Kukuak makur joko dio Trumpi

2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Berriki OME Osasunaren Mundu Erakundearekin «harremanak etetea» erabaki du Trump presidenteak, erakundeak AEBek exijitutako erreformak ez egitea eta Txinaren aldeko jarrera izatea egotzita. Potentzien arteko lehiaren bertze kapitulu bat dirudi, baina hori baino gehiago da. Erabaki horretan argiki islatzen dira Trumpen administrazioak garaturiko kanpo politikaren ildo nagusiak, azken finean lortu nahi omen duenaren aurkako bilakatuko dena.

Etxe Zurirat heldu aitzin, zalantzak zeuden Trumpek ez ote zuen isolazionismoaren bidea hartuko, America First (AEB lehenik) bere konpromisoak iradokitzen zuenez. Laster, baina, Sirian aldebakartasunez bonbardaketak egiterat pasatu zen. Geroztik, bonbardaketei Twitter bidezko iragarpenak gehitu dizkio kanpo politika tresna bezala, ohiko diplomazia bigarren maila baterat alboratuz. Sarritan, logika politikorako kontraerrankorrak diren erabakiak hartu izan ditu, bere lantaldea ere nahasteraino.

Zein da, beraz, Trumpen kanpo politikaren erabakien ildo nagusia? Zein da harilkatzen duen kontakizuna? Mundu hegemonia mantendu nahi izatea ez da azalpen nahikoa; barne behar politikoei so egitea ezinbertzekoa da. 2016ko promesak betetzen hasi, zenbait sektoreren bozak mantendu eta 2020an berriz hautatua izateko moduan egotea dira bere motibazio nagusiak. Izan ere, Washingtongo azken urteotako kanpo politika hauteskunde kanpainaz geroztik nagusitu diren bi ideiaren ondoriotzat jo daiteke.

Batetik, badago Estatu Batuen aliatu tradizionalak Washingtonez aprobetxatzen direlako planteamendua, soberako zama horren bizkar gainean utziz bereziki nazioarteko erakundeen funtzionamenduari dagokionez. Horrek aldeaniztasunaren errefusa ekarri du, hainbat kasutan ikusi ahal izan denez. Horra hor NATOren finantzaketari buruz Trumpek gainontzeko kideei planteaturiko exijentziak eta bere aldebakarreko jokaera Ekialde Hurbilean. Edo errefuxiatu palestinarren babes iturri nagusia kolokan jarriz, UNRWAri 2018an finantzaketa kendu izana, Netanyahu Israelgo lehen ministroaren pozerako.

Bertzetik, badago Estatu Batuek industria sektorea berriz bizkortu behar dutelako ideia, urteotan krisiak jotako herrialdeko ipar-ekialdean enpleguak sortzen laguntzeko —eta gakoak izan zitzaizkion zonalde horretako bozak mantentzeko—. Horren ondorio zuzena Txinarekiko abiaturiko merkataritza gerra da, zeina geldiarazteko akordioaren lehen fasea sinatu zen urtarrilaren erdialdean, hain zuzen AEBetako lehen COVID-19 kasua Wuhanetik itzuli zen egunean. Seguruenik, potentziek ez zuten orduan aurreikusi ere egiten zein puntutaraino eritasun horrek haien arteko tentsioa igotzea eraginen zuen.Baina eragin, eragin du.

Izan ere, birusa munduaren fabrika den herrialdean agertu izanak Mendebalde osoaren zaurgarritasuna agerian utzi du, hornidura kate ia guztiak eta munduko sendagai ekoizpen eta medikuntza hornidura gehienak Txinaren menpekoak baitira egun. Horrek ekoizpen nazionalak sustatzearen gaiaren garrantzia areago nabarmendu du. Bertzalde, COVID-19a Estatu Batuetan eragiten ari den desmasia egiturazko arazoak—lan merkatu prekarizatua eta osasun sistemaren ahultasuna, kasurako— eta agintarien kudeaketa txarra agerian uzten ari da. Presidentetzarako hauteskundeak baino bortz hilabete lehentxeago hau ez da inolako hautagaik amestuko lukeen egoera. Hortaz, bere burutazio bikain horietariko batean, pandemia larri baten erdian Estatu Batuei eragindako kalteengatik OME zigortzea erabaki du Trumpek, kolpe bakar batez nazioarteko erakundeen baliagarritasuna mespretxatuz eta bere lehiakide nagusia jomugan jarriz. Baina epe motzeko kalkulu politiko horrek epe luzekoondorio ezkorrak ekar diezazkioke.

Hain da larria ekintza, non bazterrak harrotu dituen han-hemenka. Izan ere, Txina kaltetu baino, AEBak beraiek eta bere aliatuak kaltetuko ditu erabakiak. Barne mailan, oraino COVID-19aren astindu latza jasaten ari diren herritar estatubatuarrei mesede eskasa egiten dio neurriak, politikari demokratek zein zenbait errepublikanoek ere salatu dutenez.

Nazioarte mailan, aliatuak direnak alienatzen ditu. Bi adibide: Europako Batasunak mehatxu global baten aitzinean lankidetza indartua garatzeko eta soluziobide komunak bilatzeko tenorea dela erranez erreakzionatu du. Erresuma Batuak ere azpimarratu du OMEk erronka global honi aurre egiteko rol garrantzitsua duela. Eta bertzalde, ezin ahantzi pandemia Europa gogorren jotzen ari zelarik, Txinak mediku trebatuak eta materiala igorri zuela, eta maiatzaren erdialdean OMEren baitan pandemiari buruzko ikerketa independentea abiatzea erabakia zela. Horrelako erabakiarekin Trumpek AEBen lidergo globala ahultzen du, Txinaren mesederako: potentzien arteko lehian ez du bakarrik inporta nork irabazten duen gehien, baizik eta baita nork galtzen duen gutxien ere. Izan ere, bi herrialdeen ekonomiak elkarri loturik egonik, koexistentziarat kondenaturik daudela ematen du —afera da koexistentzia hori zein baldintzatan oinarritzen den—.

Zentzu horretan, gero eta argiago dirudi, Trumpen eskutik, AEBak beraiek lideraturiko nazioarteko ordenaren zutabeak eraisten ari direla. Izan ere, Bigarren Mundu Gerra eta gero AEBek diseinaturiko mundu ordena hiru alorretan antolatu zen, bakoitzak bere kudeaketa mekanismoa zuela: maila politikoan, Nazio Batuak eta horren sistema; maila ekonomikoan, Bretton Woodseko akordioak, GATTen errondak eta MME (Mundu Merkataritza Erakundea); eta maila militarrean, NATO erakundea. Aipatu bezala, maila horietan guztietan Washington ari da berak ezarritako joko arauak auzitan jartzen. Orduan nola eskatu gainontzeko munduko herrialdeei joko arau horiek atxikitzeko?

Pekinek argi du bere nazioarteko estrategia, eta horrekiko koherente jokatzen du denboran zehar; Washingtonek, ez, eta behar-beharrezkoa du hori aldatzea. Azaroko hauteskundeei begira, krisi ekonomikoak, polarizazio sozialak eta indarkeria arrazistak pizturiko tentsioak tokia uzten badute, kanpo politikari buruz ere badago zer eztabaidatu AEBetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.