Noiz sortua: 2018-06-29 00:30:00

Selektibitatea 2018: foruak eta euskara

Unai Belaustegi - EHUko irakaslea

2018ko ekainak 29

Unibertsitatera Sartzeko Probaren edo Selektibitatearen harira, urtero zarata handia sortzen da. Aurten, adibidez, azterketa bat dela eta, 8.000 sinadura inguru bildu dituztela entzun dut. Ikasleek protesta egitea gizartea eraldatzeko indar gisa beharrezkoa ikusten dudala esanez, irakasle gisa, selektibitateari buruzko bi gogoeta-ondorio plazaratzea gustatuko litzaidake: bat, selektibitatea gainditzea oso erraza da. Eta bi: euskal gizartearen etorkizunak kezkatzen nau.

Selektibitatea gainditzen duten ikasleen kopurua, %90etik gorakoa da. Estatistikei kasu eginez, proba oso erraza dela ondoriozta daiteke. Norbaitek pentsatuko balu ikasleak azterketara oso ondo prestatuta aurkezten direla, hona bi konparazio, adibide gisa. 2017an, Estatu mailan, gidabaimena ateratzeko azterketa teorikoa, lehendabizikoan adibidez, %40ek gainditu zuten; azterketa praktikoa, lehendabizikoan, %20ek bakarrik. 2018an, polemikak polemika, Osakidetzako azken oposizioetara aurkeztu direnen %73ek azterketa gainditzea lortu dute.

"83 azterketa zuzendu ditut, eta horietatik 75 ikaslek gainditu egin dute (%90,4)"

Nire galdera da: osasun alorrarekin erlazionatutako lan bat lortu nahi duten pertsona helduak eta errepidera (!) autoarekin atera nahi dutenak azterketetara, gure ikasleak baino okerrago prestatuta aurkezten dira? Denon osasunerako, pentsatu nahi dut, selektibitateko azterketa errazagoa dela. Konparazioari indar handiagoa eman nahian, nire esperientzia partekatu nahiko nuke, bi aspektu nabarmenduz: edukiak eta euskara.

Guztira, historiako 83 azterketa zuzendu ditut, eta horietatik 75 ikaslek gainditu egin dute (%90,4). Azterketa gainditu duten ikasle askok (erdiak?) historiari buruz gutxi dakite, eta oso gaizki idazten dute. Batetik, uste dut azterketa eredua bera ez dela egokiena. Bestetik, ausartzen naiz esatera ikasle hauek historia eta euskara ez dituztela bizi. Euskaldunon historia arrotza zaie, eta euskara gero eta arrotzagoa.

"Frankismoari buruz: 'garai horretan gizartea askeagoa eta pentsamendu irekiagoa zeukan'; 'eskoletan maisu eta pluralismo gehiago egon zen'; 'Eliza Frankoren aurka jarri zen'"

Adibideak ematearren. Azterketa gainditzea lortu duen ikasle batek baino gehiagok halako erantzunak bota ditu (kakotxen artean dauden esaldiak filtrorik gabe azterketetatik jaso dira zuzenean). Frankismoari buruz, «garai horretan gizartea askeagoa eta pentsamendu irekiagoa zeukan»; «eskoletan maisu eta pluralismo gehiago egon zen»; «Eliza Frankoren aurka jarri zen»; «Prentsa Legea: komunikabideak hobetu ziren eta zentsura leundu egin zen». Esaldi horietan, adibidez, gutxienez diktaduraren «leuntze» argi bat dagoela ondoriozta daiteke.

Bada, ordea, larriagoa iruditu zaidan beste gai bat: Foruak. Zuzendu ditudan 83 azterketatik 63tan, Foruen Abolizioaren Legeari (1876) buruzko iruzkina egin dute (%76). 63 azterketa horietatik 16 azterketetan, zuzenean irakurri dut foruak «pribilegioak» izan zirela, «erregeek emandako pribilegioak». Horrez gain, 20 ikasle gehiagok, ez dute pribilegio hitza zuzenean erabili, baina erregeek emandakoak zirela aipatu dute, «gainontzeko espainiarrek ez zituzten lege bereziak zirela» edota Espainian euskaldunek zituzten «salbuespenak» zirela. Foruen Abolizioaren Legeak, «espainiako herritarren arteko berezitasuna ezabatu» nahi zuela ere irakurri dut, edota «pribilegio baten deuseztapena» zela argitu nahi izan dute ikasleek. Urte gutxitan, Foruak, erregeek zin egiten zien «libertades y derechos de los vascos [históricos y anteriores a los monarcas españoles]» izatetik «privilegios» izatera pasatu dira.

