Klima larrialdiaren sokatik tiraka

Unai Pascual - Ingurumen Ekonomian doktorea

2019ko azaroak 8

«Klima larrialdian» gaude. Gizarte zibilak eta administrazioak bere egin dute klima larrialdiaren diskurtsoa. Hamarkada batetik hona, eszeptizismoaren eztabaida garaitua izan da. Negazionismoaren matrakan dauden gutxi horiek statu quo-a mantentzeko ahaleginetan badabiltza ere, gizarteak negazionismoari bizkarra eman dio. Bejondeiola! Diskurtsotik haratago, klima larrialdia hemen dagoela (ez bakarrik Artikoan edo Bangladeshen), eta harekin batera datozen hainbat inpaktu jadanik pairatzen ari garen ebidentzia ezkutatu ezina da. Gizarteko hainbat sektoretako diskurtsoetan eta agintarien erretoriketan ideia hori txertatuta dago hein handi batean. Eta orain zer?

Askok diogu goitik beherako neurri epeletatik neurri eraldatzaileetara atzera-bueltarik gabeko jauzia egin behar dugula, eta, horretarako, legegileek (legebiltzarrean adibidez) ausardia frogatu behar dutela. Marko legalak ezin dio muzin egin larrialdi sakon honi. Hainbat sektoretan (industria, nekazaritza, hirigintza, mugikortasuna, turismoa, etab.) darabilkigun legedia eguneratu beharra dago klima larrialdiaren egoerari egoki erantzun ahal izateko. Ezin dugu XX. mendeko legedia klima larrialdia existituko ez balitz bezala erabiltzen jarraitu, sektore guztiak zipriztintzen baititu arazo erraldoi honek.

Legedia egokitzeko anbizio politikoa behar da. Erretorikatik haratago saltoa egitea beharrezkoa da. Eraldaketaren bertigoa ulergarria izan daiteke, baina agintarien politiken anbiziorik eza sumatzen da oraindik. Txikira jolasten ari dira, mundua errotik aldatuko ez den esperantzarekin agian. Dramatismoan erori gabe, politika berriak behar ditugu, bestela epe motzean agintarien klima larrialdiaren diskurtsoak frustraziora garamatzalako. Gizartean antolatutako aktore guztiek (emakumeak, ikasleak, langileak, pentsio duinak eskatzen dituztenak, etab.), norberak bere eremutik (hezkuntza sistematik, sindikatuen arlotik, zein gobernuz kanpoko erakundeen sareetatik), presioa areagotu behar dute klima alorreko politika ausartek aurrera egin dezaten. Klimaren afera alderdi politikoen jokoaren gainetik dagoen zerbait da. Hori ulertu ezean jai dugu.

Klima larrialdiaren aterkiaren azpian dauden erronkak anitzak dira, eta denok interpelatzen gaituzte. Ezin dugu naturarekiko balioak bigarren mailako gaitzat hartzen jarraitzen duen hezkuntza sistema bat mantendu. Ezin dugu lan baldintza eta pentsio duinekin amets egin, sektore produktiboek klimaren inpaktuetatik babesteko inbertsiorik egiten ez badute. Ezin dugu baserritarren eta, batez ere, lehenengo sektore osoaren etorkizuna bermatu klima aldaketak dakarren eguraldi zoroak berean jarraitzen badu. Ezin dugu kostaldeko turismo jasangarririk garatu itsas mailaren igoeraren kontrako egokitzapen neurri estrategikoak martxan jartzen ez baditugu. Kate luze horretatik tira egin genezake bizitzako alor guztiak ukitu arte. «Ezin dugu»-tik «ahal dugu» fasera pasatu behar dugu berandu baino lehen, eta datuek diotenari erreparatzen badiogu, badakigu ekintzak abiatzeko denbora agortzen ari zaigula dagoeneko. Hau ez da erretorika, errealitate gordina baizik.

