Aniztasuna eta batasuna pentsiodunen artean

Maria Serrano Mitxelena eta Jose Maria Uria, Azkarate
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Pandemiak jota zendu diren pertsonak milaka izan dira. Horietako bakoitza desira, amets eta itxaropen ugariz osatutako bizitza bat zen. Eta bizitza bakoitzak gure maitasunezko oroitzapenik beroena merezi du. Bizirik jarraitzeko zoria dugunok nola edo hala pentsiodunen kolektiboaren duintasuna babesteko obligazioa dugu. Horregatik, inoiz ez bezala, bultzatu egin behar ditugu osasun publikoa eta erresidentzia egokiak izatea, non bertan pertsonen bizitzak negozioaren gainetik egongo diren.

Pandemiak pentsiodunen mugimendua eta aldarrikapen agenda ere hankaz gora jarri ditu. Eszenatokia aldatu egin da, batez ere, segurtasun eta osasun publikoari lotutako alorretan. Atzo bertako energia ezin da berreskuratu, mugimendua bera berreskuratzeko prozesu bat izan ezean: bilerak, kontaktuak, harremanak, kontzentrazioak eta planak.

Hortaz, daukagun egoera aintzat hartuta, honako hauek errespetatu beharrean gaude: denborak, abiadurak, beldurrak; hau da, pentsiodunen mugimenduan egon daitezkeen iritzi guztiak. Era berean, garrantzizkoa da tarte edo distantzia ezartzea oinarririk gabeko kritika, deskalifikazio eta mesfidantza sor dezaketen jarrera guztiekiko. Erakunde bakoitzak, plataformak nahiz elkartek, jarraitu beharreko ibilbidea ezarri dezatela, helburua izan dadin etorkizun hurbilean urrunean baino lehenago elkar ikustea berriro. Jarrai ditzakegun bideak anitzak dira, eta, horregatik, guztiak errespetatu behar ditugu akordiorako eskua luzaturik eta beti prest. Azken asteotan, hain zuzen ere, gure artean aniztasun handia erakutsi dugu: pentsiodunen mugimenduaren hainbat sektore instituzioen aurrean mobilizatu gara, zuhurtasunez eta segurtasunez, eta beste batzuek ezegokitzat eta arintzat jo dute hori guztia.

Urtarrilaren 30ean gertatu bezala, mugimenduaren aniztasuna nabarmendu nahi izan da, besterik ez. Hori inondik inora ere ez da zatiketatzat hartu behar. Izan ere, denok batera, pentsiodunok, mobilizazio ugari gauzatu beharko ditugu.

Pandemiak argi utzi du pentsiodunen mugimenduarentzat denborak balio handia duela. Orain eta hemen bizi gara, eta orain bertan behar ditugu pentsio duinak, XXI. mendean aukera emango digutenak gizaki gisa bizitzeko. Pentsiodunen mugimendua 65 urtetik gorako jendearekin osatzen da, eta berebiziko premiak ditu. Eta adierazi nahi dugu, politikaren erdigunean soilik pertsonak jarriz gero, eta bereziki emakume pentsionistak, borondate politikoa izanda eta baliabideak bideratuta konpondu ahal izango dugula 1.080 euroko pentsio minimoaren afera.

Pentsiodunen mugimendua solidarioa da gehien behar dutenekin; pentsio minimoak izan eta prekaritate lotsagarrienean bizirik irauten dutenekin, alegia. Alargundutako emakumeak dira, pentsiodunak, KPIren araberako adierazleekin bizi ezin direnak, beren abiapuntua pentsio lotsagarri bat delako eta ez dielako ezertxo ere konpontzen. Ez dugu entzun nahi, gerrikoa estutu behar delako, zama betikoengana bideratzen dutenen ahotsa.

Era berean, zenbait ahotsek aholkatzen digute gure aldarrikapenak garai hobe batzuetarako uztea. Zehaztu gabeko gero baterako. Horiei esan nahi diegu estatu espainiarrean egun 30.000 milioi eurotik gorako iruzurra egiten dela. Eta gaineratu nahi dugu banketxeek gizarteari 65.000 milioi euro zor dizkiotela. Dirurik badago ala ez? Nork du diru hori? Zergatik ez dituzte behartzen espainiar aberatsak paradisu fiskaletan duten 140.000 milioi euroko dirutza estatura ekartzera? Dirua egon badago, eta galanki.

Gure kolektiboaren aldarrikapen zehatzak babesteaz gain, badira beste premiazko aldarrikapen batzuk agerian geratu direnak, COVID-19aren larrialdi soziosanitarioarekin batera. Horiek lotura estua dute ongizate gizartearekin; adinekoengan ondorio latzak izan dituzte, eta, bereziki, adinekoen egoitzetan. Honako hau aipatu nahi dugu: osasun publikoa eta kalitatezko sare soziosanitario bat babestea. Izan ere, ezaugarri horiek defendatu eta babestu behar ditugu herritarren beste sektore batzuekin batera, herritarren bizitza eta duintasuna zaintzeko. Immanuel Kantek zioenaren arabera, «ezin da duintasunik izan, publikotasunik gabe».

Batasuna da, eta izango da, gure jomuga, gure bidea. Nahiz eta egiatan beti ez den erraza izaten. Azken asteotan ikuspuntu eta sentikortasun ezberdinak agertu dira. Berriro elkarrekin topo egiteko beharrezkoa da aniztasuna erabat onartzea, gaitzespenik gabe.

Bestalde, pentsiodunen sektore batzuk plazetan agertzen ari gara, zuhurtasun handiz eta osasun segurtasunezko neurriekin. Madrileko gobernua gogoan hartuta joaten gara plazetara, baina baita euskal instituzioak ere, izan ere, konbentziturik gaude euskal gobernuak baliabideak badituela pentsioak osatzeko moduan, duintasunik ez duten pentsioen bidegabekeria zuzentzeko. Gaur egungo Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) tresna baliagarria bada ere pertsona zaurgarrienak atenditzeko, ez da guk eskatzen dugun neurrian baliagarria pentsioak osatzeko. Horregatik, beharrezkoa da aldatzea. Kontua da borondate politikoa behar dela.

Horrez gain, PSOE/Unidas Podemos gobernuak iragarri du legegintzaldi honetan onartuko dela 1.200 euroko gutxieneko soldata. Horrek argi erakusten du gutxieneko pentsioa 1.200 eurokoa izatea ez dela astakeria, zentzuzko diru-kopurua baita.

Legeak ahalbidetzen du eskatzen ari garena bideragarria izatea. Era berean, Diru Sarrera Bermatzeko Errenta (DSBE) borondate politiko baten emaitza denez, pentsioak 1.080 euroraino osatu daitezke eta osatu behar dira. Diru kopuru hori Europako Gutun Sozialak aholkatzen du, hala nola, Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) 102 eta 128 hitzarmenek. Halaber, kontua da konstituzioa bera ere bete egin behar dela. 50. artikuluan zera adierazten da: «Botere publikoek, dagozkien pentsioak aldika gaurkotuz, zahartzaroan garantizatuko diete hiritargoari behar-beharrezko ekonomia».

Pentsiodunen artean izan den bat ez etortze puntual hori bizitzaren beste atal bat da. Ziur gaude berriro guztiok elkarrekin egongo garela. Azken batean, beharrak eta balioak partekatzen ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.