Toni Comin. Europarlamentaria

«Europaren irizpide demokratikoa mailaz jaisten ari da Espainia»

Espainiaren presioetara makurtu da Europako Parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordea, Cominek dioenez, eta hala azaldu du Ponsatiri, Puigdemonti eta berari immunitatea kentzearen alde bozkatu izana.

BERRIA.
Julen Aperribai.
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Auzi Juridikoen Batzordearen erabakia baloratzeko agerraldiaren ostean hitz egin du Toni Comin (Bartzelona, 1971) Kataluniako Osasun kontseilari kargugabetuak BERRIArekin. Atsekabez jaso du erabakia. Ez du baztertzen, immunitateari eusteko, Europako Justizia Auzitegitik edo Belgikako beste epaitegiren batetik igaro behar izatea.

Suplikatorioari buruzko bozketaren emaitza esperotakoa zen. Horrek leundu al du kolpea?

Ez gaude harrituta, baina horrek ez du esan nahi eskandalizatuta ez gaudenik. Europako demokraziarentzat egun beltza izan zen atzokoa [herenegungoa]. Ustekabekoa ez izateak ez digu galarazi behar egoeraren larritasuna ikustea. Espainiako alderdi handiek Europaren izen ona galbidera daramate, eta hori berretsi zuen atzoko bozketak. Ez gara soilik Kataluniako kontu batez ari; Europak jazarpen politikoaren aurrean duen tolerantzia mailaz eta isiltasunaz ere ari gara. Dilema zail baten aurrean dago Europa, eta aukeratu egin behar du: demokrazia edo Espainia. Espainiaren deriba autoritarioaren aurrean isiltzea eta demokrazia babestea bateraezinak dira, eta kasu honetan okerreko aldera erori da.

Irizpide politikoak lehenetsi dira, judizialak lehenetsi ordez?

Guk argudio juridikoak jarri ditugu mahai gainean, baina, horiek lehenetsi ahal izateko, ezinbestekoa da eurodiputatuek auzi honi kultura demokratiko batetik begiratzea. Ikuspuntu horretatik, guk aurkeztutako argudio juridikoak aitzakiarik gabekoak dira. Zuzenbide estatuarekin eta eskubide sozial eta politikoekin konpromisoa baduzu, gure auzian izan diren irregulartasunei ezin diezu ez ikusiarena egin. Abstentzioaren alde egiteko arrazoirik ere ez dago.

Espainiako eurodiputatuen presioa salatu duzue. Erabakigarria izan da?

Gure auziaren prozeduran irregulartasun argiak izan dira: Espainiako diputatuen gehiegizko ordezkaritza, batzordeko presidentea Ciudadanosekoa izatea, txostenaren egilea eskuin muturrekoa eta Voxekoen laguna izatea... Eta, bestalde, PPk, PSOEk eta Ciudadanosek presio handia egin diete batzordeko diputatuei. Presio horrek Europako Parlamentua Espainiako estandarretara arrastatu du. Europak Espainia parametro demokratikoetara eraman beharrean, alderantzizkoa gertatzen ari da: Europaren irizpide demokratikoa mailaz jaisten ari da Espainia. Europak mundu mailan duen erreferentzialtasun demokratikoa oso kaltetua geratzen ari da, Kataluniako auziaren eraginez.

Immunitatea kentzearen aurkako zortzi boto izan dira, hala ere. Espero daiteke osoko bilkuran emaitza bestelakoa izatea?

Ezezkoak eta abstentzioak zenbatuz gero, hamar lagun dira: batzordearen %40. Azken unera arte borroka egingo dugu emaitza ahalik eta onena izan dadin guretzat. Botoetan irabaztea oso zaila da, baina horrek ez du esan nahi garaipen politiko bat lortu ezin dugunik. Auzi Juridikoen Batzordean hiru orduz Kataluniako auziaz hitz egitea bada aurrerapauso bat, eta atzoko bozketaren emaitza ez da Espainiako alderdiek nahi luketena bezain gure aurkakoa.

Talde parlamentario nagusiek erabakia berretsiko dutela espero da. Taldeen barnean izan daitezke boto desberdinak?

Ziur nago baietz. Prentsak identifikatua du datu bat: batzordearen barruan hasiera batean alde bozkatzea espero zutenak hemezortzi ziren, baina aldeko botoak hamabost izan ziren. Horrek esan nahi du talde parlamentario nagusietako zenbaitek kontra bozkatu zutela. Hori errepikatu daiteke osoko bilkuran.

PSOEk ere esan du suplikatorioaren alde bozkatuko duela. Zer ondorio izango luke horrek Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanean?

Gure uste okerrena baieztatuko luke. Presidente izendatu zutenean, Pedro Sanchezek esan zuen Kataluniako auzia desjudizializatu beharra zegoela, eta duela gutxi onartu zuen [Espainiako] Estatuak akatsak egin zituela auzi horretan. Baina ematen du akatsetan berrestea erabaki duela, suplikatorioaren alde egiteak politikaren judizializazioaren alde egitea esan nahi baitu. Hortaz, Kataluniako Gobernuak Madrilekin izan beharreko harremanak oinarri horretatik egin behar dira.

Europako Justizia Auzitegira jotzeko prest zaudetela esan duzue. Parlamentuan izango ez duzuen babes judizialik lor dezakezue han?

Aukera badagoela uste dugu, irregulartasunak oso handiak eta agerikoak direlako. Oinarrizko arrazoi juridikoak nahiz prozesuan izan diren irregulartasun formalak oso larriak dira, eta uste dut badagoela aukera auzitegiek horiei erreparatzeko. Saiatuko gara mahai gainean jartzen beste instantzietan kontuan hartu ez diren argudioak.

Auzitegi horrek Europako Parlamentuaren kontra egiteak zer esan nahiko luke?

Luxenburgoko auzitegiak parlamentuaren erabakia atzera botako balu, oso kolpe gogorra izango litzateke Europako Parlamentuarentzat eta demokraziaren ordezkari modura duen izenarentzat.

Aldiz, kontrakoa gertatuko balitz, agerian geratuko lirateke independentismoak Europan bere jarduna zilegitzeko dituen zailtasunak.

Auzitegiaren mezua izango litzateke gure kontra egin diren eskubide urraketak ez direla parlamentuari kontra egiteko bezain gogorrak izan. Baina, edonola ere, gure Bruselako lana ez luke ezertan aldatuko. Belgikako Justiziak izango luke azken hitza, baina lehenago ere oso modu esplizituan azaldu izan du zer gertatzen den Espainiako Justizian.

Baliteke Belgikako Justiziak zuen estradizio eskariak aztertu behar izatea. Lluis Puig kontseilari ohiarena atzera bota izanak balio dezake aurrekari moduan?

Kasu horretan, auzitegiak lehen instantziako epaileak emandako arrazoietako bat izan zen Gorenak ez zuela eskumenik, eta horrek balio du guretzat ere. Ondoren, apelazio auzitegiak berretsi egin zuen ebazpena, eta, bigarren argudio bat erantsi zuen: Espainian bidezko epaiketa bat izateko bermerik eza. Adierazi zuen ez dela errespetatzen errugabetasun presuntzioa. Argudio hori automatikoki aplikatu daiteke gure kasuan ere. Euroaginduari aurre egingo genioke, jakinda guretzat baliagarriak diren argudio berberak aintzat hartu dituztela aurreko kasu batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.