"Estatuko ikuspegi zentralistarekin identifikatzen direnak gehiago izango dira, euskal nazionalismo historikoarekin identifikatzen direnak baino"

Erantzun hauek espainiar zentralismotik emandako erantzunak dira. Espainiar guztiok berdinak bagara, logikak dio ezin dela egon «pribilegiodun» espainiarrik, eta, beraz, «pribilegio» horiek ezabatu egin behar direla. Ados, erantzuna zuzentzat har daiteke. Gertatzen dena da, ikasle horiek ez diotela euren buruari inoiz galdetu ea lurralde hauek noiztik eta zergatik zituzten euren lege propioak eta, gero, iruzkin kritiko bat egin behar izan dutela. Gure Lehendakaria «Foru Nazioaren» ideia bultzatzen saiatzen ari den bitartean, gutxienez etorkizuneko hiritarren herenak, nazio nortasun hori pribilegioetan oinarritzen dela pentsatuko du. Ba, sentitzen dut esatea, baina euskalduntasuna jarraitzailerik gabe geratzen ari da, eta, laster, Estatuko ikuspegi zentralistarekin identifikatzen direnak gehiago izango dira, euskal nazionalismo historikoarekin identifikatzen direnak baino.

Euskarari dagokionez, egoerak beldurtu egin nau. Zuzendu ditudan 83 azterketatik 74 euskaraz idatzita egon dira (%89). Horietatik gehienek ez dute euskaraz ondo idatzi: «euskal herria», «halegia», «asterketa», «eusko jaularitza», «espainiako»... Azterketaren urduritasunei errua bota eta halakoak kontuan hartzen ez baditugu ere, beste datu bat oraindik eta larriagoa da: azterketa euskaraz egin duten 74 horietatik 26 ikaslek ez dute ergatiboa ondo erabiltzen (%35). Ikasketak euskaraz burutzen dituzten ikasleen herenak baino gehiagok ez du ergatiboa menperatzen. Norbaitek esango du datuok salbuespenak direla, ez dela horrenbesterako. Nire ustetan, datu horrek adierazten duena baino gehiago dira euskara menperatzen ez duten euskaldunak, besteak beste, unibertsitatera etortzen diren ikasleen artean errepikatzen delako: ia erdira ere iristen da ikasturte batzuetan. Eta gehiago esango dizuet: selektibitateko azterketen aurretik eta ondoren, ikasleen ehuneko ehunak (%100), gazteleraz hitz egin zuen.

Laburbilduz. Bat: gazteek eta ikasleek, protesta egiten jarraitu behar dute. Bi: Selektibitateko azterketa (oso!) erreza da, gainditzen dutenen zati handi batek ez baititu baldintza minimoak betetzen (ez edukian ezta idazkeran ere). Hiru: EAEko hiritarren gutxienez herenak bere historia ahaztuko du laster, euskaldunok espainiar pribilegiatuak garela pentsatzen baitu. Eta lau: euskara galdu egingo da, gutxienez herenak ez baitu ondo mintzatzen eta ia guztiek ez baitute kalean erabili ere egiten.

Egoera honen aurrean, irakasleoi errua botatzea ez da soluzioa. Soluzioa, soluziorik bilatu behar bazaio behintzat, gizarteak berak hartu behar du, «Nazio Forala» defendatzen dutenengandik hasita. Argi geratzen ari da orain arte hartu diren erabakiek emaitza kaxkarrak lortu dituztela. Lazkao Txikik aspaldi bota zuenez, euskararen alde egin daitekeen gauzarik onena «erabiltzea» (edo bizitzea) da. Baieztapenak, euskarentzat eta historiarentzat balio du.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan COVID-19 gaitzak ez du inor hil du Euskal Herrian, eta hamasei positibo atzeman dituzte PCR probekin. Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Herritarrak paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean ©Jon Urbe / Foku

Beste hamalau positibo eta hiru hildako jakinarazi dituzte Hego Euskal Herrian

Irati Urdalleta Lete

Murgak iragarri du neurriak areagotzea pentsatzen ari direla azken egunetan festa giroan ikusi diren jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero.

Irungo bizilagun batek grabatutako bideoaren irudi bat. ©

Santano: «Asteartean gertatutakoa salbuespena izan da, eta, zoritxarrez, irudi mediatiko bilakatu da»

Bidasoko Hitza

Ekainaren 30ean Irungo Legia kaleko hiru tabernetan gertatutakoaren gainean aritu berri da Jose Antonio Santano alkatea. Ehunka lagunek bete zuten kalea, inongo distantzia eta maskararik gabe, eta tokian bertan grabatutako bideo batek hautsak harrotu ditu.
Irungo bizilagun batek grabatutako bideoaren irudi bat.

Produktibitatea

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna