'Online'-ra jauzi egin

2020ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Telebistagintza tradizionala erraldoien arteko lehia eremu bilakatu da. Korporazio handiak gero eta handiago, ez bakarrik kanal kopuruan eta horien audientzietan, baizik eta baita urtero fakturatutako publizitatean eta, oro har, estandarizatzen ari den telebista eskaintza ereduan ere: entretenimendua eta informazio espektakularizatua, eta jendetza erakarriko duten telebista-ekitaldien inguruko programazioa.

Estatu frantziarrean, TF1, M6, Canal Plus, NextradioTV eta NRJ talde pribatuak nagusi dira telebista merkatuan, oso indartsua den France TV publikoaren ondoan. Horietako handienek (TF1, France TV eta M6) audientziaren % 70,1 eskuratzen dute, kanal eskaintza oparoa daukate eta, enpresa pribatuei dagokionez, itzela da publizitate fakturazioa. Pirinioetatik behera, Atresmedia eta Mediaset bezalako makro-taldeekin antzerakoa da kontua: enpresarialki eta ikuspegi finantzariotik kontzentrazio ikaragarria dago, publizitatearen %85 bi taldeen kanalek kontabilizatzen dute, eta, oraingoz, 2020ko audientziaren %55,6 bereganatu dute, bereziki Telecincoren eta Antena 3en eskutik. Jakina denez, RTVEren eta kanal autonomikoen pisua apalagoa da (kuotaren %22aren ingurukoa aurten).

Digitalizazioak eta konbergentziak —komunikabideak, informatika eta telekomunikazioen artekoa— agente berriak ekarri ditu, eta ikus-entzunezkoen joko-zelaia konplexuagoa egin. Duela gutxi arte pentsaezina zen indarrarekin ari dira Netflix, Amazon Prime, HBO; telekomunikazio konpainia multinazionalak; eta Interneten bidez jaso daitezkeenak, Youtube eta bestelako sare sozialenak bereziki.

Jendeak ikus-entzunezkoei eskainitako denbora handituz joan da urtez urte, eta dezente egin du gora koronabirusaren garaian. Orokorrean, TB tradizionalaren pantaila handiak garrantzia galdu barik (adinean gora daudenen artean entretenimendurako eta informatzeko erabiliena da), mugikorrak eta ordenagailuak jendearen arreta irabazten ari dira. 2020ko udaberriko berrogeialdian kontsumo datuek zioten bi estatuetako jendeak egunero lau ordutik gora ikusi zuela telebista, baina gehiago puztu zirela eskaerapeko zerbitzuak, bereziki Netflix, eta informazio iturri modura Internet lehenetsi zutela. Joera horiek gazteen artean are eta nabariagoak dira, eta askok telebista tradizionala alboratuta daukate, ez bada talent show-en azken atalak, kirola edota El Conquis bezalako lehiaketen finala ikusteko (EAEn audientziaren %28 bereganatu zuen).

Aipatu dugu lehen ikus-entzunezkoen merkatuan handikien lehiarako baino ez dagoela tartea. Horregatik, ez da erraza bestelako edukiak edota nagusi ez den hizkuntzarekin leku bat egitea jendearen eguneroko kultur kontsumoetan.

Digitalizazioaren aurreko garaian, ikus-entzunezkoen katalogoa eta TB kanal kopurua txikiagoak zirenez, norberaren ekoizpenera jendea erakartzea izaten zen helburu. «Edukia da errege» esaten zuten, «arrakastarako giltza». Orain, kontakizunari garrantzia kendu barik, beste batek pisua irabazi du: edukia eramatea jendea dagoen lekura, audientziak erabiltzen dituen euskarri teknologikoen bidez. Gaur-gaurkoz, online-ra jotzea. Eta, bereziki ume eta gazteengana heltzeko, ahaztu behingoz telebista tradizionala, ez baitute harenganako inongo atxikimendurik.

Teknologikoki gero eta gazte trebeagoak, euskaldunagoak eta aktiboagoak ditugu, baina badirudi hemengo ikus-entzunezko (eta oro har kultur) produkziotik aldenduta bizi direla. Arazoa, baina, beste nonbait dago: eduki horiek ez dute ikasi digitalizatu diren herritarrengana iristen.

EITBren sorrera legean aipatzen ziren bi helburu nagusietarako egungo sistemak ez du balio. Izan ere, medio tradizionaletan zentraturiko korporazioa da, ez du multimediatasuna barneratu eguneroko lan errutinetan, eta hizkuntzen erabileran merkatuan dagoen desoreka areagotu baino ez du egiten euskararen kalterako. Gainera, ikus-entzunezko erraldoien joko-lehian ari da, eskaintza estandarizatuan eta haien joko arauekin. Ikus-entzunezko komunikabide publikoen erakundeak birdefinitu beharra dauzka bere izaera, funtzioak eta horretarako eskura dituen giza baliabideak eta aurrekontuen norabidea.

Eta orain da horretarako garaia, garairik egokiena.

Online edukiei lehentasuna ematea eta horretarako diru sailak berregokitzea; euskara erdian kokatzea; gazteei zuzentzea; eta helburuen betetze maila kualitatiboki zaintzea izan daiteke etorkizunerako formulazioa.

Lehenarekin hasita, telebista tradizionala oro har txiki geratu da (jibarizazioa are nabarmenagoa da euskarazko kanaletan) eta kontsumo emergenteak online plataformetan eta euskarrietan dira. Horretarako, ikus-entzunezko sistemaren tamaina (EITB eta ekoiztetxeak barne hartuta), bertan ari diren profesionalen kemena eta sorkuntzarako gaitasuna baliatu behar dira.

Euskarazko ekoizpena inon egitekotan, hemen egingo da, eta elementu bereizgarri gisa sekulako indarra du ikus-entzunezko merkatu orokorrean. Eta, gainera, gaur egungo kontsumitzaileentzat, barrukoak zein nazioartekoak, hizkuntza ez da arazo. Horixe erakusten dute ikerketek.

Gazteei begiratzea azpimarratu dugu, xede-talde horretakoak kontsumitzaile oparoak direlako, edukiak aukeratu eta zabaltzen dituztelako... eduki eta formatu berrietara zabalik daudelako. Eta, TB tradizionala ikuslez hustuko balitz ere (euskarazkoan nabarmena da beherakada), pertsona horiek online-ean aktibo izango direlako.

Konbinazioaren azkenengo osagarrian arreta jarrita, parametro kuantitatibo hutsetatik ihes egitea komeni da. Ikus-entzunezko industria publikoari ezarritako helburuen betetze-mailan kohesio soziala, parte hartzea, aniztasuna, kultura eta hizkuntza sustatzea eta komunikazioa bultzatzea direnean, audientzia indizeak ezin direlako izan kontuan hartuko diren bakarrak.

Gizartean gertatzen diren tamainako aldaketak bizi ditu ikus-entzunezko munduak. Eragile desberdinen artean hausnartzeko eta erabakiak hartzeko garaia da. Berriaren alde apustu egiteak ezinbesteko jarrera beharko luke gaur-gaurkoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.