «Nazioarteko taldeak daude bertan, eta Txinak ematen duen informazioa benetakoa dela baieztatzen ari zaizkigu». Adierazpen hori egin zuen Vili Beros Kroaziako Osasun ministroak atzo —Kroaziak du Europako Batasuneko presidentetza aurtengo lehen sei hilabeteetan—, Europako Batasuneko 27 Osasun ministroen bileran.

Aztertzen aritu ziren nola egin aurre osasun krisiari herrialde guztiek batera, eta, nabarmendu zutenez, «estatu guztiak prest daude gaitzari ondo ekiteko». Onartu zuten, hala ere, «arazo batzuk» badirela, gehienbat balizko hornidura falta. Europan, 11 herrialdek baieztatu dute 50en gaixo dituztela; kasu gehienak Alemanian, Frantzian eta Erresuma Batuan dauzkate. Europako Batasunak oraingoz baztertu egin du mugak ixtea, baina egoerak txarrera egingo balu, «aztertu» egingo luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.