Iritzi guztiak ote errespetagarri?

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxemari Muñoa
2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Ez da zerbait teorikoa, edo garrantzi gutxi duena. Aldiz, eragin sakona du egian eta errespetuan oinarritutako bizikidetza eraiki nahi baldin bada. Horregatik, hain zuzen ere, iritzi publikoaren sektore zabaletan oso hedatuta dauden eta gehien errepikatzen diren ideietako bat da: «Iritzi guztiak errespetagarriak dira, eta balio bera dute».

Printzipio horri lotuta ikusiko ditugu eztabaida orotako parte-hartzaileak, batez ere gai ekonomikoak, politikoak edo sozialak tartean direnean, horietan ezin baita guztien artean onartutako autoritate batera jo. Horregatik, geure buruari galdetzen diogu ea errespetagarriak eta eztabaidaezinak diren, era berean, «iritzi guztiak ez direla errespetagarriak» dioten iritziak.

Puntu honetara iritsita, bizikidetza demokratiko normal baterako politikoki zuzena irizten zaion dogma batekin egiten dugu topo; izan ere, printzipio hori zalantzan jartzen ausartzen denak gaitzespen guztiak jasoko ditu, eta erreakzionario, jai-hondatzaile, faxista eta totalitario arriskutsu deituko zaio.

Pentsamolde horretan —«guztia da errespetagarri»—, zalantzan jartzen da egiaren existentzia eta hura ezagutzeko aukera, hau da, gai jakin batzuei buruzko informazio objektiboa izatea, demokrazia beraren oinarria, esate baterako, bai eta zenbait printzipio moral defendatu ahal izatea ere, bizikidetza egonkor bat eraikitzeari begira. «Iritzi guztiak errespetagarriak» direla esateak erlatibismo moral eta sozial absolutuenera garamatza; izan ere, «guztiak balio baldin badu... ezerk ere ez du balio, dena balio berdinekoa den neurrian».

Oso bestelako kontua da pertsona zehatzen duintasunari zor zaion errespetua. Ez ditzagun terminoak nahastu: gauza bat da pertsonari, pertsona izate hutsagatik, zor zaion begirunea, eta beste bat pertsona horrek pentsatzen, esaten eta egiten duenarekiko errespetua.

Egia eta pertsonarekiko errespetua

Batzuetan, mikatza gertatzen da egia eta pertsonarekiko errespetua defendatzea. Ez baitago, beste gabe, pertsona horrek uste eta aldezten duena zertan onarturik, bera errespetatzen dugun arren eta dioena esateko eskubidea onartzen badiogu ere. Behar-beharrezkoa dugu azaleko adiskidetasuna edo ustezko heziketa ona deitzen zaiona gainditzea. Ekar dezagun gogora harako aholku jakintsu hura: Amicus Plato, sed magis amica veritas. Aipatutako topikoari aurre eginik, adierazpen askatasunari dagokion oinarrizko eskakizun sozial, politiko, juridiko eta morala, pertsonaren duintasunari atxikita dagoena, ez da besterik gabe luzatzen pertsona horrek esaten eta pentsatzen duenaren edukira. Horregatik, gezurra da iritzi guztiek berdin balio dutela behin eta berriz esatea. Eta berriro diogu: besteak bere ideiak azaltzeko eta defendatzeko duen oinarrizko eskubidea errespetatzen badugu ere, horrek ez du esan nahi ideia horiek, nahitaez, ontzat eman, onartu edo geure egin behar ditugunik.

Inork ez du eskubiderik beste inor isilarazteko, nahiz eta horretarako eskubidea duela pentsatzeko arrazoiak izan. Ondorioz, inork ezin du esan pertsona gisa errespetatzen ez dutenik bere ideiak edo iritziak onartzen ez direlako.

Gaur egun, tamalez, beren buruak aurrerakoitzat eta iraultzailetzat dituzten hainbat talde aurkitzen ditugu;teorian, ideia guztiak errespetatzearen aldekoak dira, baina, kontraesanean erortzen dira eta ez dute eragozpenik beren ideiak kritikatzen dituztenak isilarazteko, botere politikoan edota kalean egindako presioan oinarrituta.

Iritzi guztiek, onargarriak edo arbuiagarriak izan, egiaren bat adierazi edo ez, lehenik eta behin, kritikagarriak izan behar dute, eta horrek jendaurrean azaltzea eta izan ditzaketen ondorioak beren gain hartzea eskatzen du. Ideia guztiak, edozein izanik ere,askatasunez eta publikoki adierazi ahal izatea eta hori errespetatzea ez da soilik begirune eta askatasun seinale, baizik eta giza ezagutzaren aurrerabidearen ezaugarri. Hain zuzen ere, norberaren ideiak askatasunez adierazi ahal izatea da hitz egiteko, elkarrizketarako, bat etortzeko, itunak eta akordioak bilatzeko aukera ematen diguna.

Elkarrizketarengizarte-eginkizuna

Iritzi guztiak, beste gabe, onargarriak ez diren arren (konta ezin ahala dira egunero jasan behar izaten ditugunak, mehatxu eta deskalifikazio larrietan bilduak, nahiz eta batzuk benetako burugabekeriak izan), pertsona zehatzak horiek adierazteko eta eztabaidatzeko eskubidea du, berorien ondorio guztiak onartu beharko baditu ere. Amore ematea, ideiak berriro formulatu eta zehaztea eta adostea da bizikidetza zintzoan aurrera egiteko modu bakarra. Eta hori guztia oso beharrezkoa da oraindik egungo Euskal Herrian, non liskarra, deskalifikazioa, iraina eta egia erdiak eguneroko ogia diren.

Herri bat hezurmamitzeko ez dira inola ere baliagarriak salaketak, irainak eta deskalifikazio sistematikoak, edota aurkari politiko eta soziala arrazoirik gabe kritikatzea haren irudi publikoa zikintzearen bidez. Jokabide horrek gure herrialdeko bizitza politikoa degradatzen baitu eta elkarren arteko bizikidetza suntsitzen.

Behin eta berriro errepikatzea gogorra bada ere, itogarria eta gogaikarria zaigu jada hainbesteko gorrotoa eta inposaketa-nahia ikustea gure gizarte-harremanetan. Herria hezi nahi bada eredugarri izan behar genuke, elkarrekiko errespetua erakutsiz. Ildo horretan, oraindik bide luzea geratzen zaigu gure eguneroko bizimoduan. Sobran daude bai harrokeria eta bai etengabeko liskarrak; aldiz, elkarri laguntzea eta lankidetza falta dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.