Komunitatearen biziraupen senaz

Antxoka Agirre - EHUko irakaslea

2020ko maiatzak 5

Komunitate guztiek eraiki izan ohi dituzte euren nortasun ikurrak, komunitatearen autoestimuaren pizgarri eta bereizgarri gisa baliatzen direnak. Euskaldunok ez gara gutxiago izan eta bertsolaritza izan da ibilbide luzea egin duen ikur horietako bat.

Euskal nortasun modernoa ernamuinetan zelarik, Agosti Xahok, euskal independentzia aldarrikatzen aitzindari izan zenak, prentsan argitaratutako bertsolaritzaren lehen apologia sinatu zuen (Trilby, 1844), jarraian Aitorren kondaira famatuan euskaldunen patriarka bertsolari gisa irudikatzeko (Ariel, 1845). Urte gutxira, Jose Mari Iparragirre mito bihurtuko zen euskal askatasunen kantari gisa, Xahok kondairako patriarkaz egiten zuen deskribapena haragitu balitz bezala.

Honela ekin zion Xahok bere apologiari: «Euskaldunak ditugu, egun, bat-bateko poesiagintza populuarena den Europako nazio bakarra». Eta, mende bat pasa beranduago, irudikapen horri eusten zitzaion: 1960ko Txapelketa Nagusiari Campeonato Mundial de Bersolaris deitu zitzaion prentsa guztian, bertsolaritza munduan bakarra zela adieraziz.

Egun, badakigu munduan zehar bertsolaritzaren antzeko hainbat fenomeno topa ditzakegula. Baina, hala ere, atzerriko adituak seko harrituta utzi ohi ditu hemengoak. John Foleyk, esaterako, 2005eko finalean BECen egon ondoren, bertsolaritzak daukan oihartzun sozial eta mediatikoa beste inon ez zuela ikusi idatzi zuen Oral Tradition aldizkari prestigiotsuan (Harvardek argitaratua).

Garapen singular horren atzean bertsolaritzak ikur gisa izan duen indarra legoke, hasteko. Badu zentzua euskararena bezalako komunitate ertzekotu batean bertsolaria bezalako ertzeko figura batek ikur gisa ondo funtzionatzeak.

Gabezia ere antzeman daiteke singulartasunaren atzean. Kultura modernoa inprentarekin abiarazi zen, eta nazio-estatu modernoen eskutik garatu, horien hizkuntza akademiek arautu eta eskolak nahiz hedabideek zabaldutako hizkuntza hegemonikoetan. Euskararen komunitateak, ordea, ez zuen horrelako ezer izan XX. mendera arte. Horrenbestez, XIX. mendeko lehen euskal kulturgile modernoek ezinbestean heldu behar izan zioten ahozkoari.

Campionek (Revista Euskara, 1879) euskararen ertzekotasuna eta literatura idatziaren tradiziorik eza espresuki lotzen zituen, baina ordainetan ahozko tradizioa bizi-bizia zela seinalatuz. Manterolak, bere Cancionero Vasco-an (1880), ahozkoa ikertu, garatu eta sustatu beharra azpimarratzen zuen. Edota Aitzol-ek, jada Lehen Pizkundearen gerraurreko olatu jeltzalean, Lizardi, Lauaxeta edo Orixeren olerkigintza modernista ez zela irakurtzen ikusirik, bertsolari txapelketak antolatzeari ekin zion. Fusilatu zutenean inprentarako prest zeukan eta desagerrarazi zuten lanaren izenburua La poesia popular en el renacimiento de los pueblos zen.

Idatziaren gabezia eta ahozkoaren bizi-indarraren arteko lotura hainbatetan aipatu izan da. Gutxiago erreparatu zaio bertsolaritzaren garapenean eragile horiek egindako lanaren merituari.

Esan ohi da Abbadieren Iparraldeko Lore Jokoak izan zirela euskal kulturgintza modernoaren lehen plataforma antolatua. Lore Jokoak ez zituen Abbadiek asmatu, aurretik Proventzan egiten ziren, edo Katalunian, baina berrikuntza garrantzitsua ekarri zuen: literatura idatziko lehiaketari bertsolarien lehiaketa gehitu zion. Eragile horiek bertsolaritzari garaiko jendartean kultura modernotzat ulertzen zenaren janzkera eman nahi izan zioten: Abbadiek sagardotegietatik frontoira eraman zituen bertsolariak, Campion eta Manterolak frontoitik antzokira, eta Aitzol-ek txapelketaren formatua asmatu zuen.

Ahalegin nabarmena egin zuten kultur fenomenoa modernitatean txertatzeko horren hedabideratzean ere. Iparraldeko Lore Jokoetan aldizkari baten proiektua landu zuen Duvoisinek, eta Hegoaldekoetan bertso-kronikaren generoa asmatu Manterolak. Gerraurreko eragileek euskarazko lehen irratsaiora (Euzkel Irratsaioa, 1932) edo ikus-entzunezkora (Euzkadi filma, 1933) eraman zuten bertsolaritza.

Bestalde, bertso eskolen beharraren lehen aipamenak ere egin zituzten Aitzol-ek eta Lauaxetak prentsan (Euzkadi egunkaria, 1930-1931).

Diskurtso hegemonikoak modernitatea eta etorkizuna kultura idatziarekin lotzen zituenean egin zuten euskal eragileek ahalegin hori. Alegia, korrontearen kontra igeri eginez. Baliabide gutxirekin eta kontrakoak ziren testuinguruetan egin zuten, gainera.

Gerora ere, ahozkotasuna eta modernitatearen lotura funtsezkoa izan da euskal kulturaren garapenean. Joseba Gabilondok seinalatzen duenez, Gabriel Arestiren Harri eta herri izan zen irakurlego bat izan zuen euskal literaturako lehen liburua, hain justu ahozkotasunera gerturatzeko egindako ahaleginari esker. Edota euskal kulturak masa kulturan izan duen sartu-irten nagusietako bat euskal telebistan bertsolaritzari eskainitako programa izan da.

Sei edo zazpi belaunaldik egindako ahalegin jarraituaren emaitza da Foley harrituta utzi zuen ikuskizuna. Eta ahalegin horren errepasoak euskararen komunitatearen bizi-indarraren hainbat zantzu ematen dizkigu. Euskaldunon bereizgarri eta autoestimuaren pizgarri politak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.