Garai berri bat euskal diplomaziarentzat

Imanol Galdos Irazabal
2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Mundu osoan zehar, haneta hemen azaleratzen ari diren erronken antzera, Euskadik ere une erabakigarriak bizi ditu. Ama lurrean bertan eta kanpoko komunitateetan aurreko belaunaldietako euskaldunek egina zuten lan eskergatik abiatuta, euskal gizarteak XX. mendeko hirurogeiko hamarkadan zentzu handiz ulertu zuen garai hartako erronkaren premia eta neurria. Orduan ezarri ziren euskara biziberritzeko oinarriak—gaur egun bultzada berri baten beharrean daudenak—, orduan abiatu eta sendotzen hasi zen euskal enpresen zabalkundea mundura —gure diplomaziaren aitzindariak dira enpresak, bidenabar esanda—, eta orduan hasi ginen ulertzen gure nahi eta helburu politikoak eta sozialak, inola bideratuko bagenituen, munduan gertatzen ari zenaren argitan interpretatu behar genituela. Gure erakundeak eratu genituen gero, eta euskal gizartearen berezko indarrarekin bat eginda, gure eredu propio bat eraiki dugu, beste errealitate batzuetatik maiz goraipatu izan diguten erabakimen handiaz eraiki ere. Ibilbide luze honetan, goraipatzekoa da kanpoan diren euskal komunitateek gure historiako une zail batzuetan izan duten protagonismoa.

Gaur egun, ordea, bestelako egoera batean gaude. Arrazoi asko izan daitezke horren atzean, baina, besteak beste, aitortu beharko genuke bide emankor hori urratzen lagundu izan digun bizi-indarra ahuldu egin zaigula. Trantsizio uneak bizi ditugu orain, eta baditugu arazo eta auzi berri batzuk, gure arreta osoa eskatuko digutenak: gure egitura sozialaren zahartze prozesua nabaria, esaterako. Beste era batera esanda, errelato berri bat eratu beharra daukagu, etorkizuna egituratzen lagunduko digun errelato berria; horra eskuartean dugun eginkizun premiazkoenetako bat.

Testuinguru honetan, euskal diplomazia ere (diplomazia publikoa) erronka erabakigarri baten aurrean dago. Euskal diplomaziak, bistan denez, ez ditu estatu-diplomazien beharkizun guztiak, baina eduki ditzake, praktikan, euskal herriaren etorkizunerako giltzarri izan daitezkeen zenbait ahalbide eta baliabide. Garai berriak bizi ditugu eta horrek erantzun berrituak asmatzea eskatzen digu, iraganean egindako itzelezko lana aprobetxatuz, noski, baina orain arte ezagutu ez ditugun erronka eta jokaleku berrietara egokituta. Diplomazia eraginkorra eta baliagarria edukitzea pizgarri sendoa izan daiteke ezinbestez urratu behar dugun fase berri honetarako.

Diplomaziak, izan ere, ikuspegi globala, integrala eta diziplinartekoa eduki behar du eta ekintza koordinatu eta eragileagoak sustatu behar ditu. Gure diplomazia publikoaren aterkipean ekintza sektorial eta espezifiko ugari lantzen dira (politikaren, kulturaren, enpresaritzaren, lurraldearen nahiz diasporaren arloekin lotuta), baina, zalantzarik gabe, indartsuagoeta eragileago izango lirateke estrategia komuna balute. Ekimen batzuk besteakestaltzen dituzte batzuetan, ez ikusiarena egiten dute beste batzuetan, eta horrek eraginkortasuna moteltzen du.

Baina, batez ere, euskal diplomaziak asmatu behar du integratzen eta optimizatzen aspaldidanik euskal enpresak eta askotariko eragileak, esparru publikotik at, kanpoan egiten ari diren lana, azken batean horiek baitira gure kanpo proiekzioaren euskarri nagusiak. Egitura berriak sortu beharrik gabe, errealitate indartsu, fidagarri eta sinesgarri hori hobeto aprobetxatzera bideratu beharko litzateke nagusiki ahalegina. Kanporako aurkezpen-txartel bikainak dauzkagu, eta hobeto baliatu beharko genituzke.

Euskal presentziak kanpoan izan beharko lukeen aniztasun izaera ere arretaz hausnartu eta landu beharko luke euskal diplomaziak. Irlandarrek ederki asko ulertu dute hori —baita armeniarrek ere, hein batean—, eta estrategia berri eta XXI. mendeko parametroetara egokitu bat kanporatu dute (rethinking Irish diaspora). Euskal kasuan bezalaxe, irlandar diaspora zabalean errealitate historiko, politiko, sozial, ekonomiko eta emozional ugari bezain aniztunak topa ditzakegu, eta horrek eraman ditu eredu patroi bakarraren estrategia edo politikatik urruntzera. Zein da, bada, estrategia berri horren ezaugarria? Diaspora irlandarrak historikoki izan duen oinarri eta indar politiko eta emozionalari eustea, baina arrazoibide garaikideekin osatzen jakitea.

Kontu horiek denak aztertuko dira Donostian, laster diplomazia publikoari buruz izango den nazioarteko ikastaroan. Mundu mailako aditu multzo bat elkartuko da bertan. Tartean Estatu Batuetako, Erresuma Batuko, Irlanda, Danimarka, Lituania, Armenia, Katalunia, Frisia, Mexiko, Quebec edo Israeleko akademikoak izango ditugu, beren ezagutzak eta esperientziak partekatzen, pandemia egoera honen ondotik diplomazia publikoa berrindartzeko egokiera izan nahi duen ikastaroan, mapa geopolitiko berria abiarazten eta berregokitzen ari den une hauetan. Ezin dugu kanpoan gelditu. Euskal diplomazia egokiera bikainaren aurrean dago. Ahalbideak, baliabideak, eskarmentu handia, mundurako begiratu zabala... horiek dira bere indarguneak. Baina horiek gauzatuko badira, fase berri bati ekin beharrean gaude, trantsizio une hauek gaindituz. Etxeko lanak etxean ere egin behar baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.