Noiz sortua: 2020-02-04 00:30:00

Greba orokorra, eraldaketarako bidea

Joxe Iriarte 'Bikila' eta Joxemari Carrere - Hurrenez hurren pentsioduna eta Alternatibako kidea, eta Gipuzkoako batzarkidea eta Alternatibako kidea

2020ko otsailak 4
Grebaren mobilizazio jendetsuaren eta itxaropentsuaren ostean, gogoetarako beta hartzea osasuntsua bezain beharrezkoa da, aurrera begirako erronkak gogoan. Abiapuntua, BERRIAko iritzietan irakurritakoa: «Greba orokor horrek ekintza-ildo bereizi bat ezartzen du: alde batetik, kontrabotereko sindikalismo bat, egungo testuinguruetan beharrezkoa den eraldaketa-gaitasuna duena, eta, bestetik, ituntzeko eta elkarrizketa sozialerako beste sindikalismo bat, politika sistemikoaren mende dagoena» (Greba orokorrerantz: L. Rodriguez Algams, J. Las Heras). Beraz, bi jarrera, bi estrategia eta horren ondorioak begi bistan.

Izan ere, kontua ez da une jakin batzuetan elkarrizketa soziala egitea kapitalaren eta lanaren artean, edo ezker eraldatzailearen eta zentro ezkerraren artean kontsentsu edo adostasun taktikoak gauzatzea, aurrerapenak oso xumeak badira ere. Kontua da nola eta zertarako egiten diren. Printzipio honek balio du borroka sozialetarako zein nazio gatazkarako. Aldebakartasun edo adostasun bideak berez ez dira zuzen edo okerrak, zein egoeretan, zein baldintzatan eta zein helbururekin gauzatzen diren baizik: sisteman integratzeko edo arnas hartzeko haustura demokratikorako bidean.

Gure ustez, greba orokorraren aurka emandako iritziak justifikagaitzak izan dira, miserableak ere bai, kasuan-kasuan. CCOO-UGTren espainiar gobernuarekiko morrontza ezagutuz, ez gaitu harritu; bai, ordea, penatu. Ahal Dugu-renak, ordea, harritu eta penatu, biak batera, orain arte predikatu duten guztiaren aurka aritu baitira. Izan ere, ezker eraldatzailearen metodologian beti uste izan da, paktuen bitartez aldeko zerbait lortzen denean, itundua gauzatu dadin, garrantzizkoa dela herri mobilizazioak bultzatzea. Nola lor dezakegu zerbait eraldatzailea herritarren bulkada ahulduz? Hori gure teilatuari harriak botatzea da. Patronala eta burgesia beti ari dira gobernuei presio egiten, gobernuek erraz egiten diete men presio horiei; baldin eta herritarrek kontrako presioa egiten ez badute. Bada beste modurik eskuinari aurre egiteko? Zer esanik ez, egungo gaiaz hara joan nahi badugu, subiranotasun politikoa eta ekonomikoa lortze bidean.

EH Bildu izan da, zoritxarrez, grebarekin bat egin duen talde politiko instituzional bakarra. Bilkide garen aldetik, harro gaude jarrera horrekin. Uste dugu, gainera, estrategia berbera bultzatu beharko lukeela beste alor guztietan, batez ere nazio askapenaren arloan. Askotan, EH Bilduren kezka da erakundeen eremuan bakarrik geratzearen arriskuaren aurrean (eta Ahal Dugu-ren azken erabakiekin bakardade sentsazio hori areagotu da), aliantzak zabaltzen eta indartzen ahalegintzea (Llotja del Mar-eko ituna, alde horretatik, garrantzitsua da). Karmelo Landak Argia-n bere buruari hau galdetzen dio: «Greba orokorrerako deialdia izan dugu, arrazoiz eta motiboz kargatua.[...] Galdera da: badago gurean, une honetan, ildo hauekin bat datorren indar politikorik?».

Ba bai, aipaturiko bakardade sentsazio hori gainditzeko, zein itxaropen dudazkoaren sentsazio hori gainditzeko, botikarik onena kontrabotere indartsu eta eraginkor bat gauzatzea da. Alde horretatik, greba honek bide emankor eta aproposa ahalbidetzen dio emantzipazio egitasmoari.

Aspaldiko partez, greba batzordeetan eta mobilizazio gune zabaletan murgilduta ibili garenok egiaztatu dugu zein eraginkorra eta transbertsala izan den grebaren antolaketa: sindikatuetako ekintzaileak, gazte prekarioak, ikasleak eta erretiratuak; era guztietako aktibista sozialak, feministak, herritar xumeak grebarekin engaiatuak, eta nobedadea: komertzio eta ostalaritzako langile eta nagusiekin, denak ahalegin komunean greba antolatzen, argudioak lantzen, norberaren erreibindikazioak txertatzen, are, konplizitateak saretzen; hitz batez, herria egiten. Zoragarria esperientzia. Azken urteetan lokartuta egon den Gutun Soziala ea hemendik aurrera herrigintzaren zutabe bihurtzen den; herri programa lantzen eta sendotzen, unean uneko erreibindikazioak indartzen eta aurrera begira burujabetza lortuko duen estrategia egikaritzen. Hala, munduan dauden arazoak ikusirik (eskuin muturraren gorakada xenofoboa, klima aldaketa, austeritatea edota nazionalismo estatalaren gorakada), duintasuna greba honen ardatz jarri izana izugarrizko aurrerapen ideologikoa iruditu zaigu.

Hitz batez, hemendik aurrera erronka izan beharko luke, alor politiko instituzionalean eta herrigintzan bat eginez, EH Bildu bezalako talde politikoek (oxala Ahal Dugu ere norabide horretan bideratzen den) eta Gutun Sozialean elkartzen direnen artean, gehi feminismoak, bakoitzak bere independentziatik, bloke sozial kontra-hegemonikoa eraikitzea; Espainiako Estatuari, PNVren hegemoniari eta Jaurlaritzari kontrabotere orokorra eraikiz. Jeltzaleek salatzen dutenean EH Bildu ELA-LABen konplize dela, gure erantzunak baiezkoa izan behar du. Eta harro gainera, gure independentziatik egindako aliantza, ez beraiek patronalarekin duten menpekotasuna bezalaxe.

Euskal Herria atzeratua dago Kataluniarekiko zenbait gauzatan. Ez ditugu ANC, Omniun, eta antzeko erakundeak, zeinak askotan (urriaren 1ean, esaterako) partidu subiranistak (eta gobernatzen dituzten instituzioak) nahi baino aurrerago joan zitezen bultzatzeko gai izan diren. Gure Esku Dago izan daiteke etorkizunean halako erakunde bat. Baina Euskal Herrian badugu Katalunian, zoritxarrez, ez duten zerbait: burujabetza sozialaren aldeko bloke eraginkor bat, nazio arazoa, soziala, feminismoa, ekologismoa eta abar uztar ditzakeena, gure herrian bizi eta lan egiten duten guztion topagune izan daitekeena. Hau da, nazio eraikuntza ezkerretik bultza dezakeena.

Azken asteetako esperientzia berritzailetik eta grebagatik, agian, baldintzatuta egonik ere (gure bizitza militantean izandako gorabeherek zuhurrak izatea aholkatzen diguten arren), aldarrikatutako udaberri gorri horretan sinetsirik gaude, baikortasun puntua berreskuratu dugularik. Egoeraren gordintasunaren aurrean zer egiterik ez dagoela diotenek ez bezala, guk dena egiteke dagoela uste dugu. Eta eginkizun hori eraikitzeko greba izugarrizko aurrerapausoa da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna