Albistea entzun

Baldintza ditzagun Euskal Herritik lan erreforma eta pentsioak

Mitxel Lakuntza - ELAko idazkari nagusia

2021eko urriak 1

Urte gehiagoz lan egin edota pentsio txikiagoa jaso. Edo biak. Escriva Espainiako ministroak dilema horixe jarri die datozen urteetan erretiratuko direnei. Areago, iradoki du 75 urte bete arte lan egin beharko dutela. Ondoren, baina, bere-berea duen eran, zera esan du: «Nire hitzak gaizki interpretatu dira». Ba ez, ez da lapsus bat izan; ez du esan nahi ez zuenik. Pentsioetan murrizketei bide emateko estrategia bat baino ez da.

ELAk ohartarazi zuen gisan, urte amaiera bitarte asko dugu jokoan. Batetik, pentsioen erreforma: lege proiektua dagoeneko Espainiako Kongresuan lantzen ari dira. Bada, zer ezkutatzen digute erreforma horretatik? Estatuko gobernuek, Sanchezenak zein ondorengoek, pentsioekin nahi dutena egin ahal izateko mekanismo bat jasotzen duela.

2011n Zapaterok, CEOEk, UGTk eta CCOOk zera adostu zuten: erretiro adina 67 urte bete arte atzeratzea eta beste hainbat murrizketa egitea, baina baita Iraunkortasun Faktorea ere; azken horrek pentsioak murrizteko aukera eskaintzen zien bizi-itxaropena hobetuz gero. Orain, berriz, BEM Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa ezartzea adostu dute, pentsioak murrizteko helburu berberarekin: bizi itxaropena hobetuz gero, zein pentsiodunen kopurua handitzen bada baby boom-eko belaunaldien ondorioz).

Gainera, erretiro aurreratua eragotzi nahi du legegaiak. Egia da KPIaren arabera pentsioak eguneratzeko araua jasotzen dela —gizarteak, eta, batez ere, pentsiodunen mugimenduak eragindako presioaren ondorioz—, baina soilik bost urtera mugatuko da. Epe hori iraganda, berrikusiko da. Hortaz, ez da behin betiko neurria izango.

Beste erreforma garrantzitsuetako bat lan erreforma da. Sanchezen gobernuak (PSOE+UP) argi esan du ez dituela aurreko lan erreformak indargabetuko (hala aitortu du Yolanda Diaz ministroak berak, nahiz eta tokiaren eta unearen arabera bere hitzak aldatu). Egoerarik onenean, artikulu batzuk kenduko lituzkete.

ELAk, sindikatu galiziar eta katalanekin batera (CIG eta Intersindical), zera aldarrikatu du: erreformak indargabetu behar direla, eta enplegu-erregulazio espedienteen bidez kaleratzeko aukera eskaintzen duten artikuluak berehala mugatu behar direla (Rajoyren erreformak kaleratzeko kausak malgutu zituen eta bertan behera utzi kaleratzeak egikaritzeko Lan Agintaritzaren baimenaren betebeharra).

Tubacexen, ITPn, Aernnovan edota beste hainbat enpresetan ikusi ditugu ondorioak, eta borroka sindikala baino ez zaigu geratu lanpostuak defendatzeko. Era berean, jokoan ere badago lan hitzarmenak hemen negoziatzeko eskubidearen bermea: ez diezagutela estatuko hitzarmenik inposatu, Euskal Herriko langileen baldintzak nabarmen okertzen baitira.

Europako funtsak dira guztiaren gakoa, erreformekin ordainduko baititugu. ELAk hasieratik bertatik salatu zuen hori, eta bestelako aukerak bilatu behar zirela azpimarratu genuen. Zergatik? Europar Batasunak jarriko dituen 140.000 milioi euroetatik 100.000 itzuli beharko direlako. Ondorioz, zor publikoa areagotuko da, eta etorkizunean murrizketak ekar ditzake. Gainera, enpresa handiek aurretik martxan zituzten proiektuak diruz laguntzera bideratuko dira; baita konpainia elektrikoenak ere, argiaren prezioarekien xantaia egiten dutenenak. Eta ez dituzte indartuko zerbitzu publikoak, pandemiak erakutsi arren funtsezkoak direla. Hori nahikoa ez, eta, gainera, funtsak jasotzeko baldintza gisa ezarri dituzte aipatutako erreformak.

Horixe da inposatu nahi diguten bideorria. Dena ez dago itxita, ordea. Erreforma horiek aurrera aterako badira, Kongresuan gehiengoaren babesa behar dute, eta Sanchezen gobernua babesten duten alderdi independentista eta nazionalistek badute modua pentsioen murrizketak eragotzi eta lan erreforma baldintzatzeko. Hori da subiranista guztiok eskatzen duguna: erabaki ahal izatea. Hain zuzen, orain dute aukera; ez dugu beti halakorik izaten. Izan ere, tamalez, oraindik ere erabaki horiek Madrilen hartzen dira. Baina oraingoan Euskal Herritik baldintza daitezke erreformak. Horregatik, EAJri, EH Bilduri eta Podemosi (azken hori estatu mailakoa izanagatik ere) zera eskatzen die ELAk: pentsioetan murrizketarik ez dituztela onartuko dioen konpromiso irmoa, eta lan erreforma indargabetzearen alde egin dezatela. Kezkatuta gaude, baina, erreforma hain larrien aurrean alderdiok isilik baitaude.

Orain behar-beharrezkoa da erreformen mamia ezagutzea, baita izango duten norabidea eta datak ere. ELAk ahal duen guztia egingo du horiek baldintzatzeko: greba orokorraren aukera oso aintzat hartu behar da.

Ez gaitzazue Madrilen saldu izan zen martxoko gure mobilizazioetako mezu nagusia, gaur berriro mahaigaineratzen duguna, EAJ, EH Bildu eta Podemos erreformen aurka argi eta garbi mintzatu daitezen. Euskal Herriko milaka langileren baldintzak, orain geldiarazi eta baldintzatzeko moduan gauden erreformen araberakoak izango baitira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...