Joseba Barandiaran Andueza.

Zer luzea abuztu hau

2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Martxoan heldu zaigu aurtengo abuztua. Ezustean heldu eta, bi hamabostaldi izan ordez, bi berrogeialdi izango dituela dirudi. Gure ezjakintasunak, hauskortasunak eta mugak agerian laga ditu. Eta Txinaren itzala luzatu.

Abuztu honetako lehen berrogeialdian, gakoa bizitza da. Kutsatuak, hildakoak, etxeratze agindua, hazkunde esponentziala nola leundu, osasungintza bera nola zaindu. Urperatze moduko bat, geldialdi ekonomiko ia erabateko, baina behin-behinekoa. Momentuz, kutsadura gutxiago, kale garbiagoak eta BPGa, hainbeste axola (ez?) duen adierazle hori, hondoratuko duena. Agintariak zeri haginka egin jakin gabe laga ditu, ziurgabetasunean zer erabakiko; egoera zaila. Osasuna (zaintza) eta jakiak bermatzea (gora lehen sektorea ere!) da kontua. Lehentasun erabatekoa horrek du. Kutsatzeak saihestuz bada, ireki bitez lantegiak. Baina gaixoek eta zaintzaileek oheak, zaintzak eta maskarillak dituztenean. Ez lehenago. Hau pasatuko da. Bizitzatan ordainduko dugun faktura lagata.

EBZk (bigarrenean agidanez) 750 mila milioi eskainita eta mugak laxatuz asmatu du. Europako gobernuek, norbere aldetik, ezarri dituzte neurri ekonomiko leungarri batzuk; koordinatuak balira eraginkorragoak liratekenak. Nago hiritarrei oinarrizko errenta bermatua emateko aukera aparta galdu dugula: Helicopter money deritzana, Monopoly-ko dirua; baina egoera honetan bereziki baliagarri zatekeena: «Lasai autonomo, enplegatu zein zaintzaile. Pertsonako 700na euro bermatzen zaizkio edonori hilabeterako; mailegu eta alkilerrak eten egiten dira. Etxean egotea da gehienon lana; osasun arreta eta jaki produkzioa bermatzea besteena». Moneta politika Bruselan egoteak zaildu du. Islandian egingo dute agian. Euskal Erdian, berriz, 155 karakteretan ezabatua zaigu autonomia zirudiena; begira Araka(ra).

Lehen berrogeialdia luzatuta, langabezia biziki hazi liteke. Behin-behineko Lan Erregulazio Dosierrena (BLED) ideia ona da, alemaniarren kurzarbeit-aren ildotik: lan harremana bermatuz lanaldi eten edo murrizketak ahalbidetzen ditu, soldatak gobernuaren sosez osatuz. Tapiak aipatu gutxieneko sugarra piztuta mantentzeko ere balio du. Baina hor ere, sektore guztiek ez dute lehentasun bera. Gainera, gure berezko prekaritateak langabezia igo du jada: behin-behinekotasun tasa itzelak, kontratu laburren kopuru izugarriek, denbora joate hutsagatik, langabeziara bidali(ko) dituzte hainbat lagun, egunero-egunero. Ziurgabetasun giroan, nekez itzuliko dira (guztiak) lanera. Opor lekuek datorren abuztuan ere igarriko dute: euskal kostaldean eta harago.

(Konplexurik gabe berdea behar lukeen) Marshall Plan edo New Deal batek eragozten ez badu bederen, behin-behinean atzeraldia dator. Kontuak inork hasieran uste baino gogorrago eta luzeago jo lezake. Bultzada fiskal handia beharko da, epe batez defizita ahaztuko duena, gizarte ongizatea, enplegua eta oreka bermatzeko helburuz. Hori ondo eginez gero, krisi honek ez du zertan antzik izan 2008koarekin.

Bigarren berrogeialdia idazteke dago, ordea, kalte ekonomikoena. Hasteko, lehenaren iraupenak baldintzatuko du. Kalteen nolakoa eurogunean hartuko ditugun neurri ekonomikoen menpe dago nagusiki. Neurriek handinahiagoak behar lukete izan, erradikalagoak; oso mantso goaz. Baina bagoaz. Abalak eta maileguak ondo daude, baina autonomoek (300.000 inguru Hego Euskal Herrian, 3 milioitik gora Espainian, pentsa zenbat eurogunean) diru sarrera minimo bermatuak nahiago dituzte (tabernari, bertsolari, igeltsero zein fisioterapeuta). Gerrate batean ez bezala, sare produktiboa ez da suntsitzen ari, eta ziurtasuna gizarte osoari helarazi behar zaio. Hala, hainbat alorretan, V itxurako berrindartzea posible da. Luze egingo zaigu, baina normaltasun berria helduko da, bere taberna, poteo eta sagardotegiekin.

Beste zenbait sektoretan, U itxura izan lezake berrindartzeak edo are, L itxura: jausi eta baxutik jarraitu (atzerrirako turismoa lehengoratzen edo bigarren etxebizitza merkatua sustatzen kostako dela esango nuke). Baina, nola ez, J itxura ere izango dute zenbait sektorek. Krisi guztietan lez, ez baikara inoiz hasierara bueltatuko, kaskateko latz hau geure buruan jasotzen ari garen heinean: digitalizazioa, telelana, txartelek eskudiruari aurre hartzea, on line hezkuntza eta harreman plataformak, gertuko nekazaritza eta osasungintzako lanpostuak ezberdin ikusi eta baloratuko ditugu aurrerantzean. Zientzialari eta osagileen iritziak ere itzala irabazi(ko) du, akaso sortzaileenak ere bai. Epidemiologoez harago, klimaren zientzialariek, soziologo, ekonomialari nahiz politologoek badute zer hausnartua. Lehen berrogeialdia luzatzeak, buru nahiz soin osasunean, kalteak ekarriko ditu, baina, agian, baita mesedeak ere: erosketa saskia murrizten eta moldatzen laguntzen badigu, klimarena zinezko larrialdia dela ulertarazi. Death Cafe ekimenekoak gertuago sentitu beharko genituzke; guztiok hilko gara noizbait. Birusaren kontu hau behin gertatu bada, biologikoki, errepika daitekeela pentsa liteke. Imajinatzen duzue horrelako abuztu bat urtero?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.