Akordioa bogan jar dezagun

Eba Blanco de Angulo
2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
25 urte igaro dira Eusko Alkartasunak, PSN eta CDN alderdiekin batera, hiruko gobernua eratu zuenetik. Gobernu horrek halabeharrez aniztasuna zuen oinarri, eta elkarrizketa eta eskubide sozialen defentsa ardatz. Gobernu horrek erakutsi zuen gehiengoaren ongizatea erdiesteko, akordioa eta errespetua ezinbesteko direla. EAk bere siglen gainetik justizia soziala eta herritarren ongizatea jarri zituen orain 25 urte, eta oraindik ere moda berdina darabilgu. Jarraitzen dugu elkarrizketaren bidez ezberdinen arteko hitzarmenak lantzen; Aliantza Libre Europarra, Ibarretxeren Jaurlaritza, Nafarroa Bai, Bildu-EH Bildu- EH Bai, Uxue Barkos buru zuen lauko gobernua, Nafarroako edo Espainiako gobernu aurrerakoiei babesa ere horren fruitu dira.

Elkarrizketa, elkarlana eta elkartasuna gure zerizanaren muinean daude, eta sinetsita gaude edozein ekimen politiko edota sozialen funtsean ere beharko lukeela. Zertarako balio du politikak, jendea duin, aske eta zoriontsu bizi dadin moduak bilatzeko ez bada? Bilaketa horren osagaiak enpatia, begirada zabala eta postura ezberdinen arteko akordioak dira. Eta zer da bada akordioa? Ad cordis latinezko esaeratik dator —bihotzetiko batasuna, literalki— eta borondate ezberdinen bat egiteari dagokio. Akordioa da asko alboratu behar izatea, beharrezkoa lortzeko. Akordioa da batak ala besteak nahi dutena eskuratzetik urrun, guztion onura erdiestea. Akordioa da indibiduala galtzea, kolektiboa irabazteko.

Akordioaz hitz egiten badugu, hitza bera aipatu behar da euskaraz. Hitza ematea, eta hitza hartzea; eta noski, hitzak dakarren konfiantza eta errespetua adostutakoarekiko. Argi dugu sozialki justua, ekonomikoki aurrerakoia, politikoki burujabea eta kulturalki anitza den aberria eraikitzeko, askoren ideiak behar ditugula, eta ezberdinon bultzada. EAk beti bete izan du hitza, dagoen koalizio eta akordiotan, ez baitugu politikagintzarako beste modurik ulertzen.

Bada hitza hartu bai, baina betetzen ez duenik. Kasu horietan, apurtzen dena ez da soilik paper sinatu bat, edo kidearen konfiantza, gizarte oso baten errespetua arrakalatzen da. Zein ondorio latzak izan ditzakeen zekenkeriaz hautsitako akordio batek! Guk hori ondo dakigu, hamaikatxotan apurtu baitigute bihotz politikoa kide fidel uste genituenak; kolore eta une ezberdinetako hitzak janda. Bada inozotzat gauzkanik, bada esaten digunik beste aldeak zati hoberena eraman duela, diluitzen garela, akordioa bogan ez dagoela... Guk, ostera, justizia sozialaren eta askatasun politikoaren bidean darraigu, bidea gurekin egin nahi duten bidaideei ongietorria emanez. Izan daiteke pausoa lausotu beharra, geldialdi gehiago egin beharra, noizean behin bidea erratzea, baina urruti heldu nahi dugu, eta horretarako, bakarka ezin da.

Azken boladan alderdikoikeriak bogan daude, hau da, sigla batzuen etekin berehalakoa bilatzen duten jarrerak, ordezkatzen duten gizarteari entzungor eginez, haien hautes-zilborrari so. Modelo horren aurrean, guk gure begiradaren norabidea argi dugu: pertsonak eta horien beharretara zuzendua; justizia soziala eta gure eskubide sozial, politiko eta kulturaletara zuzendua... begirada zabalez, nola bestela!

Jakitun gaude COVID-19arengandik eratorritako egoera ezegonkorrak ez duela erraz jarriko normaltasun berria ongizate estatuaren oinarrietatik eraikitzea. Baina orain da alderdikoikeria horiek guztiz alboratu behar ditugun unea, akordio eta hitzarmen zabalak gizarteratzeko; eta ez soilik alderdi batzuen artean, baizik eta eragile sozial, sindikal, ekonomiko, kultural, zientifiko eta akademikoen artean. Euskal Herria post-covid19 manifestua horren adibide argia da. Akordioak bogan jartzeko garaia da berriz —ez da inoiz joan moda hau, gure ustez—. Eta guk jarraituko dugu ezberdinen arteko akordioen alde egiten, gauden espazio guztietan egiten dugun moduan. Eusko Alkartasunak independentzian, elkarbizitzan, ingurumenaren eta bizitzen zaintzan eta justizia sozialean bidea egiten jarraituko du, akordioak eginez eta hitzartutakoa betez; hala ulertzen dugulako politika, eta herri honen duintasunak, ongizateak eta askatasunak hala merezi duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.