Euskal Herria ez da irla bat, ez eta klima larrialdiaren aurrean oasia ere. Hemen pairatzen jarraituko ditugun eraginak munduko beste edozein txokotan pairatuko dituztenak bezain larriak izango dira. Jakin badakigu garapen bidean dauden herrialdeek eragin ezkorragoak izango dituztela, baina horrek ez du esan nahi hemen gaizki pasatuko ez dugunik. Are gehiago, garapen bidean dauden herrialdeen gaineko presio latza, migrazio eta ezegonkortasun politikoen iturri nagusi bilakatuko da. Mundu globalizatu honetan, edozein gertakizunen eragina txoko guztietara barreiatzen da abiadura osoz. Gogora dezagun Siriako, Libiako eta beste hainbeste lekuetako gertaerek guregan izan duten eta izaten jarraituko duten eragina bai zeharka, bai eta zuzenean ere. Horren adibide dira erregai fosilen prezioen gorakadek ekonomian eta gizartean sortzen dituzten desorekak, edota Mediterraneoaren ur sakonetan suertatutako milaka hildakoen oihartzunak. Argi baino argiago aurreikusten dut guztion eskubide zibilak desagertzeko presioa areagotuko duela klima aldaketak, ausardiaz haren kontra egiten ez badugu.

Beraz, hauxe dugu erronka: «Denok eman behar dugu zerbait...» klima larrialdiari aurre egiteko. Are gehiago, goian dauden agintariak ez dira deus mugituko itolarria sentitu arte, eta itolarri hori, nonbaitetik etortzekotan, behetik etorriko da, eraldaketa sozial guztiak bezalaxe. Goitik behera eta behetik gora. Biak ala biak beharrezkoak ditugu. Hau ez da sokatira. Bi ekipoek batera egin behar dute tira sokatik. Soka luzea da, mugitu behar ditugun kontzientziak astunak dira, are astunagoak statu quo-a mantendu nahi dituztenen interesak.

Gogaikarria izanik ere, hauteskunde berri batzuen aurrean gaude. Bozen indarra mugatua izan daiteke, baina estrategia guztiak erabilgarriak dira agintariak erretorikatik ekintzara pasa daitezen. Bai kaletik, bai eta bozen bidez, presioa areagotu behar dugu. Azaroaren 10ean klima larrialdearen sokatik tira egin dezagun.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jedea Bilboko metrotik irteten, maskara jantzita ©Luis Tejido/EFE

Berrehun positiboren langa gainditu da seigarren egunez jarraian Hego Euskal Herrian

Berria

Azken orduetan 224 kasu atzeman dituzte. Positiboetatik 123 Bizkaian detektatu dira.

Gasteizko zahar etxe bateko egoiliar bat bisita jasotzen. ©David Aguilar/EFE

Arabako eta Gipuzkoako zahar etxeetako hamar langilek positibo eman dute

Berria

Gainerako langileei eta egoiliarrei probak egin dizkiete, eta ez da kasu gehiago atzeman oraingoz.

Maskara jantzitako emakume bat Donostiako autobus geltokian, eskailera mekanikoak jaisten. ©Gorka Rubio / FOKU

Pandemiak desberdintasunak sakondu dituela dio Emakunderen txosten batek

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Gizon eta emakumeen osasuna, ordaindu gabeko zaintza lanak, enplegua, indarkeria matxista, bazterkeria eta parte hartzea azken hilabeteotan nola aldatu diren aztertu du Emakundek. Egoera hobetzeko gomendioak egin dizkie erakundeei.

Angeluko hondartza. ©Guillaume Fauveau

Maskara derrigortu dute Lapurdiko zenbait herritan

Ekaitz Etxamendi

Miarritzen, Donibane Lohizunen eta Baionan (Lapurdi) beharrezkoa izanen da maskara erabiltzea. 135 euroko isuna izanen du maskararik gabe doanak. Euskal Hirigune Elkargoak jakinarazi du Angeluko eta Miarritzeko hondartzetako gaueko garraioak geldituko dituztela, COVID-19aren hedapena murrizteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna