11/13 makroepaiketa dela eta

Iñaki Barrutia Arregi, Xabier Onaindia
2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
11/13ko makroepaiketa elkartasunaren aurkako epaiketa izango da. Datorren irailean berrogei eta zazpi familiak jasango dute makroepaiketa bat, eta baita beraien seme-alabek eta aitona-amonek ere. Familia kaltetuen ezaugarriak honako hauek dira: 25 ume zero eta sei urte bitartekoak;bederatzi zazpi eta hamabi urte bitartekoak eta lau nerabe. Horietako bi umek gaixotasun larriak dituzte eta arreta eta zaintza berezia behar dute.

Makroepaiketa horrek eta bere ondorioek inpaktu emozional handia eragingo diete adin txikikoei prozesuaren une desberdinetan. Egoera latz horrek eta beraien ondorioek epaituak gainditzen dituzte, eta familia zabalera hedatzen dira. Ondorio psikologikoak seme-alabengan eta aitona-amonengan proiektatzen dira. Umeek eta aitona-amonek, 70 urtetik gorakoak, ondorio psikologikoak jasango dituzte epaiketaren prozesuan ziurgabetasuna dela eta,halaber,aurretiko antsietatearen sintomatologia jasango dute epaia eman arte.

Bestalde, zertzeladak eta epaiketaren prozesua kontuan izanik,jatorrizko familia eta txikiek ondorio psikologikoak desberdin jasango dituzte, eta honako sintomatologia hau pairatuko dute:

Epaiketa aurretik, aldez aurretiko antsietatea ziurtasun ezagatik, egonezin eta desegonkortasuna helduen estresa jasotzeagatik, arreta mantentzeko arazoak, gainkarga emozionala eta somatizazio anitza bizipenak adierazteko zailtasunengatik.

Epaiketan, norbera irudiaren aldaketa, autoestimuaren eta autokontzeptuaren murrizketa, bi esparrutan jasotako informazioagatik, hedabideek esandakoa eta bere ingurunearen erantzuna alegia; helduek bidaietan eta epaiketan jasandako estresa, txikiek eta nagusiek jasango dute; aldez aurretiko antsietatea areagotuko da, bai iraupenean, bai intentsitatean, epaiketaren aldagaien eta eboluzioaren arabera.

Kartzelatzean, modu orokorrean, aurretik aipatutako sintomatologia dena areagotuko litzateke, eta gehituko lirateke beste motatako sintomak, pertsona maitatuaren galerarekin lotutakoak: antsietatea eta depresioa izango lirateke aldakuntza komunak. Aldakuntza horiek azaleratuko dira, antsietatea areagotzean, tentsio psikikoan, larritasunezko egoeretan, depresioan, lur jotzean, etsipenean, bere buruaz beste egiteko pentsamenduak barne. Sintomatologia desberdinak dolua garatzearen ondorioz. Pertsona maitatuaren galera integratzeak modu egokitzailean, arazo desberdinak dakartza, eta haurrek larritasun sakona bizi izaten dute pertsona maitatuaren ulertezinezko aldentzeagatik. Haurrek sufritzen dute familia harremanaren haustura. Haur bakoitzak modu desberdinean bizi izango du trauma hori, kontuan izanda kartzelatze horrek haur batzuk beste familia batekin bizitzera eramaten dituela. Haurrek zailtasun handiak izango dituzte bizi izaten dituzten bizipenak ulertzeko, eta kezka hori oso larria izango da familientzat, zaila egiten zaielako pertsona maitatuaren kartzelatzearen arrazoiak azaltzea. Bizipen horiek haurrengan dituzten eragin psikologikoak anitz eta sakonak dira. Zer gertatzen ari den, nola esan, noiz esan, eta nola lagundu aurre egiten eskola eta jendartearen erantzunari... besteak beste.

Makroepaiketa horrek familien oreka eta egitura kolokan jartzen du. Kasu batzuetan, guraso baten kartzelatzeak guraso bien galera suposatuko luke beste gurasoa jadanik kartzelan dagoelako. Aipatzeko beste egoera larri bat da bi umeek, gaixotasun larria dutela eta, menpekotasun handiko egoeran aurkitzen direlako arreta berezia behar dutela. Beraien osasun integralerako beharrezkoa den laguntza eta arreta berezia galduz gero kalte atzeraezina suposatuko luke.

Esparru psikologoaz gain, makroepaiketa horrek beste motatako gogoeta eskatzen du, alegia, etikaren inguruko irakurketa. 11/13 makroepaiketan epaitzen da presoak eta beraien familia laguntzea; beraz, elkartasuna. Presoen eta beraien familien sakabanaketak eragiten dituen kalteak samurtzea epaitu eta zigortu egiten da.

Ez da lehen aldia elkartasuna epaitzen dela; Mediterraneoko boluntarioak, adibidez, atzematen dituzte, eta gaizkile gisa tratatuak izaten dira, itsasoan galduta eta hiltzeko arriskuan daudenak laguntzeagatik. Horra hor Aita-Mari itsasontziak itsasoratzeko burokraziaren eta legearen eragozpenak gainditu beharra; Open Arms itsasontziarekin gertatu den adibidea... besteak beste. Pobreak etxetik kaleratzearen aurka borrokatzen duten pertsonek ere, askotan komisarian bukatzen dute. Ematen du justiziaren joera dela elkartasunezko ekintza komunalak epaitzea, sistema honen zimenduak kolokan jartzen dituztelako. Nolabait, auzolanak eztabaidan jartzen ditu banku jardueraren balioak. Ekintza solidarioen altruismoak biluzten du lukurraren krudeltasuna. Esku zabaleko gizarte zibilaren eskaintzek nabarmentzen dituzte mundu kapitalistaren merkatuen balio ez-moralak.

Irailean 47 familia epaituak izango dira justuak ez diren legeekin, Sea Watch-3 kapitana epaitua izan zen moduan, emigranteak itsasotik ateratzeagatik. Mundu paradoxiko honetan elkartasuna saritu beharrean zigortzen da. Batek esan zuen ezin dela egin mundu desberdin bat jende ezaxolarekin. 11/13ko makroepaiketan elkartasuna zigortuko da. Irailaren hamaseian epaituak izango diren pertsonak solidarioak dira, eta guri dagokigu beraiekin bat egitea. Irailaren hamalauan Bilbon egingo den manifestazioan aukera izango dugu gure elkartasuna adierazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.