Adiskidetzea, edozein egoera pertsonalen gainetik

Felix Arrieta Frutos eta Eider Landaberea Abad
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Itxaropena, eta erabaki egokia hartu izanaren konbentzimendua, edozein egoera pertsonalen gainetik. Hori azpimarratzen zuen Tanja Niemeierrek, FARCeko borrokalari ohiak, lehengo astean Kolonbiako Cali hirian izan genuen elkarrizketan. Bertan, Deustuko Unibertsitatetik joandako ikertzaile talde bat Euskal Herriko eta Kolonbiako adiskidetze prozesuen inguruko hausnarketa partekatuaren inguruan lantzen ari garen proiektua izan genuen hizpide eta eztabaidagai.

Ez da erraza adiskidetzea definitzea. Askok hauxe irudikatzen dute kontzeptua entzutean: denak eskutik helduta, dantzan eta irribarrez agertzen diren koadro-gizarte idilikoa. Eta horregatik bertan alboratu egiten dute kontzeptua eta bere esanahia. Baina adiskidetzea bera eta horren inplikazioa urruti dago esanahi idiliko (eta irreal) honetatik. Erpin asko ditu adiskidetzeak, baina bada bat ekidin ezina dena: hurkoaren sufrimenduarekiko errekonozimendua. Kolonbian bizi izandako esperientziek, esaterako, adiskidetzeak aldagai ugari izan ditzakeela erakusten dute. Alde batetik, aldagai etniko-kulturala. Konstituzioak bi gutxiengo aitortzen ditu ofizialki: indigenak eta afroak. Hirugarren bat, nekazariek osatzen dutena, gutxiengo bezala aitortua izateko borrokan dabil. Kolonizatzaileok zapaldu genuen hizkuntza eta kultura berreskuratzeko ahaleginean oinarritzen da gutxiengo horien aitorpena. Baina baita beraien lurrak beraien gobernu motaren arabera kudeatzeko aldarrikapenean ere.

Lurraldearekin lotuta dago Kolonbian adiskidetzerako ezinbestekoa den bigarren aldagaia: azpiegiturena. Kolonbiar jakintsu batek esana da XXI. mendean daudela bertan, hirietan; XX.ean handik ordubetera; eta oraindik XIX.ean handik bi ordura. Eta hala da. Nekazaritza gunean dagoen herri batentzat benetan zaila da, ezinezkoa ez esatearren, garapen ekonomikorako proiektu bat martxan jartzea, nola iritsi eta nola garraiatu ez badago. Bertara iristeko errepiderik ez badago. Bogotako Gobernuak lurralde horietan inolako presentziarik ez badauka. Eta ezer egiten saiatu denean, errepide bat esaterako, korrupzioak hori ezinezko bihurtu duenean, Buenaventura edo Toribioko adibideak, kasurako.

Laborerik bidegabeena da hirugarren aldagaia. Kolonbian, kokaina edo marihuana bide bazterretan ikus daitezke nekazaritza lurretan barrena, azukre kainabera hirietatik gertu ikus daitekeen bezala. Eta, nekazari txikiaren ikuspegitik, guztiz ulergarria da hori. Hark, labore horiek landatuz gero, badaki nonork jaso, garraiatu eta ordainduko dizkiola. Zer gertatuko litzateke, esaterako, platanoa landatuko balu? Existitzen ez diren errepideetatik eraman beharko luke berak hirietara, askoz segurtasun txikiagoarekin, eta irabazirik gabe. Guztiz agerikoa da labore bidegabeak ordezkatzeko politika integral baten beharra.

Bada laugarren aldagai bat ere, borrokalari ohiena. Horiek hartutako erabakia gauzatzeak gizarteratzeko prozesu bat dakar berarekin, eta prozesu horiek beti egoten dira zailtasunez josita. Ez dira gutxi borrokalari ohiei, oraindik, mesfidantzaz begiratzen dieten herritarrak; oso gutxi daude prest lan bat emateko, eta biolentzia paramilitarraren mehatxua, oraindik, oso presente dago toki askotan. Gurean masterrak eta ikastaroak hain auzitan dauden honetan, Caliko Javerianak FARCeko borrokalari ohiei heziketa eman eta graduazio ekitaldia eginez eman zuen pausoa. Hori, esaterako, oso garrantzitsua izan da borrokalari ohiak birgizarteratzeko bidean. Baina asko dago egiteko oraindik, eta, goian esanda bezala, zalantza asko daude mahai gainean. Disidentziak barne.

Aldagai horiek guztiak jarri ziren mahai gainean Habanan eta guztiak daude idatzita akordioetan. Guztiak lanketa prozesuaren fase ezberdinetan. Gobernu berriak nondik joko duen esperoan, bete gabeko konpromisoak estrategia edo gaitasun ezaren ondorio diren hausnartzen ari dira denak, itxaropenaren eta eszeptizismoaren artean.

Eta eszenatoki horretan topo egingo dugu, berriz ere, adiskidetzearekin. Hor garrantzi berezia hartzen dute, berriz ere, Tanjaren hitzek: norberaren egoeraren gainetik, itxaropena eta elkar ulertzea. Adiskidetzea. Eta horri begira jarri dituzte martxan, Kolonbian, esperientzia interesgarriak. Ezberdinen arteko elkarrizketa gertagaitzak, unibertsitateen inplikazioa adiskidetzearen balioen formakuntzan, enpresarien eta enpresen konpromisoa balio horien errespetuan, indigenen bizitza proiektuak... Garapena bere osotasunean zabaltzea dute helburu guztiek.

Euskal Herrian ere, poliki-poliki, ari dira azaleratzen horrelako ekimenak. Eta horretarako tokiko maila da eszenatokirik interesgarriena. Esate baterako, aurreko astean Errenterian ikusi genuen ekitaldia adierazle ona da zein bidetatik joan behar dugun ikusteko eta jakiteko. Denbora behar da, noski, baina ezin dugu aukera pasatzen utzi oroimena landu gabe, elkarri entzun gabe.

Tokiko maila ezinbesteko laborategia da ekimen horiek martxan jartzeko. Eta eskolak. Eta unibertsitateak. Dagokion tokitik dagokionera bakoitza. Eta horretan gabiltza gu ere. Unibertsitateen arteko elkarlanean eta toki bakoitzak dauzkan ezberdintasunetatik abiatuta etorkizunera begiratzeko elementuak partekatzen. Adiskidetzeari begira. Hurkoari begira. Hastapenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.