Albistea entzun

Ofizialtasunaren bidean?

Joxe Mari Artola, Mikel Azkune eta Beñat Larrañaga - Euskadiko Futbol Federazioaren zuzendaritzako kideak

2022ko ekainak 30

Gutun hau sinatzen dugunok EFF Euskadiko Futbol Federazioko zuzendaritzara jauzia ematea erabaki genuen, batez ere, Euskal Selekzioen ofizialtasunaren aldarriarekin bat egiten genuelako, eta barrenetik, gure aletxoa jartzeko ilusioa genuelako.

Bistan da, azkenaldian gertatutakoarekin (TAS Kirol Arbitrajearen Auzitegira ez joateko erabakia), atsekabea zabaldu dela Euskal Herriko hainbat norbanako eta eragileren artean. Gauza asko entzun eta irakurri behar izan ditugu, UEFA zein FIFAren azken erantzunak jaso eta Javier Landeta presidenteak Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenen ondoren.

Esan diren gauza batzuekin ez gaude ados eta prozesu hau barrutik nola bizi izan dugun argitzeko beharra sentitzen dugu. Izan ere, gakoetako bat, prozesu honen kudeaketan dago eta esan beharra dago, gure ustez, ez dela batere egokia izan. Ikus ditzagun datu objektibo batzuk:

2020ko abenduan, Euskadiko Futbol Federazioak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, ofizialtasun eskaera aurkeztu zuen UEFAren eta FIFAren aurrean.

UEFAren eta FIFAren lehen erantzunak, ofizialtasun eskaera ukatuz, 2021eko uztaila-abuztuan iritsi ziren.

Euskadiko Futbol Federazioko Zuzendaritza Batzordearen bilerarik ez zen egin urte horretako irailaren 14a arte.

Euskadiko Futbol Federazioaren zuzendaritzako kideok, urriaren 19an jaso genuen abokatuen lehen txostena. Haien gomendioz, bi erakundeei errekerimendu bat egitea adostu genuen, baina inongo momentuan ez genuen bozkatu TASera joan bai ala ez. Gainera, UEFAren eta FIFAren bigarren erantzunarekin, TASera joateko aukera izango genuela aipatu zitzaigun.

2022ko urtarrilean UEFAren erantzuna jaso zen, eta otsailean, FIFArena.

2022ko martxoaren 22an Zuzendaritza Batzordean TASera joan edo ez bozkatzeko punttuan egon ginen, baina azkenean ez genuen bozketarik egin.

Azken batzorde honen ondoren, Euskadiko Futbol Federazioak, prentsa ohar bat publikatu zuen, eta, horren harira, komunikabideak zein eragile ezberdinak gaiari eutsi zioten. Hara hor gure harridura, komunikabideek titularretan adierazi zutenean Euskadiko Futbol Federazioak TASera joateko bidea baztertu zuela, eta gainera, helegitea aurkeztezko epeak borondatez pasatzen utzi genituela esanez. Beharrezko kontsultak egin ondoren, argitu ziguten 10-15 egunekoa zela TASera joateko epea.

Gure harridura eta haserrea Javier Landeta presidenteak Eusko Legebiltzarrean egindako agerpenarekin areagotu ziren. Izan ere, bertan, Zuzendaritza Batzordean TASera ez joatea, birritan, aho batez onartu genuela adierazi zuen. Egin zituen adierazpen horien aurrean:

1. Argi utzi nahi dugu, baieztapen hori ez dela zuzena, izan ere, Zuzendaritza Batzordean ez dugu inoiz bozkatu TASera joan ala ez.

2. Bozketa egin izan bagenu ere, inolako erabaki ahalmenik ez genukeen izango, epeak dagoeneko agortuta zeudela aurkeztu baitzitzaigun gaia (bi alditan).

Hain zuzen, urrian abokatuen txostena aurkeztu zitzaigunean, 43-45 egun pasa ziren UEFAk eta FIFAk erantzun zutenetik, eta martxoan, ia bozketa egin genuenenean, 27 eta 36 egun pasa ziren. Zer erabaki genezakeen orduan?

Arrazoiak zeintzuk izan ziren ezin dugu jakin, baina Zuzendaritza Batzordeari, gai honen inguruan bere iritzia plazaratzeko eskubidea ukatu zitzaigun, bai formetan, eta baita denboretan ere.

Inork pentsa dezake denbora gehiegi pasa dela gure ikuspuntua adierazi arte, baina gure borondatea gauzak beste modu batera lantzea izan da. Izan ere, adierazi dugun guztia, barne mailan, presidentearekin eta zuzendaritzako gainontzeko kideekin landu genuen ekainaren hasieran egin genuen azken zuzendaritza batzordean. Bertan, Eusko Legebiltzarrean egin zituen adierazpenak publikoki zuzendu eta prozesuaren nondik norakoak izan ziren bezala kontatzeko eskatu genion presidenteari. Bistan da, ez berak ez gainontzeko kideek, ez zutela beharrezkotzat jo.

Zuzendaritzako kide garen neurrian, ez diogu muzin egiten gure ardura zatiari, baina zegokigun eskubidea ukatu eta gure iritzia azaldu zein bozkatzeko aukerarik ere ez zitzaigun eman. Beraz, argi utzi nahi dugu, aukera izan bagenu, guk behintzat, TAS Kirol Arbitrajearen Auzitegira joateko hautuaren aldeko bozka emango genukeela. Alegia, Javier Landeta presidenteak esandakoaren aurka, Zuzendaritza Batzordeak ez du sekula iritzi bateratu bat izan gai honen inguruan.

Ofizialtasunaren gaia hauspotzen jarraitzeko aukera bat galdu dela iruditzen zaigu, baina arestian esan bezala, gure aletxoa jartzeko saiakeran jarraituko dugu, sinistuta baikaude euskal gizartearen zati handi batek bat egiten duela Euskal Selekzioen ofizialtasunaren aldarriarekin. Hau bidean oztopo bat gehiago izan bada ere, eragile eta norbanako guztion ardura da, berriz ere, elkarlanari ekin eta guztion artean ametsa egia bihurtzen saiatzea. Gu, bidean topatuko gaituzue.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hutsaren bahea
Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...