Historia zintzo eta kontrastatu baten alde

Alvaro Aragon Ruano
2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Historialari profesional, akademiko eta ez-akademikook zur eta lur gaude azken egun eta asteetan Zarautzen izandako zenbait gertakarirekin: irailaren 6an «Nao Victoria zarauztarrak mundu bira egin zueneko 500. urteurrenaren» ospakizunaren harira gertatutakoekin, alegia. Edozein ospakizun zilegi dela uste dugu, baina gutxieneko oinarri historiko bat izan behar du, baldin eta Historia bada, behintzat, aldarrikatzen dena. Zarauzko Udalak mespretxu kezkagarria erakutsi du historialarien lanbidearekiko, egiaztapen kritiko-analitikorik egin gabe onartu baititu zenbait teoria. Historiaren zientzia, izan ere, ekintzak eta gertakariak kontrastatzean oinarritzen da, dokumentazioa aztertzean, alderatzean eta testuinguruan jartzean.

Deigarria da, era berean, Zarauzko Udalak, zientzia-erakunde baten egitekoak bere gain hartuz eta haren gainetik jarriz, ustezko teoria historiko bat ofizial egiteko ahalmena eman izana bere buruari, inongo txosten edo peritu-lan espezializaturik egin ez denean. Guk, behintzat, ez dugu halakoren berririk, eta komunikabideetan ere ez da azaldu. Historialari profesionalak nabarmen gutxietsi ditu; izan ere, horrelako ekitaldietan protagonismo berezia izan behar lukete, gizartean duten garrantzia kontuan hartuta. Oso bestela izan ohi da edozein obra edo eraikuntza-lanen lizitazioetan, horietan txosten eta azterketa espezializatuak egoten baitira bitarteko; geografiako, kartografiako, arkitekturako eta bestelako profesionalek egindakoak.

Kontuan izanik Gipuzkoako historia aztertzen duten historialari profesional ugari daudela, baita hainbat elkarte ere, hala nola Aranzadi Zientzia Elkartea, Eusko Ikaskuntza, Albaola Itsas Kultur Faktoria, Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkartea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Sailak, ez dugu ulertzen zer irizpide erabili diren 1515ean ustez Zarautzen Victoria ontzia eraiki zela ospatzeko. Ez gaude eztabaida historiografikoaren aurka, nahiz eta sortutako diskurtso batzuek ez duten gutxieneko berme, oinarri eta praktika historiografikorik, eta ziur gauden arren ez lioketela inolako kritika dokumental eta historiografikori eutsiko, uste soiletan oinarrituta baitaude; batez ere, XIX. mendearen amaieran sortutako kondaira eta mito hutsetan oinarritzen dira, Zarauzko eta zarauztarren herri-kulturaren parte izan arren. Etengabe errepikatzeak edo ofizial egiteak ez ditu egia bihurtzen akats edo gezur historiografikoak.

Historia eta iragana ezagutzea oso lagungarria da bai gaur egun eta bai etorkizunean akats berak ez errepikatzeko, eta alde horretatik, era berean, espero dugu Zarauzko gertakaria eredugarri izatea Gipuzkoako, EAEko eta Euskal Herri osoko udalerri eta biztanlegune guztientzat, historiarekin lotutako edozein ekitaldi hasi edo egiteko orduan kontuan izan dezaten eta erakunde nahiz komunitate zientifikoetara jo dezaten edozein informazio edo teoria egiaztatzera, ez dadin berriz ere gerta kasu zehatz honetan izandako akatsak egitea. Hori guztia dela eta:

Lehenik, eskatzen dugu gure gobernu-erakundeek historia zuzena susta dezatela, berme zientifiko eta profesionala duten historialariek egina—akademikoak izan edo ez izan—, metodologia zientifikoa eta metodo historiografikoa baliatuz.

Bigarrenik, Gipuzkoako historialariek eta zientzia-erakundeek gizartean duten papera aldarrikatzen dugu, eta oinarri historiko eta zientifiko eskaseko oroipenak egiten hasi aurretik, azpimarratzen dugu ezinbestekoa dela historialari profesionalek egiaztatzea interesen, ideologien edo alderdikerien arabera moldatutako teoria eta usteak, alde batekoak zein bestekoak izan.

Amaitzeko, dei egiten diegu Zarauzko Udalari eta Gipuzkoako eta Euskal Herriko erakundeei, eskura duten eta funts publikoekin finantzatuta dagoen baliabide bat erabil dezaten: lurraldeko historialari profesionalak eta zientzia-erakundeak. Era berean, azkenaldian Gipuzkoako udal batzuetan orokortzen ari diren praktika oker batzuk salatu nahi ditugu, hala nola Victoria ontzia Zarautzen eraiki izanaren 2022ko irailaren 6ko ospakizuna, ez baitzaio beharrezko azterketa edo kritika historiografikorik egin.

Historiak, datu eta espekulazioen multzo bat izatetik urrun, bere metodoa du, azterketa kritikoaren, alderaketaren, testuinguruan jartzearen eta interpretatzearen bidez egiten dena; horrek, ordea, ez du esan nahi historiak ulergaitza eta zirkulu akademikoetara mugatua izan behar duenik. Kontrara, historia ikertu, dibulgatu, partekatu eta eztabaidatu egin behar da, funtzio soziala betetzen baitu. Historiak publikoa izan behar du, baina ezin diegu horretan diharduten profesionalei aipua kendu, ez eta haien lana zalantzan jarri ere, edo hartaz helburu faltsu edo ideologikoekin abusatzen utzi. Alderantziz, gaur inoiz baino gehiago, Gipuzkoako eta Euskal Herri osoko historialarien komunitateak eta zientzia-erakundeek herritarren zerbitzura egon behar dute, hala egon nahi dute eta hala daude.

ATXIKIMENDUAK: Xabier Alberdi Lonbide (Euskal Itsas Museoaren zuzendaria), Guillermo Roa Zubia (Elhuyar Fundazioa), Ekai Txapartegi (EHU), Juan Madariaga Orbea(Nafarroako Unibertsitate Publikoa), Margarita Serna Vallejo (Kantabriako Unibertsitatea), Hilario Casado Alonso (Valladolideko Unibertsitatea), Jose Ramon Garcia Lopez (Asturiasko Itsas Museoaren zuzendaria), Beñat Eguiluz Miranda (PhD University of Wales Trinity Saint David), Aitor Leniz Atxabal (EHU), Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkartea eta Albaola Itsas Kultur Faktoria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.