Belaunaldien arteko solidaritatea pentsioetan

2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Esan genezake solidaritatea honelako jarrera hau dela: batendako baliozkoa den zerbait norberak baino gehiago behar duen bati ematea, ordainez ezer jaso nahi gabe. Eta belaunaldi artekoa deitzen badiogu, elkartasun emailea eta jaso egiten duena belaunaldi ezberdinetakoak direla esan nahi du, nahiz biak garaikideak izan edo denbora tartea egon haien artean.

Ez da beti argi izaten nor izan beharko litzatekeen solidarioa norekin. Gai honek hausnarketa interesgarriak sorrarazten ditu sarritan. Adibidez, pentsioei buruz hitz egitean.

Askotan egiten dira horrelako solidaritaterako deiak. Gurasoek haien seme-alabek bizi aukera zabalagoak izatea nahi izaten dute, eta esfortzuak egiten dituzte horretarako. Hori, gurasoen solidaritate —edo maitasun— seinale izango zen seme-alabekin. Baina beste eredu batzuk kontrakoak dira. Greta Thunberg bezalako gazteen eskaerak entzuten baditugu, gaur agintean dauden belaunaldiei zuzentzen zaizkie eta etorkizuneko haiek gugandik jasoko duten mundua bizigarriagoa izatea eskatzen dute. Edo Estatuaren zor publikoa izugarri handitzen denean —Espainian 32.000 euro pertsonako da orain—, benetan gertatzen dena zera da: ondoren datozenek ezingo dutela zorra gehitu haien krisialdiak konpontzeko, guk agortu dugulako ahalmen hori; eta gehiago: haiek egin beharko diotela aurre gaur sortutako zamari haien zergekin.

Pentsioetan, bestalde, aurrean daukaguna oso erronka handia da. Hurrengo 30 urteetan pentsio bat jasoko dugunok erruz gehituko gara, 60ko hamarkadan jaiotako boomer-engatik batik bat. Eta horien pentsioei aurre egiteko ez dago aurreztutako poltsarik. Ezinbestekoa izango da, epe luze batean, lan egingo dutenen kotizazio sozialak handitzea orduko pentsioak ordaintzeko. Hau da, belaunaldien arteko solidaritatea beharko da egoera hau gainditzeko.

Baina solidaritate hori nolakoa izan beharko litzateke?

Esaterako, zentzugabekoa litzateke elkartasun esfortzu bat eskatzea, emaitza jasotzen duenak esfortzua egiten duenak baino gutxiago behar badu. Ez dago gizarterako onurarik hor. Bestalde, ez da bidezkoa etorkizuneko belaunaldiei esfortzuak eskatzea: ez daude gaur erabakietan parte izateko, eta gaur ez dakigu zer behar izango dituzten haien garaiko gizartean. Hau horrela izanda ere, seguru ezerk ez digula eragotziko guk sortutako izugarrizko zor publikoa, edoingurugiro kaltetutako hau, uztea haiendako.

Ez da erraza belaunaldi ezberdinen beharren balantza egitea, ez gaur batera bizi garenon artean, eta, gutxiago, gero etorriko direnekin. Baina buruan izan beharko genukeen helburua hau da: zein den belaunaldi bakoitzak egin behar duen esfortzua, erronka hau gainditzeko, lortzen dena ez izateko txikiagoa egiten den kaltearekin aldenduta.

Balio erantsi gordinaren itun bat

Soldataren erosketa ahalmenaren jaitsiarekin sortu den Errenta Itunaren aldeko deiak baino zentzu gehiago dauka pentsioen inguruko itun bat lortzeak. Gai honen epeak oso luzeak direlako eta jokoan dauden pertsonen kopurua eta balio ekonomikoak itzelak direlako. Eta horrelako ezaugarriak dauzkan gaia konpontzeko behar dena adostasun zabaleko itun bat da, bestela ez da sistemaren jasangarritasuna bermatuko. Egun onartu egin den arauak ez du betetzen behar besteko adostasuna, ezta ere jasangarritasun finantzarioa.

Jakin badakigu ekonomia sistema endogamikoa dela, neurri handi batean eta sinplifikatuz. Horrek esan nahi du gai konkretu bat konpontzeko hartzen diren neurriak, eremu konkretu batean izanda ere, laster zabaltzen direla sistema osoa baldintzatuz. Are gehiago gai honek duen eraginarekin. Garbia dena da inor ez garela gaitik kanpoan geldituko.

Pentsioen inguruko itun batek lortu beharko lukeena zera litzateke: pentsioek, soldatek, langabezia-prestazioek, kapitalaren errentek eta beste errenta batzuek pisu ordenatu bat izatea BEG balio erantsi gordinaren banaketan. Banaketa horrek behar berezi guztiak kontuan izan beharko lituzke. Eta solidaritatearentzako kotizazioak sortutako eraginak egungo langileen gainean ere neurtuak izatea, batzuen esfortzuak eta besteen hobekuntzak, alderatuta, zentzuzkoak izateko.

Ondorioz, balio erantsi hori handitzen denean, denontzako hobea litzateke, eta ez bada handitzen, denontzako kalte. Eta horrek bermatu beharko luke, gaurko solidaritatea neurrizkoa izan delako, datozen belaunaldiek ez izatea gaur baino aukera gutxiago haien beharrak asetzeko, esate baterako, enplegu gutxiago daudelako, ekonomia ahulago bat izateagatik, lan kostu handiegiengatik... Horrelako egoera batean, gainera, kotizazio multzoa txikiagoa izango litzateke eta ez lituzke beteko orduko beharrak.

Itun horrekin, balio erantsiaren osagai guztiak, pentsioak barne, BEG osoaren egoerarekin izango lukete bilakaera, inflazioarekin barik. Aldi berean, solidaritatea sakondu egin beharko litzateke pentsiodunen artean, hau da, pentsio handienek pentsio txikienekin belaunaldi-barneko solidaritatea handitu beharko lukete.

Horrelako esfortzu solidario bat eskatzearren, ezin zaio esfortzua mugatu errenta hauei bakarrik, errenta guztiek parte hartu beharko lukete, kapitalaren errentek ere bai. Baita ere, neurtuta, kalteak handiagoak ez izatearren sistema endogeno hau osasunez jarraitzeko.

Gaur egungo arazoak konpontzea ezinbestekoa da, baina hori ondo egiteko ez dio berdin nola egiten den. Ezinbesteko deritzot, helburu bezala, etorkizuneko belaunaldiek izango dituzten arazoak konpontzeko gai izango den gaurkoa baino gizarte indartsuago bat uztea. Hau litzateke belaunaldien arteko elkartasunaren benetako bertsioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.