Landa-eremuaren nekropolitikak gosea handitzen du Brasilen

Michela Calaça, Miren Saiz Alzugarai
2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Brasilen desberdintasun sozial handia dagoela jakin badakigu. Horrez gain, gobernu aurrerakoiek garatutako neurri sozialek—oso urriak— behartsuen aurkako gorroto-diskurtso bat eraikitzea ekarri dute. Norbaitek oraindik uste bazuen «brasildar estiloko» arrazakeria, matxismoa eta elitismoa «adeitsuak» zirela, orain ezin du bere burua engainatu. Indarkeria gero eta ozenago azaldu da, eta jarrera horiek gero eta gehiago lotzen dira Gobernu Federalaren jarrerekin.

Artikulu honetan egunez egun Brasilen gosea areagotzen duen heriotza-proiektua salatu nahi dugu. COVID-19aren pandemia iritsi aurretik, Brasilgo Geografia eta Estatistika Institutuak (IBGE) gosearen hedapen-egoera kezkagarria zela adierazten zuen. 2019ko datuen arabera, 10,3 milioi pertsonak ez zituzten oinarrizko elikagaiak erregulartasunez izaten; Brasilgo familien % 5 elikagaien segurtasun falta larrian zegoen; horren erdiek baino gehiagok emakumeak zituzten familiaburuak eta Brasilgo ipar-ekialdean bizi ziren.

COVID-19ari aurre egiteko larrialdietarako laguntzak abiatu zituen gobernuak. Hauek garrantzitsuak izan ziren, baina bidearen erdian gobernuak berak eten egin zituen. Erabaki horren aurrean, nekazariak antolatu ziren eta elkartasun-ekintza asko egin zituzten herritar guztiek elikagaiak eskura zitzaten. Landa-eremua, basoak eta ura defendatzen dituzten gizarte-mugimenduek lege-proiektu bat idatzi zuten aurrea hartzeko elikagaien goseari, urritasun eta garestitasun arriskuari. Ekimena azkarra eta oso garrantzitsua izan zen, baina ez zuen emakumeentzako ekintza espezifikorik proposatu, nahiz eta brasildarren mahaira doazen elikagaien gehienak beraiek ekoiztuak diren.

Emakumeok antolatu ginen, proposamena ebaluatu eta zabaldu genuen. Horrekin batera, emakumeentzako eta herri eta komunitate tradizionalentzako politika publiko espezifikoak sustatu genituen. Nahi genuen baliabideak bideratzea elikagai osasungarriak ekoizteko, eta azken unera arte borrokatu ginen legeak hori ezar zezan.

Lege Proiektuak (735/2020 Legea) ez zituen nekazarien eskaera guztiak jaso, baina proposamen garrantzitsuak biltzen zituen Gobernu Federalak familia-nekazaritzara bideratutako politika publikoak bertan behera uztearen ondorioz sortutako krisiari aurre egiteko.

Diputatuen Ganberan eta Senatu Federalean onartu zen proposamena. Legearen bitartez elikagaien ekoizpena bultzatzen zen tokiko merkatuetan eskasia saihesteko, behar handiena zutenen arteko banaketa bultzatzen zen, eta laguntza espezifikoak eta larrialdietarakoak ematen zitzaizkien nekazariei, beren dibertsitate osoan. Hala ere, Jair Bolsonaro presidenteak legearen ia xedapen guztiei betoa ezarri zien.

Nekropolitika bizitza estatuaren politiken ilararen azken tokian jartzen zuen politika neoliberala zela entzuten genuenean, ez genuen imajinatzen egoera honetara iritsiko ginenik.

Azken urtean, COVID-19ak 205.000 heriotza baino gehiago eragin ditu Brasilen, emakumeen aurkako indarkeriaren areagotzearekin batera, langabeziak gora egin du eta gosetea itzuli egin da. Honen aurrean, Bolsonaroren gobernuak nekazariek ekoizpena handitzea, gosea murrizten laguntzea, herri indigenak eta kilombolak babestuta egotea eta haien lurraldeak zaintzea eragozten du.

Antolatuta gauden emakume baserritarrok debeku horien amaieraren alde borrokatzen egon gara etengabe; izan ere, elikagaien ekoizpena bultzatzen duten ekintzei betoa jartzeak gosea areagotzen du.

Kezkaz ikusi genuen Kongresuak datorren urterako Aurrekontuen Gidalerroen Legea bozkatu zuela. Hala, Brasilgo Kongresua Bolsonaroren gobernuaren konplize eta bazkide bilakatu da basakeria finantzatzen, larrialdia, osasuna eta gose egoera baten aurrean.

Etengabe borrokatzen ari gara elikadura burujabetzaren, agroekologiaren, askatasunaren eta emakumeen autonomia eraikitzearen alde. Borroka honekin bat egiteko deia egin nahi diogu gizarte osoari; izan ere, norbaitek gosea pasatzen duenean, beste eskubide guztiak ukatu zaizkiolako da eta, ziur gaude, goserik pasatzen ez dutenak ere mehatxatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.