'#Blacklifematters'

2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Renotik idazten dut, Nevadatik, Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldetik. Nevada kontraste handiko ingurua da, basamortuaren erdian kasino erraldoiak ditugu. COVID-19ak bertako berezko isolamendua ofizialagoa egin du. Baina isolamendu honen guztiaren erdian ere, munduak biraka jarraitu du.

Albistea pil-pilean

Azken egunetan AEBetako krisi arrazistaren berri izan dugu; berrietan eta kaleetan. Poliziak George Floyd hiritar beltz desarmatua hil zuen duela egun batzuk, eta horrek protesta baketsuak eragin ditu estatu guztietan zehar, arrazakeria eta indarkeria instituzionalaren kontra. Protesta baketsu horien aurrean, Poliziak taktika militarrak erabili ditu: negar gasa, gomazko pilotak, helikopteroak... Non dago gerra, bada? Gizarte zibil baketsuaren kontra? Protestak mundu osora zabaldu dira dagoeneko eta sare sozialen bidez zabaltzea posible zaigu.

Hori guztia gertatzen ari den bitartean, Trump etxe zuriko sotoko bunkerra bisitatzen egon da, Poliziaren indarkeria txalotzen eta etxe zuriaren inguruan harresi berri bat jartzen. Baina arazoa ez da berria, belaunaldi askok bizi eta heredatutako trauma da. Beltzek zurien munduko okupak izaten jarraitzen dute. Zorionez, azken egunetan gaia mahai gainean jarri da.

Historia pixka bat aztertuta, adibidez 13th dokumentala ikusita, argi ikus dezakegu AEBetako arrazakeria arazoa oso errotuta dagoela. Esklabotza garaitik gaur egunera, zapalkuntza abstrakziora eraman da. AEBetako gerra zibilaren ostean, 1865ean esklabotza debekatu zenean, sistema ekonomiko eta sozial horren gainean eraikitakoa mantentzeko modua bilatu zen, 13. enmiendaren adibidez. Lege horren arabera, gizaki guztiak askeak dira, kriminalak izan ezik. Beraz, lehenago esklabo zirenak edozein gauzagatik kriminalizatu eta lan behartuak egitera igaro ziren. Esklabotzatik kriminalizaziora.

Gaur egun AEBek munduko presoen %25 biltzen dute, munduko populazioaren %5 izanda. Kartzela sistema erraldoia da, eta garestia zentzu askotan. 13th dokumentalak datu beldurgarriak ematen ditu: bizitza osorako kartzela-zigorra jaso duten presoen 6/7 beltzak dira, AEBetako populazio beltzaren 1/3 kartzelan dago; presoen %40,2 dira.

Kriminalak eta heroiak

Ikus-entzunekoek ere garrantzia handia dute gizartearen balioak hedatzerakoan. Beltzak basati, animalia, bortxatzaile, biolento eta gaizto modura islatu izan dira pantaila handian. The birth of a Nation (1915) filma da adibiderik argienetako bat. Filmaren ostean Ku Klux Klanaren gorakada izan zen, indarkeria olatu berri bat. Beltzak hegoaldetik AEBetako beste eremuetara emigratzen hasi ziren orduan, eta horrekin batera, segregazio legeak ezarri ziren, zuriekin nahasi ez zitezen.

Ameriketako kultura popean Poliziak duen irudia ere esanguratsua da: arauei jarraitzen ez dien Polizia, heroia. Irudi hori argia da, adibidez, Clint Eastwooden Cranky Gun Grandpa filmean, beste askoren artean. Esanguratsua da Dane Grossman polizia trebatzaileak bere burua expert in killology modura definitzea ere (erailketaren aditua). Halako formakuntzak rolak argi zehazten ditu: Polizia harrapakaria da, eta, beraz, gizartea harrapakina, sektore batzuk bereziki. Ezin ahaztu komunitate askotan Polizia dela baliabide publiko bakarra. Hain da handia polizia eskaera, non eta jokaera desegokiagatik kaleratutako polizien %25 inguru berriro kontratatuak baitira.

Aurrerantzean, zer?

Arrazakeria egiturazko arazoa dela onartzen badugu, irtenbideak oso erraza dirudi: finantzaketa poliziala murriztea, formakuntza aproposa ziurtatzea, segurtasun publikoa birpentsatzea, baliabide sozialak ahalbidetzea... Hori izan zen hain zuzen ere 2019an Khalil Gibran Muhammad-en proposamena; 1919tik hainbat estatutan izandako erailketen ostean proposatu izan dena. Zoritxarrez, arrazakeria botere harreman baten ondorioa den heinean, borondate politikoa ezinbestekoa da arazoari aurre egiteko: pertsonala zein instituzionala. Ez dut uste Trumpek halako aldaketarik babestuko duenik.

Are gehiago, aldaketa zaila ikusten dut Trumpek 2021erako aurkeztutako (4,8 bilioi dolarreko) aurrekontuak onartzen badira. Gastu militarra %0,3 igo nahi du (740.500 milioi dolarrera), eta gainerako kontribuzioak %5ean jaitsi (590.000 milioi dolarrera). NASAri eskainitako dirua %12 igo nahi du. Gerra beteranoei eskainitako dirua ere, %14. Beste sektore batzuetan, ordea, jaitsiera deigarriak proposatzen ditu: Ingurumen Sailean %26ko jaitsiera, %21ekoa kanpo politikan, %9koa Osasun Sailean, %8koa Hezkuntzan... Gainera, laguntza soziala eskuratu ahal izateko baldintza zorrotzagoak ezarri nahi ditu, baita AEB eta Mexikoren arteko harresi famatua eraikitzen jarraitu ere.

Ikuspegi pertsonaletik, egoera honek sentipen kontrajarriak eragin dizkidala onartu behar dut. Alde batetik, berdintasun aldarrikapenarekin bat egiten dut, guztiz. Bestalde, nirea ez den herrialde batean nago, kanpotarra naiz, zuria, eta horrek manifestazioetan parte hartzeko zilegitasuna kentzen didala sentitzen dut nolabait, arrazionala ez bada ere. Gainera, lan-baimena galdu eta AEBetan berriro ez sartzeko arriskuari aurre egin beharko nioke Poliziarekin arazorik izatekotan. Zilegia al da ardura pertsonalari honela uko egitea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.