2021eko zeluloide titaniozkoa

Etorriko direnen zain, pieza esanguratsuak utzi ditu iragan urteak zineman, oraindik ere berreskuratzeko modukoak. 'Annette' eta 'Titane' daude nabarmenduen artean.

Julia Ducournau zinemagilearen Titane filma. BERRIA.
begona del teso
2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Etorriko dira, lasterrean, gure etxe ondoko saloietara eta gure etxe barruko plataformetara pelikula berriak. Errenterian (Gipuzkoa), kasurako, hilaren 11n estreinatuko dute munduko beste izkinetako zinejale guztien laudorioak jaso dituen John Greenbaumen Barb and Star Go to Vista del Mar. Egun berean, Donostiako Kresalan, Berlin, Sevilla edo Mar de Platan sari ugari bereganatu dituen Alexandre Koberidzeren Ras vkhedavt, rodesac cas vukurebt? (Zer ikusten dugu zerura so gaudelarik?) izango da ikusgai. Begi-bistakoa da film hori zinemarekin eta okerrez beteta garen gizakiokin maiteminetan dela.

Gogoratzeko modukoa izango da astearte hori, ze Iruñean, Golemetan, Alice Guy aitzindariak merezi duen errespetua eta ohorea eskaintzen dizkion Pamela Greenen Be Natural programaturik baita. Eta segituan dira gurean Paul Thomas Andersonen azkena, Licorice Pizza, eta Hegoaldean, Iparraldean aspalditik dastagai duten Belle animaziozko harribitxi Japoniakoa.

Izango dugu bai zer ikusteko franko datozen arratsetan, baina bota dezagun begirada joandako egun horietara; zerk sorgindu izan gaitu bukatu berri diren egunotan, itzali berri diren pantailetan? Zer galdu dugu, nolakoak dira 2021ean sari, opari, zigor jasotako altxorrak eta zaborrak?

Dokumentalak altxatu dira, altxatu ditugu itxuraldaketa, metamorfosi, garapen, eboluzio etengabean gauden ikusleok beren goien gradura. Ustekabez ustekabe ibili gara, begiak bete harridura, bihotza bete taupada basa. Questlovek hurbildu gintuen zeharo ezezaguna genuen musika jaialdi batera, Summer of Soul horretara. Guk, matxino-matxinoak ginelakoan, Woodstockeko bilera haren kondaira osoa begirune osoz gurtzen genuen bitartean, abandonaturiko biltegi batean hautsez betetzen ari ziren Harlem auzoko parke batean gertaturiko errebolta baten irudiak. Egun, badakigu hor izan zela arraza baten matxinada. Eta, denok askotan esan dugun bezala, dantzarik, musikarik ez bada, hau ez da nire iraultza.

Musikala ere, erreboltaria ere, ikusteko eta entzuteko behar beharrezkoa Todd Haynesek Velvet Undergroundi eskainitako zinema puska. Aipatzea merezi du ere, aipatzea eta goraipatzea, Javier Corcuerak La Polla Recordseko Evaristori No somos nada pelikulan egiten dion potreta basatiak, damurik bakoak. Pareko amorru eta mugarik onartzen ez duen amodioa dario Marina Lameirok Berri Txarrak bandari eskainitako Dardara dokumentu biziari...

Bai, dokumentala iritsi zen joan den urtean merezia duen gailurrera. Westernak nola. Mendebalde urruneko hiru film ondratuko ditugu hemen. Hiru, bai. Emakumezko zuzendariek sinatzen dituzte hirurak, Kelly Reichardtek First Cow, Jane Campionek The Power of the Dog eta Maider Oleagak Kuartk Valley. Westernak ari dira itxuraldatzen, eta eraldatze sakon eta atzeraezin horren eragileak zaldiz zein kameraz adore handiz dabiltzan hiru egile fin horiek dira.

Oraindik, oraindik eta beti, izango dugu gurean hamaika galderari erantzunik aurkitzeko premia, arrastorik utzi gabe desagertu ziren hainbaten bila jarraitzeko beharra, iraganak markaturiko oraina aztertzeko urgentzia. Horrexegatik dira hain ezinbestekoak eta, aldi berean, horren benetako zinema puskak, Iñaki Alforjaren Bolante baten historia, non, desagertutakoaren erretratuaz gaindi, bila dabilenaren gorputz eta arimaren nekea agerian geratzen den, eta Ritxi Lizartzak beste zinemagile aparta batzuen, marrazkilari fin baten eta kamerari bikainen konplizitate osoz ondutako Apaiz kartzela. Bertan, joandako garaietan amesturiko langileen, borrokalarien, behartsuen eta torturatuen aldeko Eliza batekin egiten dugu topo. Baina amets ero hura amesgaiztoa bilakatu zen, eta Zamoran bukatu zuten abade komunistaseparatista horiek kasik guztiek.

Iazko zinemak zorroztutako begirada zorrotz guztiak ez ziren, alta, Euskal Herrikoak izan. Donostiako Zinemaldian bihotza eta adimena estutu zizkigun Andreas Fontanaren Azor Argentinako berunezko gau eta egun luzeetara bueltatu zen, sakonean sutan diren manera izoztu batzuekin. Netflixen bilatu zuen etxe, berriz, egun munduko zinema aldizkari guztietako laburpenetan agertzen den Alonso Ruizpalaciosen Una película de policías lanak. Bertan, errealitatearekin, fikzioarekin, antzerkiak dituen baliabideekin egiten du jolas zuzendariak, Mexikoren berri latza emateko.

Plataformak? Bizkorrak dira. Gero eta ezinbestekoagoak. Hasi dira tokian tokiko zinema munduetan arakatzen eta film hobeak bereganatzen. Bereganatzen eta... salbatzen. Esaterako, Donostian zein Cannesen eta beste leku batzuetan sari ugari lortu duen Tatiana Huezoren Noche de fuego pareko gutxi duen ipuin mikatz eta brutala. Mexikon, Alemanian, Brasilen eta Qatarren bilatu zuen Tatianak finantzaketa, baina Netflixek zabaldu zuen munduko zinema bilkuretara...

Gonbidapenak, abisuak

Beste hamaika itxura har litzake sasi errepaso honek. Nireak ez diren beste zinema egituretan, Zellerren The Father, Spielbergen West Side Story eta Bollainen Maixabel agertuko zaizkizue. Nik nahiago Schiammaren Petite Maman horren ispilu-jolasean erori. Nahiago denbora, oroipenak eta desirak jostailu, horren ondo josia den Last Night in Soho-ren izu zurrunbiloan irristatu. Eta Spencer-en hasierako eszenan galdu.

Nahiago Addams sendiaren Wednesday lagundu bere coming of age horretan, laket baitut Mortiziaren alaba emakume bihurtzen ikustea.

Nahi zaituztet zuek gonbidatu eskema guztietatik at diren pelikulen ehiztariak izatera. Nahi dizuet esan Leos Caraxen Annette eta Julia Ducournauren Titane galdu badituzue, gaurko eta biharko zinemaren noranzkoa galdu duzuela. Nahi dizuet abisua pasatu: aurten ere Iruñean eta Bilbon izango dira zinema atrebentziak. Non? Ikuspuntun eta Zinebin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.