Patxi Zabaleta

Errege Santxoren malenkoniaz

2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Euskaltzaindiak sarean jarri berria du bere192 Araua; eta bertan Iruñea eta Nafarroako erresumako errege-erreginen izenak arautzen dira. Aipatu 192 arau horietatik ehun baino gehiago zuzendu eta gaurkotu beharrean daude, baina azkeneko ustezko arau honen atal batzuk benetan samingarriak eta deitoragarriak gertatzen dira batzuontzat. Zorionez, lehen proposamenak zekarzkien astakeria batzuk zuzentzea lortu zen, batik bat, Jean Louis Davanten prestigioari esker. Baina beste hutsegite iraingarri batzuk hor gelditu dira oraingoz. Bi adibide aipatuko ditut hemen: Arista latinoak Aritza ezkutatu eta ordezkatu aholkatzearena; eta Santxo, Santxiz-Santxez beharrean Antso-Santxiz-Santxez ezarri nahi izanarena.

Beste edozein akademiaren kasuan arauen garrantzia oso mugatua izaten da; gomendio hutsak baizik ez dira.Baina Euskaltzaindiaren kasuan arauek esanahi berezia eduki dute, euskararen batasuna euskararen lurralde guztietako erakunde bakarrari—bere hutsegiteak eta guzti— herritarrek men eginez lotua izan delako… Eta hori, nahiz batasunaren meriturik handiena ez zuten euskaltzain urgazle batzuk baizik eduki; Txillardegik, Arestik eta abar. Gogorapen honek inoiz baino zentzu gehiago dauka urgazle eta ohorezkoen eskubideak errespetatzen ez diren garaietan.

Eneko Aritza Cordobako historiagile arabiarrek Wannaqo Ibn Wannaqo deitu zuten. Horrela transkribatzen da, besteak beste, Eneko Aritzaren Hilobia izeneko nire eleberrian. Lau mende beranduagoko latinezko idatzietan Arista goitizen latinoa eman zioten; aipamenik ezagunena Garesko Ximenez de Rada artzapezpikuarena izanzelarik, «quia asper in proelis» argudiatuz; hau da, «gudualdietan azkarra» izateagatik jarri ziotela goitizen hori, alegia. Eta Arista Aritza baino lehenagokoa omen zelako arrazoi «extra-historikoa» erabiliz ezarri da hori.Nik uste dut kulturalki eta sozialki Aritza beharko lukeela. Gazteleraz arrazoi berdina erabiliz Iñigo baztertu egin beharko lukete eta Eneko —edo Enneco— jarri, testu zaharrenetan (latinezko eta arabiarrezkoetan) bereziki horrela agertzen delako. Baina uste al du inork RAEk Iñigo izena baztertzea aholkatuko duenik? Bai zera!

Santxo-Antso-ren kasuan, berriz, zehazki kontrakoa eta kontradiktorioa den ikuspegia erabiltzen da Antso lehenestean. Hasteko, nik ez dut uste Santxo eta Antso erro berekoak direnik. Bigarrenik, eta erro berekoak balira ere, Santxo lehenagokoa da etalehenik agertzen da lekukotasun idatzietan. Hirugarrenik, ez dago eztabaidatzerik Santxo deituraren euskal jatorri peto-petoa; ikerketa eta erreferentzia guztietan agertzen den bezala. Laugarrenik, Santxo deiturak pertsona izena, abizena eta etxe edo baserri izena bezala iraun ez-ezik adibide oso ugariak eta anitzak eskaintzen ditu. Bosgarrenik, Santxo hitzetik eratorriak daude patronimikoetatik hasita; hau da, aitaren edo leinuaren izena adierazten dutenak. Gogoratu beharra dago itz, iz, ez atzizkiak euskarak bere deklinabidetik erromantzeen egiturari egindako emaitzak direla besteak beste. Beraz, Antso delako baten alaba edo semeak Santxitz edo Sanchez patronomikotzat edukitzea irrigarri gelditzen da. Antso omen zelako errege baten txanponak Santxete izena izatea barregarri gelditzen den bezala.

Seigarrenik, ordea, Santxo eta Antso deiturak erro berekoak direla eta Antso izena Santxotik eratorria dela Luis Mitxelenak teorizatzen du Apellidos Vascos izeneko liburuan. Anso (58)eta Santxo (537) deituren ikerketan. Lehenik esaten du Anso-tik sortzen dela San(t)so bi txistukarien asimilazioz; eta gero, Santxo-k galdu egiten duela lehen kontsonantea «disimilazioz». Ondoren Mitxelenak aitortzen du Santxo-k iraun egin duela gaurdaino «apelatibo» moduan, baina abizenen zerrendatik kanpoan uzten du. Nire ustez, azterketa hau hasiera-hasieratik, -asimilazio/disimilazio-,kontraesankorra da.Gainera, disimilazioa ez da fonetikoki onargarria Santxo hitzari dagokionez; lehenengo kontsonantzia frikatiboak eta bigarren kontsonantzia oklusiboak ez daukatelako elkarrekiko antzekotasunik edo trabarik. Mitxelenaren liburu hura deskatalogatuta dago eta araketa hura guztiz zaharkituta. Baina hala ez balego ere, errealitate ukaezina da euskal jatorrizko Santxo izenak, abizenak, toponimoak, apelatiboak eta haren errotik eratorritako ugariak hor dirautela, patronimikoetatik hasita.

Baskonia zaharreko -Iruñea, Naiara-, Nafarroa- errege-erreginen eta beren leinuen deiturak arautzea edo homologatzea zeregin kulturala eta soziala da; ez soilik akademikoa; eta askoz gutxiago, pseudo-historikoa. Agerian dago gaur egun Santxo hitza eta izena erabiltzen dituztela euskal erregeen plazez, etorbideez edo fundazioez ari direnek. Eta joera horrek horrela jarraituko du eta azkartu eginen da. Ziur nago Erriberriko Teobaldoen kaleko ostatuan ardo gorri bana hartuz arakatzen dugun bitartean zenbat bizkaitarrek ote dakien ze izena zuen Bizkaiako Jaurerria sortu zuen eta lehen Bizkaiako jauna izendatu zuen Iruñea-Naiarako erregeak.

Honela bada, Euskaltzaindiaren 192 arauetatik zuzendu beharreko ehun baino gehiagoren araketa eta azterketa egiten denean, azkeneko arau hau ere zuzendu egin beharko da. Egia da arazo hau ez dela Euskaltzaindiak bere bigarren ehun urtekoan daukan erronka bakarra; eta ezta erronka larriena ere. Genero berdintasunaren premia, euskal kulturaren ordezkaritza egokia, urgazle eta ohorezko euskaltzainen eskubideak aintzat hartuz eta endogamian edo karguenbetikotzean erori gabe. Gainera, bi estatu eta hiru lurralde politikotan eragina daukan erakundearen horniketa juridikoa eguneratzeak gero eta beharrezkoagoa dirudi, kontuan izanez gero gaur egungo hezurdura juridikoa Erreformako lehen garaietakoa dela. Izan ere, etimologien edo ikurren arloko lehiek edo hizkuntzaren jatorri, bilakaera, morfologia, hiztegi, atlas eta arauei buruzko eztabaidek badute beren garrantzia; baina askoz garrantzitsuagoa litzateke euskal literaturan eta beste ekimen kulturaletan inoiz ezagutu den aro oparoenak bizimoduko beste ataletan izan behar lukeen eragina eduki dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.