Bizitza duinen alde, klase-amorrua antolatu!

Eñaut Blanco Prieto eta Arkaitz López Sánchez
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Greba Orokorraantolatzen buru-belarri ari ginela hasi genuen 2020a Hego Euskal Herrian: lanen, pentsioen eta bizitza duinen defentsan, alegia. Garai hartan, borroka eta artikulazio kolektiboko ariketa hartatik hona denbora asko igaro dela dirudien arren, beste krisi kapitalista bat zetorkigula iragartzen genuen, zeinak sakonduko zukeen kapitalaren metatze-prozesua eta bizitzaren jasangarritasunaren arteko kontraesan konpongaitza.

Ezkerraldeko kaleak mobilizazio horien lekuko izan ziren, eta nabarmendu zuten gure eskualdeko herri sektoreetako eta langile klaseko gazteria ez zegoela prest prekaritatez, miseriaz eta esplotazioz jositako oraina eta etorkizuna onartzeko.

Etortzear zegoen krisiaren piztea bizkortu zuen COVID-19aren pandemiak, eta agerian utzi zuen 2007ko krisi finantzarioak eztanda egin zuenetik hainbat mugimendu sozial, politiko eta sindikalek salatzen genuena: gobernu maila ezberdinek hamarkada luzea eman zuten zerbitzu publikoak pribatizatzen eta ongizate-estatu hauskorra ahultzen. Murrizketa sozial horiek langile klasearen bizi-baldintza materialak okerragotu zituzten 2010eko hamarkadan, eta gainezka egiten ari zen osasun-sistemak artatu zuen langile klasea, geruza sozialik zaurgarrienak nabarmenki astindu dituen pandemia globalaren lehen hilabeteetan.

Azken hamarkadako lehen urteetako ziklo mobilizatzailean zehar «Ez da krisia, kapitalismoa baizik» oihukatzen genuen, eta orain, aldiz, «Ez da koronabirusa, kapitalismoa baizik»irmoki salatzea dagokigu; hau da, adierazi nahi dugu ez dela COVIDa, dominazio sistema kapitalista, heteropatriarkal eta koloniala baizik.

Hala ere, duela hamar urte hartutako bide bera hartu dute instituzioek gaur egun. Gauzak horrela, politika neoliberalak indartu eta ekoizpen kapitalista lehenetsi dute guztion osasunaren eta ongizatearen kaltetan.

Pandemiaren konponbidea esparru indibidual eta pertsonalari egotzi diote. Lotsagarria da ezarritako neurri gehienek ardura guztia soldatapeko lanaren esparrutik kanpo jarri izana. Ulertzen dugu ezohiko egoera batean beharrezkoa dela ezohiko neurriak ezartzea, baina ezin daitezke soilik langileak zamatu.

Ezarritako neurriek ez dute inongo zentzurik, langileen eguneroko jardunean esku hartzen ez bada. Neurriek ez dute ezertarako balio metroa leporaino dagoen bitartean, edo lanean, eskoletan zein unibertsitateetan segurtasun distantzia gorde ezin dugun bitartean.

Aipatutako murriztapenek neurri sozialen eskutik helduta joan behar dute. Nola berma dezake ostalariak hileroko gutxieneko diru-sartzea? Eta klase partikularretako irakasleak? Eta Glovoko langilea den autonomo faltsuak? Ez dugu airea jaten.

Ezohiko neurri horiek, neurri sozialen arrastorik ez badago, kontrol soziala areagotu eta langileak kriminalizatu besterik ez dute egiten. Bilerak mugatzeak mugimendu sozialen jarduna geldiarazten du, eta herri sareak oztopatzen ditu, zeinek krisi garaietan berebiziko garrantzia duten gure bizitzen prekarizazioa saihesteko. Klasean hogei egon gaitezke, lanean 200, metroa gainezka joan daiteke, baina ezin dugu, ordea, antolatu eta elkar zaindu? Mugimendu sozialen jarduna guztiz ezinbestekoa da gure bizitzei eusteko eta gure eskubideak defendatzeko, hainbat motatako krisiei eman behar zaien erantzunak kolektiboa izan behar duela erakuste aldera.

Ardura ez da indibiduala. Izan ere, hedabideak eta eskuinaren hainbat bozgorailu kutsatzeen igoera gazteei egozten saiatu dira. Hala ere, errealitateak geroz eta prekarizatuago dagoen gazteria erakusten digu, pandemiak eta neurri neoliberalek astindua. Osasun krisia gure eskubideak zein askatasuna murrizteko eta gure klasea, eta bereziki gazte langileria, pobretzeko aitzakia bihurtu da.

Horregatik guztiagatik, orain inoiz baino gehiago, mobilizatzea eta antolatzea dagokigu, kapitalaren eta haren zerbitzura dauden instituzioen erasoen aurrean. Tresna kolektiboak eskaini behar dizkiegu itxuraz indibidualak diren arazo horiei. Gazte askok eta askok haien lan-indarra saltzen dute isolatuta eta atomizatuta (Glovo eta Amazoneko banatzaileak, tabernariak, zaintzaileak, klase partikularretako irakasleak, eta abar), sindikatzeko aukerarik gabe, edo negoziazio kolektiborako aukera oso murritzarekin. Harian-en, lanean dihardugu Ezkerraldeko gazte langileriarentzako tresnak sortzeko, klase elkartasunerako tresnak, hain zuzen ere, gehiegikeria estrukturalei era kolektiboan erantzun diezaiegun.

2020a hasi bagenuen ezberdinen arteko antolakuntza eta artikulazio politikoa erraztu zuen grebarekin, 2021a hasiko dugu mobilizazio, protesta eta salaketarekin, herri sektoreen atsekabea klabe emantzipatzailean antolatuz. Indibidualismoaren, neurri neoliberalen eta gure klasearen aurkako etengabeko erasoen aurrean, amorrua klabe antikapitalista eta feministan antolatzea beste aukerarik ez dugu, zapaldutako sektore anitzek partekatutako eta adostutako etorkizun eraldatzailerantz abiatzeko asmoz.

Pandemiaren, esplotazioaren eta prekaritatearen aurrean, antolakuntza eta borroka! Ardura ez da indibiduala. Amorrua antolatu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.