Abortu seguru, legezko eta doakoaren aldeko nazioarteko eguna

Leire Murguialday eta Alazne Paskua
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herrian ere bai! Euskal Herriko mugimendu feministek mobilizaziorako deialdia egiten dugu. Guk ere abortatzen dugulako. Euskal Herritik, aurten, indarra bidali nahi zaie oraindik abortatzeko eskubidea ez duten munduko emakume guztiei. Abortua ez delako aukera bat izan behar, eskubide bat baizik. Eta gaur egun, oraindik, badira munduan herrialde asko ez dutenak eskubide hau bermatzen. El Salvadorren, adibidez, ez da eskubide, ezta aukera bat ere. Ez dago abortatzeko aukerarik, guztiz debekatuta dagoelako.

Evelyn, 30 urte; Teresa, 40 urte; Mirna, 12 urte; Carmen, 25 urte; Teresa; 40 urte; Maira, 15 urte; Marina, 35 urte; Teodora, Alba, Cinthia, María, Verónica, Yoana, Miriam, Salvadora, Guadalupe, Maritza... 30 urte.

Hauek dira Las17yMás kolektiboko izen batzuk, urte kopuru horretara zigortu dituztenak espetxera. GuztiakEl Salvadorreko emakumeak. 12 eta 40 urte bitarteko zigorrak, ospitalez kanpoko erditzeengatik. Denak baliabide urriko emakumeak dira, Estatu heteropatriarkalaren indarkeria sexualak eta sistemikoak erasotuak. Larrialdi obstetrikoengatik ospitalera jo, eta abortatzeagatik salatzen dituzte. Ahul, eta asko oso gaixorik, polizia artean esnatzen dira, hitz zatarrek eta galdetegi desatseginek inguratuta, eskuak lotuta eta hiltzaile modura kriminalizatuta. Epaiketa, eta kondena.

El Salvador da abortua modu absolutuan zigortzen duten herrialdeetako bat, eta beste hainbat herrialdetan bezala, bertan ere berdin du bortxaketarengatik umedun dagoen, umeduna ere umea den, honen osasuna edota heriotza jokoan dagoen, baldintza desegokien ondorioz desiratu gabeko abortua izan duen, umekiak malformazioak dituen... Balioan jartzen dena jaio gabe dagoen umeki horren «bizitza» da, umedun dagoen pertsonari haren bizitza bizitzeko eskubide eta aukera guztiak ukatuz. Gaur egun, 17 emakume baino gehiagori urratu zaie askatasuna.

2017ko uztaila zen El Salvadorrera joan ginenean, eta orduan ezagutu eta ukitu gintuen historia honek guztiak. Evelynen kasua bizi izan genuen, kartzela, epaiketak, haren historia. Evelyn gure aurrean zigortu zuen injustiziak 30 urteko espetxe zigorrera, bere umea hil izana leporatuta. Urtebete zeraman dagoeneko espetxean. Evelyn 19 urteko neska gazte bat zen orduan, bortxatu egin zuten. Gizona(k) aske dabil(tza); hari eta beste guztiei askatasuna lapurtu eta giza eskubideak urratu dizkiete.

Elkarte feministek egindako lanari esker, 2019ko abuztuan Evelyn kalean zen, baina fiskaltzak ez du apelazio-helegitea jartzeko denbora asko behar izan, eta berriro ere haren askatasuna epaileen eskuetan dago.

Imeldaren kasua ere entzuna izan da Atlantikoaren alde honetan, 70 urteko bere aitaordearengandik 12 urte zituenetik indarkeria sexuala sufritu duen gaztea. Imeldak larrialdi obstetrikoa pairatu zuen 2017an, eta ospitalez kanpoko erditze baten ondoren konortea galdu zuen. Ospitalean esnatu eta abortua praktikatu izanaz salatu zuten, nahiz eta, kasu honetan, umea bizirik atera zen. Imeldak, 20 urterekin, bi urte eman ditu jada preso eta, berez, 20 urteko kartzela zigorra betetzera zihoan erailketa larria leporatuta, askatu zuten arte.

Marina, 11 urte; Kenia, 6 urte; Sara, 7 urte; Glenda, 7 urte; Karen, 2 urte; Ana, 6 urte; Elsy, 7 urte; Jackeline, 7 urte; Liliana, 3 urte; Silvia, 6 urte; Maritza, 11 urte; Cindy, 4 urte; Maria del Rosario, 9 urte.

Hauek dira El Salvadorren preso jarraitzen duten emakumeen izenak eta zigorra betetzeko gelditzen zaizkien urteak. Ezin dugu onartu edozein herrialdetako emakume eta umedun pertsonen eskubideak urratzen eta kriminalizatzen jarraitzea. Horregatik gaur, bihar eta egunero, benetako justizia eskatzen dugu. Estatuaren eta elizaren instituzio heteropatriarkalek gure eskubideak bortxatzen eta bizitzak lapurtzen dituzten bitartean, mugimendu feministak eta El Salvadorreko abortuaren despenalizazioaren aldeko elkarteak (Agrupación Ciudadana por la Despenalización del Aborto de El Salvador) egindako lanari eta borrokari esker Evelyn, Imelda, Teodora, Veronica, Maira eta beste batzuk egun kalean dira. Hor dago indarra, eta aurrera doaz, eta haiekin goaz. Horregatik, gaur, bihar eta egunero hemen jarraituko dugu, elkarrekin, El Salvadorreko, Latinoamerikako eta mundu osoko mugimendu feministan gure indarrak batzen, guztien askatasuna lortu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.