Jatorrizko euskara, jatorrizko bekatua ala delitua?

2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Zurtz eginda geratu naiz Bilboko Arriaga antzokian Martutene nobelaren irakurraldi publikoaren aurkezpenean Ramon Saizarbitoriak botatakoekin (BERRIAn irakurri nizkion ekainaren 3an): «Zindagizuet hobeto ulertzen ditudala besterik gabe nagikeriaz euskara abandonatzen dutenak, jatorkeriaz, harrokeriaz beren bailarako edo mendi puntako euskerie aldarrikatzen dutenak baino. Beti uste izan dut euskara salbatzekotan, desagertzeko arriskuan baitago, bikaintasunari eta prestigioari lotuta izan daitekeela bakarrik, ez baserritarkeriaren eta jatorkeriaren bidetik». Eta Anjel Errok bere hitzak goraipatu ditu hurrengo eguneko BERRIAko artikuluan. Beste idazle honek «euskararen background beltza» aipatzen du.

Eta hau guztia baserritarrak guztiz desagertzen ari direnean (debalde lan eginda), eta mendi puntetatik ere euskara guztiz desagertzen ari denean (nik ezagutzen dudan inguruan euskaraz bizi den 80 urtekoen belaunaldia hiltzen denean, dena espainieraz hitz egingo da). Baina euskara abandonatzeak ez du ardura. Ulergarria da.

Bikaintasuna versus baserritarkeria. Baserritarrengan bikaintasunik ez, bere hizkuntzatik hasita dena txarkeria. Eta zelan ez, baserritarra prestigio bakoa ez eze desprestigiatu beharrekoa. Halako kolperik!

Injustiziak ez dauka mugarik.

Zurtz eginda nago. Euskara Aurrera-koek euren jatorrizko euskara erabiltzeagatik dira hitzak? Sinistu ezinik nago. Zer demontre gertatzen da?

Bada, nik ezagutu izan ditudan baserritarrengandik badugu zer ikasi. Baserritarrak dira mendeetan zehar gure hizkuntza ez eze gure lurraren alde egiteko bizimodua eraman dutenak: kontsumismo zorotik guztiz urrun; hegazkin, AHT... beti bidaiatzen ibili behar noraez aseezin konpultsibotik guztiz urrun; bere lurrarekin guztiz bat eginda; beste inoren beharrizan barik gurdia, mahaia zein etxea konpondu zein eraikitzeko gaitasun harrigarriarekin; ingeniaritza lanetan, lurgintzan zein abeltzaintzan gozatuz eta gozaraziz; eguneroko biziraupeneko borroka, abentura, poz eta nekean mundua eraikiz, eta mundua euskaraz eta euskaratik eraikiz, biziz, gozatuz eta gozaraziz.

Nik euskarari diodan atxikimendua baserrian geratu ziren aitite-amama eta izeko-osabei diet zor. Hirira, Bilbora egin zuten guraso eta beste familia kideek espainieraz eraikitako munduan murgildu behar izan zuten, euskarari gero eta esparru txikiagoa utziz. Lau neba-arrabok eta lehengusu-lehengusina gehienak Bilbon jaio eta hazitakoak gara. Umetan Bilboko porlanetik baserrirako jauzia ikaragarria izaten zen. Baserrian nire medioan sentitzen nintzen, libre eta basati.

Nik euskara behar-beharrezkoa dut. Idazten ari naizen une honetan euskara batuan ari naiz idazten, eta euskara batuan irakurtzen dut ia guztia. Baina beste uneetan nire jatorrizko euskara behar dut. Ezin dut ulertu euskara batua eta jatorrizko euskara elkarren kontra jartzearena elkarren aldekoak direnean, ze euskara guztiak dira euskararen aldekoak, eta bere aniztasuna da euskararen edertasunetako bat.

Ezin dut ulertu Euskara Aurrera-koek jatorrizko euskara erabiltzeagatik sortutako haserre eta iskanbila. Euskara batuaren gurasoak eta lehenengo erabiltzaileak, Aresti eta Txillardegi, jatorrizko euskararekin guztiz sentiberak eta begirune handikoak izan ziren. Gabriel Aresti ezagutu zuen batek kontatu zidan Bilbon bizi ziren euskaldun zaharrekin euskaraz hitz egiteko desioz egoten zela, eta «...herriaren ahotik hartu nuen debalde eta debalde ematen diot herriaren belarriari» dio bere poesiari buruz. Txillardegik jatorrizko euskararako izan zuen sentiberatasun eta begirune handia neuk ezagutu nuen Euskal Filologiakoei euskarari buruzko hitzaldia ematera etorri zitzaigunean. Patxi Zabaletak arrazoia du Txillardegi giza eskubideen aldeko ekintzailea zela dioenean (otsailaren 11ko artikulua BERRIAn). Nire ustez, Elsa Scheelen bere nobelako emakumezko pertsonaiarengana hurbiltzeko izan zuen sentiberatasun eta begirunea izan zuen bere bizitzako beste esparruetan ere.

Euskara batuaren egitekoa euskarari bideak zabaltzea da, eta ez euskarari bideak ixtea. Eta jatorrizko euskara ez da txarkeria, ez da jatorrizko bekatua ez delitua. Jatorrizko euskara jatorrizko hizkuntza da, eta une oro begirunea eta errespetua merezi du.

Guztiz ados nago egunkari honetan Euskara Aurrera dinamikaren bultzatzaileek, Lorea Agirre eta Begoña Garaikoetxeak, maiatzaren 19an esandakoarekin: euskarak aurrera egiteko beharrezkoa da euskaraz bizitzeko beharra sentitzea eta euskaraz bizitzea.

Intelektual batzuk euskararen jabe sentitzeak eta eurek erabiltzen ez duten euskara eta haren hiztunenganako gorroto adierazpenak egiteak ez du euskara salbatuko. Euskarak denak behar ditu: hiritarrak eta baserritarrak, euskara batua eta jatorrizko euskarak, eta askatasuna behar du hizkuntza bizia izateko, ez oztopo eta debekuz josiz batzuek ezarri gura duten diktadura edo kartzela absurdoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.