San Martzialgo guduaren V. mendeurrena

2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Irun eta Hondarribiko Alardeekin aski surik ez, nonbait, eta hara non bota nahi diogun gasolina gainera: batetik, «San Martzialgo Guduaren V. mendeurrena» fundazioa sortzearekin; eta, bestetik, Loiolan kuarteleratutako «TercioViejo de Sicilia» izeneko 67. zenbakidun Infanteriako Erregimentuari gonbidapena luzatzearekin, mendeurrenaren ekitaldietan parte har dezan.

Fundazioaren sorkuntzak honako hauek ditu oroitarazten eta agerian ipintzen, alegia, batetik, Gaztelako erreinuari derrigorrean lotzeko helburuz Nafarroako erreinuaren konkista azkentzeko tertzio gaztelarren borrokazko esku hartzea; eta, bestetik, hemen etsaiak frantsesak izan omen zireneko gezurkeria historikoa.Irunen eta Hondarribian ospatzen diren guduak Albako Dukearen parte hartzearekin gertatu ziren, Nafarroako erreinuaren kontra; hortik, noski, Infanteriako Erregimentua gonbidatzearena.

Ospakizunen antolamenduan dabiltzan hala antolatzaileek nola historialariek ere ondotxo dakite Gaztelako Erreinuak Nafarroa konkistatu zueneko 500. urtemuga ospatzeaz ari garela.

Gaurko egunean ezin juzga litezke mila eta bostehungarren urte garaiko gertaerak orduko pentsaerarekin, era akritikoan, denbora luzea igaro ez balitz bezala; aitzitik, gertakizun haien ondorioak aztertuz, baizik.

Iruñeko erreinuaren (gerora Nafarroakoa izango zenaren) historia, garai haietan ohikoa zenez, itunetan eta jaun feudalen arteko ezkontza-harremanetan oinarritzen zen. Nafarroa estuki inguratua aurkitzen zen Aragoi eta Gaztelako erreinuez, biak ala biak ere erreinu koskorraren jabe egin nahian. Nafarroaren konkista-bidea oso luzea izan zen, XII. mendean hasia (1134.ean), zeina akabatu baitzen Gaztelako erreinuari behartuta lotzearekin XVI. mendean (1524an). Oraindik ahantzia ez da Nafarroako Infantzoien lema: «Pro libertate patria, gens libera state». Aberria libre izan dadin, jendarteak ere librea behar du.

Urte haietan, monarkia nafarra frantsesarekin ahaidetua baitzegoen eta erreinua zatikatua izaki, bidezkoa zen Frantziarekiko aliantza, eraso gaztelarrari aurre egiteko armada franko-nafarra osatuz. Egoera honek gezurkeria historikoa mantendu ahal izan du mendez mende: azken gudateak frantsesen kontra izan zirela sinestaraziz, beren erreinua mantentze alde nafarrak zihardutela borrokan alboratuz. Irun eta Hondarribia hiriek oraindik ere frantsesen kontrako borroka hura ospatzen dute, hau Nafar Itsasertza zela ahantziz.

Errege Katolikoek antolatu zuten, noble guztietatik aparte, armada profesional eta egituratua, Koroaren menpeko Erregeen Tertzioek osatua, Espainia bat eta bakarrean biltzeko egitekoan, Nafarroaren kontra, besteak beste; baita, geroago, Europan ere. Millan-en Legioaren pareko aurrekari...

Villalar-en gertatutako inperioko armadaren garaipenaren ondoren, Espainiako garapena Europatik at gauzatzen hasten da. Orduz geroztik, zentzua hartzen du Europa Pirinioetan amaitzen delako esaldiak. Hiri europarrek, beren garapenean, burgesia sorrera ahalbideratu zuten, zeinak bultzatu baitzituen komertzioa eta ikerketa eta arteak. Mundu modernoaren oinarriak paratu zituzten, pentsamolde askatasuna onetsiz eta, azken batean gainera, gizartearen karakterra eta norbanakoena moldeatuz. Hori izan zen Europak hartu zuen bidea. Hiri espainiarrak, bien bitartean, Erdi Aroko inperioaren eta inkisizioaren zaintzapean geratu ziren. Gerora, mendeen joanean, batzuen batzuek harroki aldarrika ahal zezaten zerako zera hura: «Spain is different!».

Europan burgoen (hirien) indartzea, sustatzea, eragitea gertatuko da; Espainian, aldiz, komunitateen berezko ahalmen-indarra desagertu egingo da. Espainian luze iraungo dute kaparetasunak, nagusigoak, pikarokeriak...; eta on ikusia izango da nabarmen kolperik ez jotzearena, errentaz bizitzea... Nobleen munduak irabazi du gizaki arrunten munduaren aurrean, hirugarren bizieraren aurrean, non gauzatzen baitiren ofizioak eta komertzioa. Gainera, Amerikaren aurkikuntzak aberastasun handiak ekarri zituen; eta, bitxia bada ere, Espainian inbertitu beharrean, Europan ekoitzitako produktuak erosteko erabiliak izan ziren. Mendez mende mantendutako egoera honek marka utzi zuen, baita delako zera gorpuztu ere: «iker dezatela eurek». Halaber, nobleen zapalkuntzaz gain, garrantzitsua izan zen Eliza Ama katolikoaren laguntza ere herriko jendearen atzerapen sozial eta kulturalean. Inkisizioa oso elementu inportantea izan zen biztanleria kontrolatzeko eta azpiratzeko garaian.

Hala Euskal Herriarentzat nola gizarte zibilarentzat honek guztiak eragin dituen ondorio historikoak ikusita, ez dirudi barrenak agintzen duenik omenaldirik, ez pozezko agurrik, ez ezeren ospakizunik. Gainera, Irun eta Hondarribian, Festa Nagusietako ospakizunetan, Alardeek bizi duten egongaiztasun soziala jakinki, pentsatu dut, gudu haien oroitzapenezko ekimen honek, sosegatzera ez baina, ernegatzera ez ote garamatzan gehiago.

(Jesus Mari Mendizabal 'Bizargorri'-k itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.