Abertzaletasuna egokitzeko beharra

2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Klimaren aldaketak eta ingurugiroaren degradazioarekin zerikusia duten beste arazo batzuek munduaren etorkizuna arriskuan jartzen dute. Baina ez da natura galtzen dugun gauza bakarra.Planeta globalizatu batean bizi garelako, ehunka edo milaka urtetako bilakaeraren fruitua diren kulturak beraiek ere desagertzeko zorian daude. Hizkuntza askorekin, adibidez, hori gertatzen ari da.

Abertzaletasunak ez du definizio zehatzik. Mundu guztian nabaritzen da gehienek bere gizarteari dioten atxikimendua (batez ere, beste gizarte desberdin batekin topo egiten dutenean). Zerbait primarioa da, ia instintiboa. Norberaren taldearekin duen harremana erakusten du. Nazionalismoa desberdina da. XIX. mendearen hasieran sortu zen, eta aurreko faktoreari elaborazio intelektual bat gaineratzen dio.

Euskal Herriari dagokionez, bidea luzea izan da. 1766. urtetik aurrera, Azkoititik, Ilustrazioaren jarraitzaileek arrakasta handiarekin zabaldu zuten Hirurac Bat leloa. XIX. mendean karlismoak izan zuen gure lurrean eragin sakona. Hortik atera ziren beranduago foruzaleek (Laurak Bat), Iparraldearekin harremana (Zazpiak Bat) eta, azkenean, mendearen bukaeran, nazionalismoa, Jainkoa eta Lege Zarra helburuarekin. Baina XX. mendean, ideologia mota guztietako jendeari zabaldu zen. Ibilaldi horretan, erantzun kontrajarriak izan dira sarritan, nahiz eta lerro komun batzuk egon: euskara eta euskal kulturaren aldeko lana eta burujabetasunaren nahia.

Baina norberaren kultura mantentzeko ahalegin hori ez da Euskal Herrian bakarrik gertatzen. Ñabardura desberdinekin, mundu guztian planteatzen da arazo bera.

Horregatik, abertzaletasunak toki guztietan beharrezkoak dira. Maitasuna behar dugu, kultur ondare horri eusteko. Baina adimena eta zentzu kritikoa nahitaezkoak dira. Abertzaletasuna zerbait arrazoizkoa izan behar da, ez artaldearen leloa. Edozein gizarteren historian gauzaonak eta txarrak daude, argiak eta iluntasunak. Hoberena da mantendu behar duguna. Ikuspuntu horri jarraituz, abertzaletasunak demokratikoak izan behar dira. Eta, horren ondorioz, beraien artean bateragarriak.

Nazionalismo guztiek bultzatu duten estatu subiranoaren ideia zahartua dago. Europako Batasunean sartuak daudenak jadanik ez dira independenteak. Beren monetak euroari tokia utzi zioten. Arauak, esparru askotan, komunitateak onartutakoak, garatu egiten dituzte, besterik ez. Baina ez da Europaren gai hutsa. Prozedura hemen aurreratuagoa dago, bakarrik hori. Globalizazioa beste nazioei ere badagokie. Hori esanda, autodeterminazioa eskatzeak zilegitasuna du. Azkenean, erabaki demokratiko bat da. Baina euskal kasuan gaur egun ez du irtenbiderik, batez ere, Nafarroan edo Iparraldean euskal nazionalismoak gehiengoa ez duelako.

Hala ere, beste aukerak baditugu. Estatu subiranoaren papera galtzen ari den une honetan, garrantzitsuena da euskal esparru bat izatea.

Aipatu da abertzaletasunak bateragarriak izan behar direla. Euskal Herria maitatzeak ez du esan nahi Espainiari edo Frantziari uko egitea. Euskal abertzaletasuna gure herrian bizi diren guztiei eskaintzen zaien zerbait izan behar da. Batzuentzat, horrek espainiartasunarekin edo frantziartasunarekin ez du kontraesanik. Bestalde, gure artean bizi diren etorkinek, munduko hainbat tokietatik iritsitakoak, ez dute beren jatorrizko kulturaren alde onei uko egin beharrik. Euskal abertzaletasuna, beraientzat, zerbait gehitzen zaiena izaten ahal da. Ez die bere nortasuna kendu behar.

Ongi kostata, baina helburu abertzaleak Frantzia eta Espainiaren barnean lortu daitezke. Gainera, euskaltzaleek sekula ez dugu hainbeste indar izan. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan euskal nazionalistek parte hartzen dute. Iparraldean, lehendabiziko aldiz historian, administrazio publiko bat dugu: Euskal Hirigune Elkargoa.

Orain, batez ere, bizikidetasuna landu behar da. Erakutsi euskal eta espainiar (edo frantziar) abertzaletasunak bateragarriak direla.

Horretaz aparte, Euskal Herriaren arlo sinbolikoa ere zaindu eta indartu behar dugu. Ez dut ulertzen, adibidez, Zazpiak Bat armarriaren eredu komunik oraindik ez izatea. Beste sinboloekin (bandera, ereserkia, gure nazioaren izena bera eta abar) hain zaila al da adostasun zabalak lortzea? Gaur egunean Euskadi eta Iparraldeko udaletxeetan, beste banderen artean, ikurrina jartzen da. Baina Nafarroan debekatua dago. Legearen aldaketa beharrezkoa da, udalek horrela erabakitzen baldin badute, ikurrina jartzeko aukera izateko. Orduan, hiru lurraldeetan Euskal Herriaren irudi argia eta boteretsua emango genuke. Horregatik —eta baita ere arrazoi demokratikoak direla medio— lege horren aldaketa lortzea garrantzitsua da.

Bestalde, eta epe luzeagora, euskal batasuna adierazten duten instituzio ofizialak behar ditugu, nahiz eta eduki sinbolikokoak eta behe mailakoak izan.

Abertzaletasuna egokitzeko beharra aipatu dut artikulu honen tituluan. Garai oso konplexu eta aldakorrean bizi gara, eta, azkenean, eredu berdintsuetan oinarritu daitezke munduko abertzaletasun guztiak, hau da: norberaren kulturaren alde onenak mantendu etaglobaltasun demokratikoan sartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.