I-11 bat esperoan

2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Aurten ere badator Kataluniako Diada, eta independentismoak proban jarriko du bere barne indarra. Espero den egun bat izanagatik, jendea lagunartean esaka ari da irailaren 11 «goizegi etorria dela», alderdietako indarrak eta gizarte zibila honetan zentratuta baitabiltza nagusiki: buruzagi politikoen inguruko sententzia judizialari zer erantzun eman prestatzen. Aste honetan izango dira lehenengo doikuntza saioak gero kalean eta instituzioetan aurpegi eman beharreko erronka benetakorako: joan den urriaren 1ean erreferenduma antolatu zuen gobernuari Espainiako justiziak zigorra ezarriko diolako berrespena.

Oporretako itzulerak plataforma anonimo berri bat izan du protagonista, Tsunami Democràtic izenekoa, eta, itxura guztien arabera, datorren hilabeteetan izango diren mobilizazioak koordinatzeko gunea izango da. Oinarriko independentistek lasai hartu dute arnasa, marka berri hori agertu izana ontzat jo baitute alderdiek eta erakundeek datozen hilabeteetan buru egingo duen antolakunde adostu gisa. Mobilizazio horrek Espainiako auzitegien sententziari erantzuteko balio beharko du, eta, horrez gain, erantzun beharko dio Europako Parlamentuak eta Europako hainbat auzitegik Carles Puigdemont eta Oriol Junqueras eurodiputatuen akten inguruan hartuko duten erabakiari, biek ere oraindik ez baitute baimenik Europako ganbera legegileko eskubide osoko kide izendatuak izateko formalki. Oraintxe, izan ere, paradoxarik handienetako bat da Europak bizkarra eman diela katalanek modu demokratikoan aukeraturiko buruzagiei, hari bere proiektua hondora joaten ari zaion bitartean Boris Johnsonek ezarritako brexit gogorrarengatik eta talde arrazistak eta eskuin muturrekoak ugaritzeagatik. Hala doakio Batasunari: ate danbatekoa europazaleei eta egintzarik eza euroeszeptikoen kontra.

Independentista katalanek argi badaukate ere kaleko erantzunak aho batezkoa eta koordinatua izan behar duela, desadostasun funtsezkoak dituzte instituzioek segitu beharreko estrategien inguruan: Esquerrak argi adierazia du PSOEk eta Podemosek osaturiko gobernu bati emango diola babesa Espainian; Puigdemont presidentearen alderdiak, berriz, jakinarazia du ez duela txintik ere entzun nahi bere botoak Pedro Sanchez presidente inbestitzeko erabiltzeaz.

Desadostasun hori are eta handiagoa da, ordea, herrialdea askatzeko zer bide hartu marrazteko orduan. Batetik, errepublikanoen buruzagiak, kartzelatik, kontzentrazioko gobernu bat proposatu du, edo hauteskundeetara deitzea. Eta haren proposamenak, luze gabe, are herritar gehiago konbentzitu beharko ditu errepublika baten ontasunez, betiere gobernu inplikatu bat baliatuz, konfrontazio jarrerarik ezarriko ez duena ekosistema ez-independentistarekin erlazionatzeko garaian. Eta duela urte batzuetako ideia bati ere ekin dio berriro: erreferendum itundu bat egitea Estatuarekin.

Bestalde, ordea, Generalitateko presidenteak diskurtso askoz ere gogorragoarekin segitzen du, Espainiako Estatuaren kontrako jarrera suharragoa baliatzeko eskatzen baitu, eta herritarrak animatu baititu greba batera deitzera baldin eta politikari independentistak kondenatzen badituzte. Azken orduetan, jada nabarmendu dira ahots batzuk presidentearen alderdi politikoko lerroetan bertan haren proposamenarekin bat ez datozenak. Izan ere, zentro eskuin katalaneko eragileek ahaleginak eginagatik ere proposamen politiko sendo bat eratu eta hor beren marka politiko guztiak biltzeko, hautesleek aldarri independentistez harago joango den proiektu politiko baten falta sumatzen dute. Eta horrek eragina du inkestetan, non Junts per Catalunya gero eta emaitza kaxkarragoak izaten ari baita.

Hala eta guztiz ere, CUP, oraindik ere animoz zeharo jota egonik joan den maiatzeko udal hauteskundeetako porrot handiaren ondoren, ez da ageri inongo komunikabidetan, eta herritarrek haren hutsunea nabari dute, hura ere eragile ezinbestekoa baitzen Errepublikarantz aurrera egiteko.

Erakunde independentista handi biek ere, Omnium eta ANC-k, oso bestelako estrategiak darabiltzate. Omniumek, 200.00 bazkide lortzeko zorian baitago, kulturaren alderdia eta errepresioaren kontra egiteko beharra nabarmendu du. ANCk, ordea, oso kritiko jokatu du alderdi katalanekin, eta hainbat kanpaina abiarazi ditu, ekonomiari eta kontsumoari oso lotuak: hala nola Bartzelonako Merkataritza Ganberarako hautagaitza irabazlearena, edota herri katalanaren autodeterminazio eskubidea errespetatzen duten enpresak bakarrik kontsumitzera bultzatzekoa. Elkarren oso bestelako bi modu, independentzia erdiesteko indarra sendotzeko eta handitzeko.

Hala, bada, I-11k ez du bideratuko proiektu independentistakoen artean oraindik nolabait eragina daukan orientaziorik eza, baina bidea eman dezake desadostasunak alde batera uzteko eta motorra martxan jartzeko datozen hilabeteotarako. Espainiako Estatuko justiziak eta errepresioak airean dauka aspalditxotik Kataluniako gizartea. Aurki utziko diogu ezbaian egoteari, eta, gutxienez, aldi berri bati ekingo diogu. Orduantxe erakutsi beharko da ea mugimendu hau gai den bide orri berri bat taxutzeko, zeinean independentismoak zirkunstantzia berrietara egokitu beharko baitu, ondo egindakoetatik eta huts egindakoetatik irakaspen handia duela bere bizkar. Harako esaera zahar hark esaten duenez: garrantzitsuena ez da erortzea, baizik eta altxatzen jakitea. Garaia da, bada, altxatu eta irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.