Irati Zubia Landa.

Alternatiba faltsuen harira

2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Izan hizketagaia matxismoa, arrazakeria edo ekologismoa; egingo nuke apustu elkarrizketa ugari horrelakoekin amaitu ohi direla: «arazoa konpontzeko, ordea, benetan hezkuntzatik abiatu behar da» edo «tira, hezkuntza aldatu arte, ez da ezer aldatuko». Munduaz eta, batez ere, mundua aldatzeaz solastatzen garenean, nekatzen gara, auzia konplikatzen da edo ez dakigu nola jarraitu. Elkarrizketa amaitzeko, edo beste egun baterako uzteko balio dute halakoek.

Gizartean aldaketa esanguratsuren bat egin ahal izateko pasa beharreko galbahea da hezkuntza, ez dut inolaz ukatuko. Baina, hezkuntzan bertan egon daitezke problema ugari, eta egiturazko aldaketarik ezean, nekez izango da eskola berri, hobe edo askatzaileagorik. Gizakiaz, gizarteaz pentsatzeak eskatzen du hezkuntzaz pentsatzea, eta alderantziz. Batzuetan, «tira, hezkuntza aldatu ezean ez da ezer aldatuko» batek elkarrizketa eten dezake. Halakorik ez da komeni.

Uda hasieran Ani Pérezen Alternatiba faltsuak (2022) liburua iritsi zen nigana. Agian da Hezkuntza Legearen zirriborroa argitaratu bezperan nabilelako hau idazten, edo, besterik gabe, ikasturte atarian gaudelako. Baina iraileko egun bat egokia izan daiteke liburu hori gogora ekartzeko. Hor badago pieza bat elkarrizketak topikoez harago jorratzeko saiakera egiteko.

Liburua eskola tradizionaleko ereduen aurrean sortu izan diren proposamenetatik abiatu, eta bien arteko dikotomia gainditzeko ariketa da. Hori interesgarria da, eta hezkuntzaz pentsatzeko hari-mutur ugari ematen ditu. Eskola tradizional autoritarioa atsegin ez badugu ere, bigarrenek ere badute aurpegi ilun bat: segregatzailea, elitista, pribatizatzailea eta premisa liberalez zeharkatutako oinarri pedagogikoz lepo egon daiteke.

Zer dira alternatibak? Pérez pedagogia anarkistetan oinarritu diren proposamenez ari da. Hain zuzen, beren burua eskola tradizional, eredu hierarkiko eta dogmatikoen alternatibatzat jo ohi dute horiexek. Suissaren (2019) arabera zera partekatzen dute: irakaslearen autoritatearen aurrean, horizontaltasunaren eta haurraren garapen indibidualerako askatasunaren defentsa. Hasieratik egiten du oharra autoreak: termino ugari —adibidez, eskola librea, pedagogia libertarioa, heziketa askea, eskola demokratikoa— aterki moduan erabili dira. Ideia anarkistekin lotuta badaude ere, elkarren artean desberdinak eta, batzuetan, kontraesankorrak diren proposamenak bildu dira.

Zergatik dira alternatibak faltsu? Nagusiki, bi motibo mota aztertu ditu: batetik, pribatizazioari eta merkantilizazioari lotzen zaizkion arazoak; eta, bestetik, arazo pedagogikoak. Lehenengo horietako asko ez zaizkigu arrotzak: segregazioa, zentro eta enpresa pribatuen eskumena edo elitismoa. Adibidez, nola alternatiba askatzaileetan ikusi dakizkiokeela filantrokapitalismoari belarriak, horien inplementazio eta propagandan. Perezek jarri dizkie izen eta aurpegiak horien bultzatzaileei, eta azaleratu ditu hainbat korporazioren eta guru tankera duten irakasle-influencerren arteko loturak. Ikerketa horietan badago elkarrizketan agertzekotan hezkuntzaren gaia jorratzeko pista bat: hezkuntzaz pentsatzea bada gizarteaz, merkatuaz, baldintza sozial eta materialez pentsatzea.

Bestetik, Pérezek arazo espresuki pedagogikoak ere aztertu ditu. Beharbada, horiei gutxiago erreparatzen diegu pedagogo ez garenok. Pérezek pedagogia libertarioaren bost oinarri bildu ditu: antiautoritarismoa, heziketa integrala, autogestioa, solidaritatea eta hezkidetza. Dena den, horien ulerkera oso bestelakoak egin dira. Adibidez, irakasleak behar duen paperaren arabera, heziketaren bi ulerkera nagusi garatu dira: batetik, esku-hartzerik eza babestu dutenak; eta bestetik, irakaslearen paper aktiboaren alde egin dutenak.

Bien arteko talkak heziketaren bueltako galdera interesgarriak biltzen ditu. Lehenengoek, heziketaren lehentasuna haurraren askatasuna bermatzearren, helduen interferentzia murriztearen alde egin dute. Hor oihartzun filosofiko bat dago: Rousseau, gizakia berez ona den eta gizartearen eraginez usteltzean den ideia. Horrela, heziketak heziketa negatiboa behar du izan: haurraren garapen pertsonal eta espontaneoan oztoporik ez jartzea. Pérezek, ordea, arriskuren bat sumatu dio horri: eskolak irlatxo—pertsona askeen ghetto—bilaka daitezke, eta soilik pribilegiatu batzuek izango dute garapen horretarako patxada eta askatasuna. Halaber, pertsona zintzoak gizartetik at garatuko diren ideia optimistegia izan daiteke, baldintza sozial eta materialek eragina baitute gure jokabidean. Hanburgoko eskola libre bateko kasu bat adierazgarri samarra da: irakasleek esku-hartzeari muzin egin ostean, haurrak batzarrean bildu, eta zenbait umeri indarra erabiltzeko eskumen berezia aitortu zieten. Alegia, polizia sortu zuten, kanpoan polizia ikusten zutelako.

Arazo pedagogikoetara hurbildu orduko, berriro, hezkuntzari buruzko galderak gizakiari eta gizarteari buruzko galderak dira. Ez gara on jaiotzen, eta ondoren ere kosta egiten zaigu. Mundua aldatzeko hezkuntza aldatu nahi dugu, baina hezkuntza ezin aldatu munduaren bizkarrera. Sorgin gurpil tankera du, eta ez da ebazten aise. Pérezekin ez da errezetarik egongo, baina kritika muturrera eramatea praxis bat dela dio. Marina Garcésen ustez, hezkuntzaren defentsa onena gehiago eta hobeto kritikatzea da. Nekatuta egonagatik, gaia konplexua izanagatik, kalterako izango da eztabaida etetea. «Tira, hezkuntza aldatu arte, ez da ezer aldatuko» premisa zentzuduna da, baina ez du balioko eztabaidari amaiera emango dion ondorio gisa.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.