Maverick eta iraultzailea

2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Pandemiarekin sortutako egoeratik errekuperatzeko edo berreskuratzeko gizarte politika bereziak behar dira, eta horietan nortasun berezia duten pertsonak. Egoera oso ezegonkorra izango da hemendik aurrera, eta pentsatu behar dugu ere nolako larrialdiak egon daitezkeen krisi batzuk batera korapilatzen badira.

65 urtetik gorakoen belaunaldikook munduko biztanleria bikoiztu egin den garaia bizi izan dugu. Azkeneko 50 urtean 4,5 mila milioi biztanletik zortzi mila milioi izatera pasatu da mundua. Baina, hala ere, gizateriaren eszenatoki positiboa garatu da garai horretan. Ehunka milioi pertsonak muturreko pobreziatik ihes egin dute, eta klase ertaineko kidetzat har daitezke. 1990ean, 2.000 milioi pertsona —hau da, munduko biztanleriaren %36 gutxi gorabehera— muturreko pobrezian bizi ziren oraindik, baina gaur egun muturreko pobrezian bizi direnak 650 milioira jaitsi dira, munduko biztanleria nabarmen hazi den arren. Une honetan, populazioen arteko desberdintasuna ere gutxitu egin da mundu osoan. India, Txina eta Ekialdeko Asiako tigreen ekonomiek ehunka milioi pertsona altxatu dituzte muturreko pobreziatik mundu mailako klase ertainera. Herrialde horiek herrialde aurreratuak baino azkarrago hazi dira ekonomikoki, munduko desberdintasunen aldea nabarmen murriztuz.

Baina, pandemiak gogorarazi duenez, maila handiko krisi globalak pairatzeko egoera batean gaude. Hurrengo pandemiari beste krisi batzuk gehitzen bazaizkio, krisi hauek metatzen badira —hau da, krisi ekonomikoa, krisi energetikoa eta hondamendi naturalak berotze globalaren ondorioz—, eta nazioarteko gatazkez gain elkarrizketa eta ulermen faltaz, atzera ezinezko gune maltzur batera mugitu gaitezke, itzulerarik gabeko puntu kritikorantz. Horregatik guztiagatik, ezinbestekoak dira suspertzeko gaitasuna eta krisiak prebenitzeko edo suspertzeko gai diren gizarteak. Gizarte erresilienteak ezinbestekoak dira. Gure belaunaldiak erantzukizun handia du gizarte erresiliente bat sustatzeko, bai eskualdeetan, bai mundu mailan. Gizartean suspertzeko ahalmena errazten duten osasun eta gizarte ongizaterako politika publikoak, finantza politikak, zerga politikak eta merkatuak erregulatzeko politikak sustatu behar dira.

Egoera horiek sustatzeko pertsonaia berriztatzaileak behar ditugu. Jarrera eta joera berriztatzailea eta sortzaileko pertsonak behar dira. Bi pertsona berriztatzaile mota bereiz ditzakegu: batzuk diote Maverick bezalako pertsonaiak behar ditugula. Maverickena nortasun berezia da, kritikoa eta indibidualista. Maverick estilokoak kritikoak dira, baina berriztatzaileak ere, batez ere teknologiarekin. Teknologia norabideratuaren erabiltzaileak barik, beste era batera pentsatzen dutenak dira maverick nortasunekoak. Beste mota berritzailea iraultzailea da. Elkarkidetasunera bideratuak eta nortasunez oso gizartekoiak dira iraultzaileak, baina ez dira zehaztasunetan gelditzen, ez die arduratzen hainbeste iraultza ondoko egoeraren zehaztasunak. Iraultzaileen kezkak eszenatoki berriaren estrategia nagusiak dira soilik; gehiago kezkatzen dira gizartea aldatzeko estrategiekin.

Munduan eragin gehien izan duen liburuan, Biblian, esaten den moduan, Deuteronomiotik Testamentu Berriraino elkarkidetasuna funtsezkoa da herriari eusteko. Deuteronomioko 24;19ko esaeretan aurkitzen dugu elkarkidetasunaren oinarria: bakoitzaren ahuleziak besteengana proiektatzean datza. Alegia, gogoan izan behar dugu nondik datozen oraingo ondasunak dituztenak, eta, beraz, ondasun horiek behar dutenekin nola banatu behar diren.

Nire ustez, gizarte orokorraren egoerak gorago aipatu ditudan bi moten arteko pertsonaiak behar ditu. Teknologia eta gizartea, biak aldatzeko jarrera duten pertsonak behar ditugu. Elkarkidetasuna euren nortasunaren oinarrian daukatenak baina zehaztasun teknologikoetan pentsatzeko gai diren pertsonak behar ditugu. Kritikoak eta berriztatzaileak, batez ere arlo hauetan: adimen artifizialean eta gizarte akordioetan.

Euskaldunen nortasuna egokia izan daiteke behar den estilo maverick-iraultzailea garatzeko. Hizkuntzaren historiak eta nolakotasunak moldatu du euskal nortasuna. Betiko elkarkidetasun sentipenarekin, euskal gogoaren komunitatean sortutako nortasun berezia egokia izan daiteke maverick-iraultzaile estiloa garatzeko. Horrelako adibide asko gogora ditzakegu gure historian. Hala nola nafarrak enbaxadaren antolaketa asmatu eta garatzerakoan, Elkano munduari buelta ematen lehena izatean, Loiolako Ignazio Jesusen konpainia sortzerakoan, Joanes Leizarraga Testamentu Berria euskaratzerakoan, Elhuyar anaiak wolframa isolatzerakoan, Erzilla Txileko nazioaren antolamendua sortzerakoan, Bolivar Hego Amerikan askatasunaren sentipena zabaltzerakoan, Rabel musika nazionalista baina nazioarteko soinuekin sortzerakoan, Xabier M. Munibe Azkoitia eta Bergarako mintegiak sortzerakoan, Izaskun Bilbao Europako lurraldeetako Asanbladako presidente izaterakoan, eta beste hainbeste.

Beste maila batean, egunerokotasunean, hainbat milaka maverick iraultzaile daude gure inguruan: Arruazuko artzaina, esate baterako, egunero euskal telebistan agertzen eta bere lanari buruz hitz egiten «eutsi herriari, lotu lurrari» aldarrikatuz; Felix Zubia medikua Euskadi Irratian hainbat galderari erantzuten; Luis Mari Martinez kantariak eta euskaltzaleak sustatzen eta animatzen hainbat lekutan; BERRIAren zuzendaria egunkaria aurrera ateratzen; hainbat eta hainbat enpresari euren enpresak aurrera ateratzeko berriztatzen eta apustua egiten; etxekoandre asko ume berriak hezten eta hazten, haurrei euskaraz egiten nahiz eta pediatra antieuskaldunak jasan behar izan; euskaraz idazten eta kantatzen duten profesionalak euskararen komunitate espiritualean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.