Berreraikuntza bai, baina herritarron eskutik

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Gelditzeari izua dion gizarte bat da gurea. Beti martxan egoteko agintzen diogu geure buruari, berdin lanak edo planak egiteko garaian, gurpilak biratzeari utziko dion beldur bagina bezala. Gurpil barruan itsu ibiltzen gara: gurpila beti martxan, eta gu, toki berean.

Bizi dugun osasun krisiak gelditzera behartu gaitu. Gure gizartearen indargune nahiz ahuleziak muturrera eraman eta azalera ekarri ditu. Krisiak ez du mundua aldatu, baina aurreko joerak azkartu ditu, eta munduari begiratzeko dugun moduan eragin du. Asko ginen aurretik ere eredu aldaketa bat aldarrikatzen genuenak, eta badirudi inor gutxik ukatuko duela orain zerbait, behintzat, aldatu beharra dagoela. Gizartearen eta ekonomiaren berreraikuntza dute batzuek ahoan; reset egiteaz ari dira besteak.

Berreraikuntza behar dugu, bai, baina noren eskutik? Alarma egoeraren kudeaketak agerian utzi du zein ahula den gure herriaren autogobernua. Estatuek krisia neurri zentralizatzaileak ezartzeko erabili dute; egoera larrienei erantzuteko egokienak gobernu zentralak direla sinetsarazi nahi izan digute. Euskal Herrian gure osasun sistema propioak kudeatzeko gai gara normaltzat jo dezakegun egoera batean, baina, antza denez, pandemia batean ez; orduan, hobe Madril eta Parisetik aginte bakarra ezartzea. Birusak ez omen du mugarik... Irun eta Hendaia artekoa bezalako horiek izan ezik.

Krisi globalei erantzuteko, nazioarteko lankidetza sustatu behar dugu, bai, baina tokian tokiko neurriak ere behar ditugu; erabakiak herritarrongandik zenbat eta gertuago hartu, eta, batez ere, herritarron parte hartze handiagoa ahalbidetu ahala, gure bizitzetara hobeto egokitzen dira.

Horregatik, ulertezina iruditzen zaigu gure erakunde publikoek hainbat alorretako eragileekin lankidetza handiagoa ez sustatu izana, eta kezkagarria, egoera honen larritasuna aintzat hartuz, egon den akordio politiko falta. Krisiari herri gisa erantzuteko ezintasunak erakutsi du zein premiazkoa den gobernantza eredu demokratikoago bateranzko urratsak egitea.

Etxe hori ere eraikitzeko dago, eta sinetsita gaude askoren artean egin beharko dugula. Guk premisa bat jarriko genuke oinarrian: gizarteak erabaki prozesuen parte izan behar duela. Horretarako, garrantzitsua da aintzat hartzea, besteak beste, enpresen eta langileen ordezkariak, gizarteko alor ezberdinetako eragileok edo komunitate akademiko-zientifikoa; eta, aukera dagoen guztietan, noski, herritarrak. Erabakiak partekatuak direnean egokiagoak izaten dira, eta, ondorioz, eraginkorragoak.

Asko daukagu berreraikitzeko, eta berriz ere martxan jartzeko presa izan dezakegu, baina ez dezagun gizartea edo ekonomia berreraikitzea aurreko gurpil hartara itzultzearekin nahastu; iraganera itzultzeak ez baitu etorkizunik. Batzuek egoera aldatu nahiko dute, hain justu, aurreko joeretan sakontzeko; beste batzuek, dena aldatu nahiko dute ezer alda ez dadin. Guk sumatzen dugu gero eta gehiago garela sakonean ere zer aldatu badagoela pentsatzen dugunak.

Baina COVID-19aren ondoren mundua nola aldatuko den elkarri galdetuz, zer gertatuko zain geratzen bagara, iraganaren antz handiegia izango duen normaltasun berri batera igarotzeko arriskua handia da. Izan ere, krisiek ez dituzte berez aukerak zabaltzen; gure erabaki burujabeek bai.

Gelditu. Hausnartu. Erabaki. solasaldi digitalak antolatzen ari da Gure Esku asteotan, inflexio puntu honetatik etorkizunera begiratu eta eraiki nahi ditugun oinarri berriak irudikatzen hasteko. Sektore eta alor anitzetakoak izanagatik, hizlariak elkarpuntu ugari ari dira jartzen mahai gainean, eta, sintonia hori oinarri, bat egin dute lehendik ere entzuten genituen hainbat ardatzen bueltan: eredua bera dagoela krisian, eta erroko aldaketak egitea premiazkoa dela herritarron bizitza duinak bermatzeko; eta krisi honi hemen eta guztion artean egin behar diogula aurre, alegia, herri gisa jardun behar dugula.

Herri erantzun hori ahalbidetzeko, bi helduleku behar ditugu, gutxienez: herri eztabaida bat bideratzea, norantz jo nahi dugun adosteko, eta bidea egiteko beharko dugun erabakimena nola geureganatuko dugun pentsatzeko; eta herritarrok eta gure aldarrikapenek berriz ere plaza publikoa berreskuratzea.

Berreraikuntza nahi dugu, bai, baina herritarron eskutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.