EAEko hauteskundeak: Naziogintzaren proposamenak

Jose Inazio Lopez de Luzuriaga, Edurne Alegria, Josu Albero, Andoni Sarriegi eta Mikel Urkola
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Trebiñu gabeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira datorren uztailaren 12an. Eta hautetsontziekin hitzordu garrantzitsu hori aintzakotzat hartuz, tribuna honetatik ezinbestekotzat jotzen ditugun eskaerak egin nahi dizkiegu euskal alderdi abertzaleei.

Lehenengo eskaera, eta garrantzitsuena, hauteskunde kanpaina honetan agenda nazionala kontuan hartzea (euskara, autodeterminazioa, lurraldetasuna, kirol selekzio nazionalak, demografia...). Guk ez dugu gutxiesten bestelako gai sozialen garrantzia, inondik inora ere (are gutxiago koronabirusaren krisi latzaren ostean), baina ezin dugu alderdi espainiarren amua irentsi («vamos a ocuparnos de los temas que de verdad preocupan a los ciudadanos, y no de la autodeterminación...») eta euskal gai nazionalak zokoratu; burujabe ez garen herri kolonizatuok estrategia suizida jarraituko genuke geure egoeraren abstrakzioa egingo bagenu; hau da, desagertzeko arriskuan dagoen nazioa garela ahaztuko bagenu.

Atalez atal zehaztuko ditugu gai horiek:

Euskara: euskararen arloan jauzi kualitatibo bat emateko garaia iritsi da. 1982ko Euskararen Legea dagoeneko zaharkituta dago: euskal gizarteak aldaketa handiak egin ditu eta egoera soziolinguistikoa ez da duela ia 40 urte izan zena. Horregatik, euskarari erabateko lehentasuna emango dion lege berri bat premiazkoa da, besteak beste, irakaskuntzan eta administrazio publikoan lana euskaraz egitea ahalbidetuko duen lege berria. Batetik, euskararen erabilera soziala helburu estrategikotzat joko duen lege berria behar da, eta, bestetik, EAEko bi hizkuntza ofizialak modu unibertsalean ezagutu beharrekoak direla arautuko duena. Eta lege berria gauzatu bitartean, euskara erabili une eta toki guztietan. Esaterako: zein legek debekatzen die politikari abertzaleei une honetan edo azken urteotan Eusko Legebiltzarrean euskara sistematikoki eta hizkuntza nagusi gisa erabiltzea?

ETBri dagokionez, ezinbestekoa da ETB1 katearen aldeko apustu irmoa egitea, baliabide gehiago kate horri emanez.

Autodeterminazioa: Gasteizko Eusko Legebiltzarrak bitan (1990ean eta 2014an)Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zuen gehiengo osoz, baina gaur arte inork ez du ganorazko ezer proposatu aldarrikapen sinboliko horretatik harago joateko, hots, asmo hura egikaritzeko. Gure ustez, alderdi abertzaleei hauteskunde kanpainan autodeterminazioaz eta independentziaz hitz egitea dagokie, eta ez soilik Aberri Egunean. Hor ditugu Quebec eta Eskoziako adibideak: Alderdi Quebectarrakautodeterminazio erreferendum bat egiteko konpromisoa hartu zuen 1994ko hauteskundeetan Quebecen, eta hauteskundeak irabazi ondoren erreferenduma antolatu zuen. Gauza bera egin zuen Eskozian SNPk 2011n: Eskoziako Gobernura iristen bazen, autodeterminazio erreferendum bat antolatuko zuela esan. Gehiengo osoa lortu zuen SNPk programa politiko horrekin, eta autodeterminazio erreferenduma antolatu zen Eskozian, 2014an.

Gure alderdietako batek proposatuko al du uztailaren 12ko hauteskundeetan gehiengo osoa lortzen badu urratsak emango dituela autodeterminazio eskubidea egikaritzeko? Espainiako estatuak ez duela autodeterminazio eskubidea onartzen erantzungo digute zuhurrenek, baina bere konstituzioaren 10. eta 96. artikuluek hori ahalbidetu egiten dute.

Bestalde, autodeterminazioa, NBEk hainbat itunetan aipatzen duen eskubide unibertsala den heinean, ez du inork baimendu behar, giza zein herri duintasunari lotua baitago, eta estatuen tresneria juridiko guztien gainetik dago.

Kirol selekzio nazionalak: bada garaia herritarrengan hain zabalduta dagoen eskakizuna, hots, gure kirol-selekzioen aitortza ofiziala, Jaurlaritzak aurrera eraman dezan, urrats praktikoak emanez eta nazioartean Euskal Herriaren markarekin lehiatu nahi duten taldeei eta federazioei bere laguntza osoa bermatuz.

Lurraldetasuna: Trebiñu gabeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Jaurlaritzak lehentasunezko harremanak garatu behar ditu Nafarroako Gobernuarekin eta Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak osatzen duten Euskal Herriko Hirigune Elkargoarekin, erakunde mistoak sortzeko. Eta Trebiñuko eta Turtziozko auziak bideratu, askotan ahazten baitzaigu EAE barruan ere lurraldetasun arazo zaurgarria daukagula. Ezin ahaztu bi enklabe horietako herritar gehienekEuskal Herriko parte izatea aukeratu nahi dutela erreferendumaren bitartez.

Demografia: jaiotze-tasa apalak gainditzeko demografiaren aldeko apustua abiatzeari behar-beharrezko deritzogu. Erronka demografikoa itzela da, eta, gure ustez, orain arte euskal alderdi abertzaleek ez diote inondik inora serioski heldu gai horri.

Euskal nazioaren garapenarekin lotutako lehen eskaera horrek bigarren eskakizunera garamatza: goiko agenda nazionala modu egokian lantzeko, ezinbestekotzat jotzen dugu hauteskundeen ondoren EAJ eta EH Bilduren arteko hurbilketa, aliantza eta itunen bidez.

Horrenbestez, bi indar politiko horiei zera eskatzen diegu: publikoki azal dezatela beren iritzia idatzi honetan aurkeztu ditugun eskakizunei buruz. Azken berrogei urteetako formulak agortuta daude, eta etsipenera garamatzate. Proposamen politiko itxaropentsuak behar ditugu, jauzi kualitatibo bat eskatzen dugu. Konpromiso zehatzak ausardiaz hartzeko garaia heldu da Euskal Nazioa izenak dituen hitzak edukiz betetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.